Iraitz Mateo

Anne Hebert eta Giorgos Seferis, Munduko Poesia Kaieren 49. eta 50. aleak

Quebecetik eta Greziatik datoz Susaren Munduko Poesia Kaieren udaberriko bi aleak. Anne Hebert eta Giorgos Seferis poetak euskaratu dituzte Aiora Jakak eta Maite Lopezek, hurrenez hurren. Bi poetak oso ezberdinak izanagatik, bietan dute garrantzia berezia sinboloek.

Aiora Jaka eta Maite Lopez arduratu dira udaberriko Poesia Kaierak itzultzeaz.
Aiora Jaka eta Maite Lopez arduratu dira udaberriko Poesia Kaierak itzultzeaz. (Jon Urbe | FOKU)

Zenbaki borobilen eta ospakizunen urtea da Susako Munduko Poesia Kaierentzat aurtengoa, hamar urte bete baitzituen ostegun honetan, eta ostiral goizean 49. eta 50. liburukiak aurkeztu dituztelako. Anne Hebert itzuli du Aiora Jakak eta Giorgos Seferis Maite Lopezek; pozarren agertu dira biak.

Isabel Etxeberriak egin du aurkezpeneko sarrera, eta kontatu du bi idazleak «elkarrengandik ezberdin xamarrak» direla. Quebecekoa da Hebert eta frantsesez idazten du, eta poeta greziarra, berriz, Seferis; idazkeran ere ezberdinak direla aurreratu du, baina badutela nolabaiteko lotura bat: «Biengan du sinbolimoak eragin handia».

Jakak aitortu du «lekuz kanpo» sentitu dela poesia itzultzen, lehenago ez baizuen egina, baina erronka gisa hartu duela kontatu du eta pozik dago orain. Quebecen bizi zela iritsi zitzaion proposamena, hasiera batean «literatura autoktonoan» jarri nahi zuen arreta, baina tradizionalki ahozko literatura izan dutenez, ez zuen topo egin Euskal Herriratzeko egokia izan ziteken autorerik, horregatik jo zuen Hebertengana. Prosan idatzita zuena ezagutzen zuen, eta poesian egindako lanak bilatzen hasi zen. «Prosan idazkera iluna zuen, zakar puntu batekin, deseroso sentiarazten zaitu», baina interesa pizten zioten gaiak lantzen zituen. Liberazioa bilatzen duten emakumeak izan ohi ziren bere protagonistak, «ez ziren emakume heroikoak, baina ezta biktimak ere», azaldu du.

Haurra zelarik tuberkulosia diagnostikatu zioten Heberti, eta gela batean igaro zituen bost urte, gerora jakin da diagnostiko hori faltsua zela. Hala ere, inprospekziorako gaitasuna eman zion itxialdi horrek, eta bere lanetan eragin handia duela esan du itzultzaileak.

Idazkerari dagokionez, «soila eta apaindurarik gabea» dela kontatu du, eta «esan gabeko biolentzia» eta «munduaren edertasuna» islatzen dela bere lanetan, «bien arteko norgehiagoka, edo bien arteko loturak» jartzen omen ditu parez pare. Bost poesia liburu ditu argitaratuta quebectarrak, eta guztietako poesiak bildu dituzte kaieran; bigarren liburuko poesia guztiak («Heberten obran gailurra»), 27ak daude jasota.

Omeroren isla

Lopezek Seferis itzultzea «ohore hirukoitza» izan dela aitortu du aurkezpenean. Miresten duen poeta delako, Munduko Poesia Kaieraren bat itzultzea bere ametsa zelako, eta 50. alea itzultzea egokitu zaiolako. Ardura handiz itzuli duela azaldu du: «Berak itzulpenak artelan gisa ulertzen zituen, horrek arduraz egitera bultzatu nau, berak zuen zorroztasuna mantentzeko ahalegina egin dut».

Gazterik erbesteratu zen Seferis bere familiarekin batera, eta horrek bere lanean eragin handia izan zuela adierazi du itzultzaileak. 63 urterekin iritsi zen bere literatura ibilbidearen gailurra, Nobel saria irabazi zuenean.

Mundu klasikoa eta greziar mitoak miresten zituen Seferisek eta bere lanetan oso presente daudela kontatu du Lopezek: «Omero asko erabiltzen duen figura da, itsasoa ere ia poesia guztietan ageri da, Iliadako eta Odiseako itsaso ardotua agertzen da». Itzultzailearen ustez, poetaren helburua bi munduak elkartzea izan da, iragandakoa eta bere garaikoa.

«Nostosa da ageri den beste gaietako bat, itzulera. Itzulera fisikoaz gain joan den denborara itzultzea, haurtzaroko garaira, oroitzapenetara, jaioterriaren nostalgiara», zehaztu du. Sinbolismoa asko erabiltzeaz gain, bere estiloaren beste ezaugarrietako bat hizkerarena da: «Herriko hizkera erabiltzen du, jendeak egunerokotasunean erabiltzen duena. Eta hala ere hausnarketa sakonak plazaratzen ditu».