Tolosako Asuncion Klinikako langile guztiak kontuan hartuko dituen osasungintza publiko bat defendatzeko elkarretaratzea egin dute ostegun honetan LAB eta ELA sindikatuek, langile batzordea osatzen dutenak.
Salatu dutenez, Lakuako Gobernuak 2019an Tolosan ospitale publikoa eraikiko zuela erabaki zuenetik, «eman diren pausoek eta ospitalaren etorkizunak hartu duen norabideak, kezkaz betetzen gaituzte bertako langileak».
Lakuak ospitale publikoa nolakoa izango den defnitzen duen Plan Funtzionalari erreparatuta, sindikatuen arabera «argi ikusten da ez dituela inguruko eskualdeetako ospitaleek dituzten zerbitzuak izango. Populazioz oso antzekoa den Debagoienako ospitaleak dituenak adibidez. Orain gutxi Sagarduik osasun batzordean ospitale berriaren plan funtzionalari buruz egindako adierazpenek berresten dute esandakoa».
«Tolosaldeko alkateek, Asuncion ospitaleak orain ematen dituen zerbitzu batzuk ematen jarraitzeko aukera ere mahai gainean jarri dute. Alkateek Asuncion publifikatzeko eskariari Sagarduik muzin egin ondoren, Tolosaldeko osasungintza guztiz publikoa ez izatea du Eusko Jaurlaritzak helburu. Eraiki nahi den ospitale berriko langile denak publikoak izango diren bermerik ere ez du ematen plan funtzional horrek eta garbitzaile lanak egiten dituzten langileen inguruan adibidez ez da ezer aipatzen», adierazi dute ELAk eta LABek.
Bestalde, plan funtzionalak langileekin zer gertatuko den ez duela argitzen eta hau ez dutela argitu osasun batzordean salatu dute. Tolosako udalean langileen ordezkariek izandako bilera batean ere, ospitale berrira subrogatuak izateko eskaera ez dute ontzat eman. «Azken hamarkadetan Asuncioneko langileak izan gara herritarrak artatu ditugunak», deitoratu dute, «zailtasun ugariren aurrean, profesionaltasunez eta arduraz lana eginez». «Eskualdeko ospitale funtzioa bete dugu, nahiz eta funtzio hori betetzeko, beste eskualdeetako ospitale publikoak baino baldintza okerragoetan lan egin behar izan», gaineratu dute.
Hortaz, EAJ eta EH Bilduri, batetik, zerbitzu guztiak izango dituen osasungintza Tolosaldean, %100ean publikoa izatea eta Asuncion Klinikan lan egiten duten langileak subrogatuak izatea eskatu diete. Gainera, zentzu horretan mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute.