ELA sindikatuak jakinarazi du Lakuako Funtzio Publikoko Sailburuordeak bilera batean adierazi diela «legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten langile finkoei erretiro partziala ukatzen jarraitzeko asmoa duela». 2024.urtearen hasieratik ari da hori egiten, sindikatuak salatu du eskubide hori gabe uzten ari zaiela lan-kontratuko langileei, «2004tik mahai orokorreko akordioek eskubide hori onartzen duten arren».
Langile publikoei eta haien ordezkaritza sindikalari «xantaia egin eta diskriminatu nahi izatearekin» lotu ditu adierazpen horiek ELAk, «langileek murrizketa-politika babes dezaten, baita erretiroaren arloan ere».
Egoeraren aurrean bi proposamen aurkeztu ditu ELAk. Lehenengoa, 2010eko Mahai Orokorraren akordioan oinarrituta, Lakuak erretiro partzuala aplikatzea horretarako baldintzak betetzen dituzten langileei. «Azken urteetan egin duen bezala, 2024ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeraginezko ondorioekin», zehaztu du.
Akordio berri baterantz
Eta bigarren proposamena akordio berri bat egitea litzateke. Lau ardatz nagusi azpimarratu dituzte akordio berri horretarako. Batetik, baldintzak betetzen dituzten eta hala egin nahi duten Lakuako langile guztiek errelebu-kontatua eta erretiro partziala eskuratu ahal izatea, «eta ez bakarrik langile finkoentzat», zehaztu du.
«Ordezkoak lanaldi osoko kontratua izatea, eta lanpostu hori inoiz ez amortizatzea» da akordiorako bigarren ardatza. Hirugarrenik partzialki erretiratutako pertsonaren benetako lan-denbora murrizten duten neurri guztiak aztertzea izango litzateke. Eta laugarrenik, «Eusko Jaurlaritzako funtzionarioek eta esatutupeko langileek erretiro-adinaa aurreratu ahal izateko tresnak eta formulak artikulatzea, lanpostuak amortizatu gabe».
ELAk jakinarazi du ez duela «xantaiarik» onartuko eta mobilizazioen bidez eta epaitegietan borrokatuko duela sinatutako akordioak berehala bete daitezen eta negoziazio bat ireki dadin, «belaunaldi-erreleborako hobekuntzak sartzeako, besteak beste, kolektibo osoarentzako erretiro partziala eta erretiro aurreratua».