NAIZ
Iruñea

Nafarroako Merezimenduen Dekretuak «euskaldunak erabat mespretxatuko ditu», Kontseiluaren ustez

Ostegun honetan Nafarroako eragile sozialen eta osasungintzaren ordezkariek, norbanako ezagunekin batera, agerraldia egin dute Merezimenduen Dekretuaren eduki kaltegarrienak salatzeko. Dekretuak euskararen gainetik jartzen ditu alemana, frantsesa eta ingelesa.

Kontseiluaren agerraldia, Merezimenduen Dekretuari buruzko iritzia emateko.
Kontseiluaren agerraldia, Merezimenduen Dekretuari buruzko iritzia emateko. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Datozen asteetan Nafarroako Gobernuak Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretua onartuko du, Merezimenduen Dekretua izenez ere ezaguna. Arau honek Nafarroako ehunka lanpostutan euskararen ezagutza meritu gisa baloratua izatea ere debekatuko du.

Dekretu honen eduki kaltegarrienak salatzeko, Nafarroako eragile sozialen eta osasungintzako langileen 60 ordezkari baino gehiago elkartu dira, pertsona ezagunekin batera, Iruñeko San Frantzisko Eskola Publikoan. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, Irune Tubia Osasunbideako medikuak eta Oier Sanjurjo Osasunako futbolari ohiak irakurri dituzte adierazpenak.

Eskisabelek oroitu du «Euskalgintzaren Kontseiluak aspalditik bizi duela kezkaz Nafarroako administrazioko lanpostuetan euskara jakiteari emango zaion garrantzia zehaztuko duen dekretua. Horren erakusgarri da duela bi urte, Iruñean, ‘Herritarrak ez gutxietsi. Eskubideak guztiontzat’ lelopean egindako manifestazio jendetsua».

Ordutik, hainbat izan dira Nafarroako jendartean asmo horren aurka agertu diren iritzi eta ekimenak, Euskararen Nafar Kontseiluaren irizpena horren adibide. Orain, euskara inola ere baloratu gabe eta hizkuntza eskubideen bermeari bizkar emanda lanpostu ugari bete diren bi urteren ostean, berriro ere Merezimenduen Dekretua onartzeko asmoa adierazi du Nafarroako Gobernuak.

«Berezko hizkuntza den euskara babesteari uko»

«Nafarroako jendartearen multzo zabalaren borondate eta eskubideak bazter utzita, euskara eta euskaraz ardazten diren nafarrak mespretxatuko ditu Dekretu honek azken zirriborroetan jasotzen den bezala onartzen bada. Izan ere, euskara ez da meritutzat hartuko eremu misto izendatuko lanpostu zerrenda luzean, alemana, frantsesa eta ingelesa aintzat hartuko diren bitartean», agertu du kezkaz.

«Azken batean, dekretu honek aurrera egiten badu Nafarroako Gobernuak bere betebeharretako bat egikaritzeari utziko dio: berezko hizkuntza den euskara babesteari. Okerrago, euskaraz ardazten diren milaka nafarren existentzia bera ukatuko du, neoliberalismo linguistiko hutsean amilduz, eta Nafarroako gizarte kohesioa galgatuz», salatu du Eskisabelek.

Osasunbidean, bereziki larria

Irune Tubia Osasunbideako medikuak erantsi duenez, «bertako langile multzo zabal baten artean ere kezka piztu du argitaratzear den Dekretuak. Legeak ezarritako eremu misto deritzonaz ari garela, ezin dugu ahaztu Foru Komunitate osoko biztanleentzako diren zerbitzu zentralak ere hemen daudela kokatuak eta, hortaz, nafar guztiei eragiten dieten neurriak direla honakoak. Baina hortik harago, euskararen ezagutza Nafarroa osoan ez baloratzeak, hizkuntza eskubideen aitortzari ez ezik, herritarren osasun eta segurtasunari egiten die kalte», ohartarazi du.

Oier Sanjurjo Osasunako futbolari ohiak adierazi du «azken egunotan pozak hartuta» ibili direla Nafarroako euskaldun eta euskaltzaleak. «Korrikan parte hartu duen jende oldearen bidez berriro ere ikusi dugu. Geure gorputzetan sentitu dugu nafarren gehiengoak bat egiten duela euskarak eta euskaldunon komunitateak behar duen arnasarekin».

Azaldu duenez, oraindik garaiz daude Dekretua gelditzeko. Horregatik, bestelako bide bat hartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. «Hain justu, Korrikaren bidez islatu den hizkuntzen berdintasunaren aldeko gehiengo horri kasu egiteko, eta, ondorioz, euskara eta euskaldunen komunitatea aintzat hartuko dituen politika publikoak egiteko; nafar guztien eskubideak bermatuko dituen dekretu bat osatzeko».