NAIZ

Euskal Herriko ia 50 udaletan palestinar herriarekiko elkartasun adierazpenak onartu dira

Euskal Herriko ia 50 herri eta hirik onartu dituzte Palestinaren aldeko mozioak, Gernika-Palestina eta Yala Palestina ekimenek sustatuak. Orain arte 137.000 euro jaso dituzte Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramateko, Korrika edo Euskal Selekzioaren partida bezalako ekitaldietan bilduta.

Iruñean Palestinaren alde egindako mobilizazioa.
Iruñean Palestinaren alde egindako mobilizazioa. (Jagoba Manterola | FOKU)

Azken hilabeteotan hainbat udaletan palestinar herriarekiko elkartasun mozio eta adierazpen instituzional ezberdinak onartu dira, Gernika-Palestina eta Yala Palestina ekimenek sustatuak, nagusiki, deialdi herritarrek astelehen honetan jakitera eman duenez.

Hain zuzen, mozioak onartu dira Gipuzkoako Hernanin, Deban, Orexan, Amasa-Villabonan, Amezketan eta Altzon; Bizkaiko Larrabetzun, Lemoan, Berrizen, Zaldibarren, Durangon, Atxondon, Ean, Bermeon eta Gorlizen; Arabako Laudion; eta Nafarroako Altsasun, Antsoainen, Araizen, Basaburuan, Baztanen, Beran, Berriozarren, Burlatan, Etxalarren, Etxaurin, Etxarri- Aranatzen, Erronkarin, Goizuetan, Hiriberri Artzibarren, Imotzen, Iruñean, Lakaben, Lakuntzan, Larraunen, Lekunberrin, Lesakan, Lizarran, Luzaiden, Mendigorrian, Odietan, Erriberrin, Oronotzen, Zaraguetan, Tafallan, Uharte Arakilen eta Ultzaman. Oro har, «ñabardura desberdinak izan arren, guztietan palestinar herriarekiko elkartasuna izan da hizpide».

Presentzia Korrikan

Halaber, azpimarratu dute igande honetan Baionan amaitu zen 23. Korrikan zehar «etengabekoak izan direla Palestinarekiko elkartasun keinuak, batez ere horko bandera ibilbidean erakutsiz». Era berean, larunbateko Euskal Selekzioaren partidarekin bat eginez, Gernika-Palestina deialdi herritarra presente egon zen San Mamesen. Ekimena «arrakastatsua» izan zen, material guztia agortuz: 60 bandera, 1.200 paperezko banderak, eskuorriak, eta abar.

Gaur arte dagoeneko 137.084,13€ jaso dituzte Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramateko eta palestinarrek bultzatutako laguntza proiektuetan erabiltzeko.