NAIZ

Meteorologo bereziak, alerta klimatikoaren berri emateko

Nazio Batuen Erakundeak alerta klimatikoaz ohartarazteko kanpaina abiatu du. Umeak berriemaile lanetan jarri ditu 2050eko parte meteorologikoak ematen eta gaurtik aurrera mundu osoko hainbat herrialdetan emango dituzte bideoak.

Kanpaina berezia abiatu du Nazio Batuen Erakundeak: 2050ean egin lezakeen eguraldiaren simulazioa egingo duten parte meteorologikoak, ‘eguraldiaren haurrek’ eskainitakoak. 80 herrialde baino gehiagotan telebistan emango dituzte gaurtik aurrera, berotze globalaren larritasunaz kontzientziatzeko. Bideoak ingelesez, frantsesez eta gazteleraz sortu dituzte.

«Eskolak itxi dituzte gehiegizko beroagatik, suteek hiriak osorik erre dituzte eta uholdeek dena busti eta egoera tamalgarrian utzi dute», dio bideoetan ‘etorkizuneko meteorologo’ horietako batek. Ekimenean Michekke Yeoh, Nikolaj Coster-Waldau eta Connie Britton Nazio Batuen Garapenerako Programako borondate oneko enbaxadoreek ere parte hartu dute, erakundearen komunikatu baten arabera.

Aktoreak dia biak ala biak: Yeohek Oscar saria irabazi zuen iaz eta Coster-Waldau ezaguna da Jaime Lannisterren papera egiteagatik ‘Game of Thrones’ telesailean.

Nazio Batuen Garapenerako Programak (PNUD) eta Munduko Meteorologia Erakundeak (NBEren klima agentzia) babestutako kanpaina da. Helburua, PNUDek nabarmendu duenez, mundu osoko jendarteak klima aldaketaren eraginari buruz duen kontzientziazioa areagotzea eta herritarrak mobilizatzea da, arazo horren aurkako borrokan esku hartu dezaten, etorkizuneko belaunaldiei laguntzeko.

«Buletin meteorologikoak fikzioa dira oraingoz, baina erabakigarria da gure seme-alabei utziko diegun planeta babesteko lan egitea, etorkizuneko belaunaldiei egungo krisi klimatikoaren ondorioak arinduz», nabarmendu du Yeohek. «Klima aldaketa gure belaunaldiaren erronka da, eta ez dut haren aurka ezer egin gabe geratu nahi», azpimarratu du aktore daniarrak.

Kanpaina Munduko Meteorologia Eguna (martxoak 23) ospatzen den astean abiatu dute. Kopenhageko klimari buruzko ministroen bilera ere aste honetan izan da, hots, Dubaiko COP28tik ingurumen agintariek egiten duten lehen topaketa handia.

Era berean, MMEk 2023ko klimari buruzko txostena aurkeztu du aste honetan bertan. Emaitzek baieztatu dute erregistratuta dauden 174 urteen artean beroena izan zela iazkoa, eta klima aldaketa «gizateriaren funtsezko erronka» bihurtu dutela, Celeste Saulo idazkari nagusiaren arabera.

PNUDek aldaketa klimatikoaren aurkako mobilizazio kanpaina gehiago egiteko asmoa agertu du Belengo (Brasil) COP30erako geratzen diren ia bi urteetan; izan ere, berotze globalaren aurkako gobernuaren ekintzen beste bultzada handi bat espero da, Parisko Akordioaren hamargarren urteurrenean.