NAIZ

Bastidak eta Lekeitiok Buruz Buruko final-zortzirenetarako bi txartel banatuko dituzte

Peña II-Larrazabal ostiral honetan Bastidan, eta Urrutikoetxea-Bakaikoa larunbatean Lekeition, 2024ko Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenetako fasera sailkatzen saiatuko dira asteburu honetan.

Urrutikoetxeak Bakaikoari irabazi beharko lioke Buruz Burukoan egoteko.
Urrutikoetxeak Bakaikoari irabazi beharko lioke Buruz Burukoan egoteko. (Jon URBE | FOKU)

Igandean Binakako Txapelketa luzeari amaiera emango zaio Nafarroa Arenako finalarekin. Asteazkeneko material aukeraketak ez zuen ezustekorik utzi eta bertan arituko dira Jokin Altuna eta Julen Martija, alde batetik, eta Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta, bestetik. Hala ere, bikotekako txapela banatu aurretik, bada abian beste txapelketa bat, pilotako garrantzitsuena alegia. Izan ere, datorren asteazkenean aurkeztuko den Buruz Buruko txapelketak bi txartel banatuko ditu asteburu honetan Bastidan eta Lekeition.

Lehendabiziko kanporaketa ostiral honetan jokatuko da Bastidan. Bertan arituko dira Peña II.a eta Larrazabal final-zortzirenetarako postu baten bila. Jaialdia 17.00etan hasiko da (ETBn zuzenean) Laso-Eskiroz eta Zubizarreta III.a-Imaz bikoteen arteko partidarekin. Buruz Buruko txapelketako lehia bigarrena izango da.

Ondoren, larunbatean, Urrutikoetxeak eta Bakaikoak beste txartela eskuratzen ahaleginduko dira Lekeition (ETBn zuzenean). Honakoa ere jaialdiko bigarren norgehiagoka izango da. Lehenengoa, 17.15etik aurrera, Artola-Arangurenek jokatuko dute Peña II-a edo Larrazabal bikotekide izango duen Albisuren aurka.

Esan bezala, Buruz Buruko partida hauek irabazten dutenek final-zortzirenetarako txartela eskuratuko dute. Oraindik txapelketa aurkeztu ez badute ere, Aspe eta Baikoren karteldegietan aipatzen da lehia apirilaren 5ean hasiko dela, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Zabala aurkaria nor izango den esperoan da. Laso, apirilaren 6an Labriten, eta Artola, apirilaren 7an Tolosan, egoera berean daude.