NAIZ

CISen arabera EAJk irabaziko ditu hauteskundeak 30-31 eserlekurekin, EH Bilduk 28-29 eskuratuta

Espainiako Ikerketa Soziologia Zentroak, CISek, astelehen honetan jakinarazi ditu Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeetako egindako ikerketaren emaitzak. EAJk irabaziko lituzke berriro hauteskundeak, EH Bildu bigarren indarra izanik, oso tarte estuarekin.

Apirilaren 21eko hauteskundeetarako CISen inkesteak EAJ aurreikusten du garaile.
Apirilaren 21eko hauteskundeetarako CISen inkesteak EAJ aurreikusten du garaile. (Gorka Rubio | FOKU)

Ikerketa Soziologia Zentroak (CIS) astelehen honetan argitaratu ditu bere inkestaren emaitzak. EAJk irabaziko lituzke Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeak 30 edo 31 eserleku lortuta. Bigarren indarra EH Bildu izango litzateke CISen arabera, 28 edo 29 eserleku lortuta. PSE hirugarren indaarra litzateke 10-11 ordezkarirekin eta PPk 5 edo 6 eskuratuko lituzke.

Soziologia Zentroak jakitera eman duenez EAJk berriro irabaziko lituzke hauteskundeak egun dituen eserlekuei eutsita edota bat galduta. Igoera handiena EH Bildurentzat izango litzateke, 28-29 eserleku lortuko bailituzke, duela lau urteko hauteskundeetan lortutako 21 eserlekuren aldean.

PSEk 10 ordezkari ditu egun, eta apirilaren 21ean 10 eta 11 artean lor ditzake inkestaren arabera. Emaitza horiekin, EAJk eta PSEk gobernu koalizioa errepikatu ahal izango lukete aurreko bi legegintzaldietan bezala, eta gehiengo osoa izan (38).

PP duela lau urte Ciudadanosekin koalizioan aurkeztu ziren eta sei eserleku lortu zituzten, oraingoan 5 eta 6 artean lortuko lituzkete, CISen arabera.

Sumarrek 0 eta 2 ordezkari lortuko lituzke orain, eta Elkarrekin Podemosek 0 eta 1 artean. 2020an marka baten pean aurkezteko erabakia hartu zuten eta guztira 6 eserleku lortu zituzten, CISen arabera, kalte egingo diote bi marka aurkezteak.

Era berean, VOXek bere legebiltzarkide bakarra gal dezake, 0 eta 1 eserleku artean lortuko baititu CISen emaitzen arabera.

CISen ikerketa Lakuak egindako azken hauteskunde-galdeketa zabaldu eta bost egunera argitaratu da. Horren arabera, EAJk eta EH Bilduk 29 eserleku lortuko lituzkete, PSEk (10) eta PPk (6) euren ordezkaritzari eutsiko liokete eta Sumarrek ordezkari bat lortuko luke. Elkarrekin Podemos eta VOX, berriz, Gasteizko Legebiltzarretik kanpo geratuko lirateke.