Euriak ez du zapuztu milaka gazteren eskutik Lezon udaberriaren loratzea. Gaur eta bihar hamarka hitzordu dituzte Gipuzkoako herrian, Gazteon Eskutik ekimenaren baitan, eta igandean emango diote amaiera, Iruñeko Aberri Egunera joateko deia eginez.
Goizeko hamarrak inguruan hasi dira iristen Euskal Herriko hamaika txokotatik autobusak, eta gazteak akanpalekua egokitzera joan dira.
Hasi da gazteon eskutik ekimena!
— Gazteon Eskutik (@gazteoneskutik) March 29, 2024
Lezo gazteon paradisua bilakatu dugu, konspiratzeko paradisua, indarra hartzekoa. Euskal Herri osoa loratuko dugu pic.twitter.com/bxP5xRZnDM
Ondoren harrera ekitaldia egi diete, Lezoko herriko plazan. Lehen Gazte Topagunea antolatu zenetik hogeita hamar urte igaro direla, nabarmendu dute Ernaik hartu zuela lekukoa, gazte independentistak elkartzeko ekimenak antolatzeako erronka bere eginez.
«Orain gu garelako protagonistak, hogeita hamar urte hauetan egindako lana gogoan dugu, baina gure neurrira egindako ekimena harilkatzen ari gara. Oraingo eta hemengo kezka eta hausnarketei erantzungo diena, gazteon eskutik etorriko baitira herri honetan aldaketa politikoak», adierazi dute Ernaiko kideek. Abestiak, txupina eta ekimeneko kantuak ez dira falta izan harrera ekitaldian.
Harrera ekitaldiaren ondotik, eguerdiarekin, Gazte Topagune honetako lehenengo eguneko hitzaldi eta tailerrak hasi dira: besteak beste, Gatazka eta eraikuntza feministak hitzaldiak aterpe hartu du Akeita Gunean, EH Bilduko Oihana Etxebarrietaren, mugimendu feminista eta transmaribolloko kide den Uma Ulaziaren eta zaintza auziaren inguruko ikerlari Alaitz Uriarteren eskutik.
Lezoko beste txoko batzuetan ere ez da egitekorik falta izan: zunba, Herrialde Katalanetako ikasle greba aztergai, ‘Aldaketaren errelatoa’ hitzaldia Eraitz Saez de Egilaz (EH Bildu), Beñat Jusue (Ernai) eta Asier Zamoranoren eskutik (Sortu), Komunikazio politikoaren inguruko mintzaldia eta abar luze bat.
Arratsaldean hitzaldi zentrala ere izan dute Akeita gunean, ‘Bizitza duinen aldeko udaberria’ izenburupean eta gazteriaren egoerari aurre egiteko proposamez hitz egingo dute.
Iluntzean musika eskaintza anitzarekin (Burutik, Mafalda, Zilibito Records, Belako, Azken Sustraiak...) amaituko dute eguna.