Iraitz Mateo

Nadezhda Krupskaia estreinakoz euskaraz ‘Herriaren hezkuntza eta demokrazia’ liburuan

Sobietar Batasunak hezkuntza sistema berri bat ezarri zuen 1917ko iraultzaren ostean. Baina aspalditik ari ziren zenbait gogoeta egosten. Horietako batzuk Nadezhda Krupskaiaren eskutik etorri ziren, eta egun euskaraz irakurri daitezke ‘Herriaren hezkuntza eta demokrazia’ liburuan.

Garagarza eta Azkargortak batera idatzi dute liburuaren hitzaurrea.
Garagarza eta Azkargortak batera idatzi dute liburuaren hitzaurrea. (Gorka Rubio | FOKU)

Nadezhda Krupskaia lehen aldiz euskaraz irakurri ahal izango da, ‘Herriaren hezkuntza eta demokrazia’ liburua itzuli baitu errusieratik zuzenean Leire Azkargortak Katakrak argitaletxearen eskutik. «Ez da oso liburu luzea, baina oso itzal luzea du zentzu askotan», aipatu du asteazken honetako aurkezpenean Hedoi Etxartek. Izan ere, autore askoren erreferentziekin osatutako «mosaikoa» da Krupskaiak hezkuntzaren inguruko bere iritzia plazaratzeko erabilitako modua.

1915ean idatzi zuen, iraultza baino lehen, baina 1917ko otsailean argitaratu zen. Iraultza horrek gizateriaren historia aldatu zuela nabarmendu du Etxartek, eta aldaketa horietako bat Sobietar Batasunak eraikitako hezkuntza sistema berria izan zela. Katakrakeko editorearen ustez, oso interesgarria da iraultza gertatu aurrez idatzitako liburua izatea, «hezkuntza sistema hori diseinatu zuenetako batek iraultza baino lehen zer ikuspegi zuen jasotzen delako».

«Aberatsa» da liburua Etxarteren ustez, batetik hezkuntzaren historia jasotzen duelako, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendean zehar hezkuntzaren eta irakaskuntzaren inguruan izan ziren eztabaida asko jasotzen direlako. Eta bestetik, «erudizioa» ere badagoelako, izen handiko filosofo eta pedagogoen gogoetak. «Irakurketa politiko bat dago, zentzu partidista batean», zehaztu du editoreak.

Liburuan nabarmena den ezaugarrietako bat Krupskaiaren irakurzaletasuna dela adierazi dute. Izan ere, erreferentzia eta gogoeta askoz osatutako «mosaikoa» da aurkeztu berri den liburua. Aditu askoren gogoetak biltzen ditu, eta ondoren, bera zertan dagoen ados, zertan desados edota gai horren inguruan bere iritzia plazaratzen du idazle moskutarrak.

Iraultza garaiko gogoetak

Aitor Garagarza arduratu da hitzaurrea idazteaz itzultzailearekin batera. Eta asteazken honetako aurkezpenean gaur egungo Euskal Herrira ekarri nahi izan ditu liburuan lantzen diren hainbat gako. Krupskaiak plazaratzen dituen hausnarketa batzuk «gaurkotasun osoa» dutela azaldu du Garagarzak: «Adibidez, lan indarraren eta lan intelektualaren arteko dikotomia hori nola hautsi eta nola sortu pertsona askeak, balore askatzaileekin? Eztabaida hori egun badago, garai hartako liburua oso oinarritua zegoen jendarte zehatz batean, baina gaur egun eztabaida hori nola eman daiteke? Lan indarra eta lan intelektualaren arteko banaketa hori eskoletan ematen da?».

Iraultza batek izan ditzakeen kontraesanak ere azaltzen dira liburuan. «Batzuetan iraultza oso modu kristauan ulertzen dugu» kritikatu du Garagarzak: «Hezkuntza ere idealizatzen dugu: hezkuntza on bat lortzen badugu mundua ideala izango da. Ba ez, kontraesanak egongo dira eta kontraesan horietatik jarraituko dugu aurrera».

Azkargorta, itzultzailea, pozarren agertu da liburuarekin. Bere hizkuntzarik gustukoenetik, errusieratik, zuzenean euskarara itzultzea «ohorea» izan dela azpimarratu du. Hainbat zailtasuni aurre egin behar izan die, ordea. Batetik, bere garaiko errusieran idatzita zegoen Krupskaiaren lana, eta egungo euskarara termino horiek zuzen ekartzea ez dela lan erraza izan azaldu du. Bestalde,  erreferentzia asko erabiltzen dituenez, beste hizkuntzetan aipu asko zeudela kontatu du, eta horiek ere behar bezala ekarri behar izan dituela euskarara.

Krupskaiak zentsurari ere aurre egin behar izan ziola 1915ean kontatu dute, eta horren isla ere utzi nahi izan dutela itzulpenean: «Langile klasea erabili beharrean, langile demokrazia erabiltzen zuen berak, hori nola itzuli pentsatzerakoan, zentsurarekin itzultzea erabaki genuen, baina oin-oharretan azaltzen dugu».

Baina nor zen Krupskaia?

Garagarzak Bilboko Hezkuntza Fakultatean egiten zuen lan, eta lankide bati emakume ezezagun baten posterra ikusi zion, nor zen galdetutakoan ezagutu zuen Nadezhda Krupskaia. Hezkuntza fakultateetan autore asko lantzen diren arren, ez zuten lantzen Krupskaia eta ezagutzera emate aldera bildu zen Azkargorta eta Katakrakekin. «Espero dugu behar duen tokia emango diogula liburu honekin, akademian emakume langileak landu behar dira, garrantzia praktiko eta teorikoa du aferak».

Sobietar iraultzan eta iraultza ondorenean «erabakigune garrantzitsuetan» egon zen Krupskaia, baina hala ere Moskun bertan jende gutxik ezagutzen duela aitortu du Azkargortak. Izan ere, denbora tarte batez bertan bizi izan zen itzultzailea, eta ingurukoei zer zekiten galdetzerakoan askok ez zekiten nor zen. «Sobietar hezkuntza jaso zutenek idolotzat dute, baina belaunaldi horretatik behera ezezaguna da. Ezagutzen dutenek, Leninen emazte izan zelako ezagutzen dute, eta hori da injustuena».

Hala ere, hirian «presente» dagoela kontatu du, badituela leku esanguratsuak, baina zalantza du hezkuntzaren inguruko bere gogoetak ea zein puntura arte gogoratu nahi dituzten sobietarrek.