Traineruen Kluben Elkartea (TKE) Bermeoko Arrantzaleen Museoan bildu da 2024ko Ohiko Batzarra egiteko. Hantxe, onartu egin dituzte 2024 denboraldiko egutegiak eta aurrekontuak, eta horrekin batera harrobiko arraunlari kopuruarekin beste erabaki garrantzitsu bat onartu da.
Izan ere, hurrengo urtetik aurrera, Eusko Label eta Euskotren Ligetako traineruek orain baino harrobiko arraunlari bat gehiago ontziratu beharko dute estropada bakoitzean. Alegia, 2025ean lau, eta 2026ean, bost. Cabok egin du proposamena eta hamar aldeko boto jaso ditu eta kontrako bi, Bermeo Urdaibai eta Zierbenarenak.
Orain arte, 2024 denboraldia barne, hasierako arraunlarien zerrendek gutxienez hiru baldintza hauetako bat bete behar zuten: 7 arraunlari propio izatea eta, horietatik 3 harrobikoak; 6 arraunlari propio edukitzea eta horietatik 4 harrobikoak; edo, 5 arraunlari propio izatea eta 5 harrobikoak.
Arau horren gainean aurkeztutako aldaketa-proposamena onartuta, 2025etik aurrera hamaikakoek honako baldintza hauetako bat bete beharko dute: 7 arraunlari propio edukitzea eta horietatik 4 harrobiko arraunlariak izatea, edo 6 arraunlari propio eduki eta horietatik 5 harrobikoak izatea.
ETBko kameren aurrean, filosofia ezberdina duten bi taldeko ordezkarik beren iritzia eman dute. Frantxis Gonzalez-Etxabarri Hondarribiko ordezkaria erabaki honekin alde agertu da. «Gure harrobiko filosofiarekin bat dator. Denok lagundu behar dugu arraunlarien zakua betetzen eta denok badugu ardura bat horretan», adierazi du.
Kontrako aldean, Naroa San Millan Bermeoko ordezkaria agertu da. «Guk uste dugu harrobikoak egotea ondo dagoela, baina kupoa jartzearena eta egotearena ez dugu ikusten», azaldu du.
Egutegia
Eusko Label eta Euskotren Ligak ekainaren 29an hasiko dira Coruñan, eta Galizian lau estropada jokatuko dira guztira. Aurten, Coruñan jardunaldi bakarra jokatuko da. Ekainaren 30ean, ordea, Bueun egingo da estropada. Gogoratu behar da iazko lehen estropada, Coruñako uretan, bertan behera geratu zela itsaso zakararrengatik.
Uztailaren 20an eta 21ean Galiziak bi jardunaldi hartuko ditu berriro, Barbanza Arousa Udal Mankomunitatearekin sinatutako akordioari esker. Horrela, uztailaren 20an Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak Ribeirako uretan egingo dute arraun eta igandean Cabo Da Cruzen, Boiron.
Aipatzekoa da Pasaian eta Ribeiran formatu berezia duten bi eremu berreskuratu direla. Izan ere, gizonek 6 luze eta 5 ziaboga egin beharko dituzte. Emakumeek, berriz, 3 luze eta 2 ziaboga.
Kantabriak ere egutegian jarraituko du eta KTEko bi txapelketetako jardunaldi bat izango du: CaixaBank Bandera, Castro Urdialesen jokatuko dena.
2024ko egutegiko berritasunetako bat da Euskotren Ligak 16 jardunaldi izango dituela, iaz baino bi gehiago, play-offetako bi jardunaldirekin batera, lehenengoz emakumezkoen txapelketaren historian. Zarauzko estropadak, jardunaldi bikoitza izango duenak, emango dio amaiera Euskotren Ligari, eta play-offak iraileko hirugarren asteburuan jokatuko dira Barakaldon eta Portugaleten hurrenez hurren.