Martxoaren 29a, Ostiral Santua. Jende asko Aste Santuko oporrez gozatzen ariko den honetan, Bidasoa Irunek eta Helvetia Anaitasunak hitzordu garrantzitsu eta polita dute jokoan, 19.00etatik aurrera, Artaleku kiroldegian.
Asobal Ligako derbia dago jokoan eta, nola ez, biek irabazi nahi dute denboraldiko partida erakargarri hau. Irungo pistak eskaintzen duen berotasuna eszenatoki dela, egia da bi taldeak ez direla sasoiko momenturik onenean iristen.
Bidasoa Irunek bigarren postuari eusten jarraitzen du, eta hori du, Koparekin batera, helburu nagusia Barçaren aurka lehen itzulian berdindu baina bigarrenean galdu ostean eta katalanak sailkapenean aldendu eta gero. Helvetia Anaitasunak, aldiz, beste erronka batzuk ditu. Behingoz jaitsiera postuez ahaz daitekeen honetan, laugarren postura begira jar litezke iruindarrak. Pentsa, momentu honetan zortzigarrenak dira, baina Logroño La Riojak duen laugarren postua bost puntura besterik ez dago.
Zalantzak
Gauzak hala ikusita, badirudi ikuskizuna ziurtatuta dagoela ostiral honetan Artalekun, eta hala izan daiteke; inork ez du hori zalantzan jarri nahi. Hala ere, bi taldeen azken neurketak ikusita, atzean zalantza ugari daudela antzeman daiteke.
Bidasoaren kasuan, irundarrek, azken hiru partidetan, bi porrot jaso dituzte eta berdinketa bat eskuratu. Lehen itzulian erakutsitako sendotasuna badirudi pixka bat apurtzen ari dela. Granollers du atzetik segika, hiru puntura, eta bien arteko lehia bere horretan dago oraindik. Gainera, katalanek Barça herrikidearen kontra ere jokatu behar dute oraindik; beraz, Bidasoak berebizikoa luke gaur garaipena eskuratzea Artalekuko etxean.
Jacobo Cuetara entrenatzaileak albiste ona jaso du azken egunetan; izan ere, Esteban Salinas, zenbait partidatan baja izan dena eta aurreko neurketan berragertu zena, osatuta dagoela dirudi. Txiletarra taldearen oinarri sendoa da.
Gainera, atean Harbaouik eta Skrzyniarzek osatzen duten bikotea bikain ari da, eta horretaz baliatu beharko dute.
Anaitasunari dagokionez, Puerto Saguntoren aurka uste baino arazo gehiagorekin irabaztetik dator (24-22). Horrek bultzada eman diezaioke etxean partida bakarra galdu duen Bidasoaren aurka, ondoren Barçari aurre egiteko. Hala ere, etxetik kanpo nafarrak ez dabiltza oso sendo: bost porrot eta berdinketa bat eskuratu dute azken sei irteeretan. Gauzak hala, Quique Dominguez prestatzaileak «ausardia, asmoa eta adorea» berreskuratzeko eskatu die jokalariei. Hala izan dadila ikuskizunaren alde!
Dos ciudades, Irun y Pamplona, separadas por menos de 80 kilómetros y dos aficiones que, una vez más, volverán a convivir en una tarde en la que el balonmano ganará#GureDerbia 欄 #BIDANA pic.twitter.com/nni8TNET9A
— CD Bidasoa Irun (@CDBidasoaIrun) March 28, 2024
Eskubaloiak ere badu derbi handia
Futbolak hartzen ditu beti, edo gehienetan behintzat, titular guztiak. Kirol horretan derbiek ere garrantzi handia hartzen dute. Baina Euskal Herriko eskubaloiak badu bere derbia Asobal Ligan: Bidasoa Irun eta Helvetia Anaitasunaren artekoa. Artalekuko klubak txio batean laburbildu du bi taldeen arteko harremana: «Bi hiri, Irun eta Iruñea, 80 kilometro baino gutxiagoz banatuta, eta beste behin, eskubaloiak irabaziko duen arratsalde batean elkarrekin biziko diren bi afizio», eta mezua osatzeko, bi argazki jarri ditu talde gipuzkoarrak, non ikus daitezkeen Bidasoaren eta Anaitasunaren kamisetak Irungo eta Iruñeko udaletxeen kanpoaldean.
Jacobo Cuetara asturiarrak asko daki horretaz. Artalekun lau partida bakarrik falta zaizkio denboraldi amaieran Torrelavegara joan aurretik, eta astean zehar derbia «beti berezia» dela azpimarratu du. Kontrako aldean, Quique Dominguezek laudorio hitzak besterik ez ditu izan Bidasoarentzat: «Joko eredu oso argia duen taldea da eta ezin hobeki finkatuta dagoena. Berdin du zein jokalari dagoen, eredua mantentzen da».