Azkenean ez da atzelaririk izango asteazken honetan Busturian aurkeztuko den 2024ko Buruz Burukoan, gaur goizean Labriten egindako azken probaren ostean, Jon Mariezkurrenak uko egin baitio ostiral honetan Donostian hasiko den txapelketan aritzeari. «Gaur egin dugu azken proba Buruz Burukoa jokatzen nuen ikusteko, egia esan hobekuntza nabaria sentitu dut eskuan, baina oraindik ez nago asteburu honetan jokatzeko eta pixkanaka hobetzen joatea espero dut», azaldu du bere enpresaren web orrialdean jasotako adierazpenetan.
Binakako txapelketa bikaina jokatu ostean, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian, Artola-Imazen aurka, izorratu zuen atzelari nafarrak bere eskuin eskua eta hurrengo jardunaldian Altuna-Martijaren aurka jokatu bazuen ere, ordutik aurrera kantxetara itzuli gabea da oraindik.
Bere hutsunea betetzeko, Baikok Mikel Urrutikoetxea deitu du, larunbatean Joanes Bakaikoaren aurka aurre-kanporaketa galdu zuen Zaratamoko aurrelaria. Busturian egingo den zozketan multzo berean egongo direnez, bi aurrelari hauek ezingo lukete, lehen kanporaketan behintzat, elkarren aurka jokatu.
Asteazkenekoa oso bideratutako zozketa izango da, izan ere, lau zerrendaburuak Aspekoak izanda; Elordi, Altuna, Ezkurdia eta Dario, gainerako zortzi pilotariak bi multzotan banatu dituzte. Ostiralean Donostian arituko den Zabala, larunbatean Labriten jokatuko duen Laso eta igandean Zumaian eta Tolosan arituko diren Peio Etxeberria eta Artola bestetik. Hauen aurkariak Bakaikoa, Urrutikoetxea, Jaka eta Peña izango dira, zozketaren arabera.