Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Emakumeen kartzelan hildakoak, non ote daude?

Askok ez dakite gaur egun El Carmelo Ikastetxea dagoen eraikinak, erregimen frankistak eratuta, emakumeen kartzela hartu zuela 1939tik 1947ra bitartean. Ospitale kartzela izan zen hainbat hilabetez eta Zornotzako Emakumeen Espetxe Zentrala, ondoren.

Zornotzako hilerrian 51 gorpu aurkitu dituzte oraingoz.
Zornotzako hilerrian 51 gorpu aurkitu dituzte oraingoz. (NAIZ)

Hamar urte baino gutxiagoz funtzionatu zuen emakumezko preso politikoak eta haien seme-alaba txikiak giltzapean izateko zentro gisa. Hala ere, 42 andre eta bi urte ere bete gabe zituzten 6 ume hil ziren bertan.

Hildakoen erregistroa badago ere, ez dago gorpuak nora eraman zituzten zehazten duen dokumentaziorik. Alberto Sampedro Euskal Prospekzio Taldeko kidearen arabera, baliteke senideek gorpuak eskatu izana eta haien jatorrizko herrietara eraman izana.

Baina ez du uste horrelakorik jazo zenik. Izan ere, espainiar Estatuko toki ugaritatik ekarritako emakumeak ziren presoak, hala nola Badajoz eta Malagakoak. Kontuan hartuta gehienak baliabide ekonomiko askorik ez zuten familietakoak zirela, litekeena da kartzela bera arduratu izana gorpuez, senideek ez zeukatelako jaioterrira bueltan eramateko aukerarik.

Hori dela eta, hilerriko indusketa lanak hasitakoan emakume horien gorpuak aurkitzeko esperantza zeukaten Sampedrok zein Herrastik. Lehen fasean behintzat, ordea, ez dituzte aurkitu. «Baldin badaude, topatuko ditugu», esan du ziurtasunez Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak.

Dokumentazio gutxi dago Zornotzako emakumeen kartzelaren inguruan, baina dagoena Ascension Badiolak jaso zuen ‘Individuas peligrosas’ liburuan. Bertan daude hainbat zerrenda, baita Tomasa Cuevas presoak jasotako testigantzak ere.

Hark egindako lanari esker dakigu presoek 40 zentimetroko zabalera zuten lastairetan lo egiten zutela eta mila emakume inguru izatera iritsi zirela. Hala ere, askoz ere preso gutxiago hartzeko prestatuta zegoen.

Gainezka zegoen kartzela, eta bizi baldintzez kexu ziren presoak, besteak beste, jateko ematen zietenaz, kopuruaz zein kalitateaz. Baldintza kaskarrak izanik, ez da harritzekoa sei ume hiltzea bertan, lau eta 22 hilabete bitartean zituztela, haien amen besoetan eta medikuen arretarik gabe, askotan.