NAIZ

Arizonak (AEB) 1864ko lege bat berreskuratu du abortua debekatzeko

Arizonak bat egin du astearte honetan Auzitegi Gorenak 2022an Roe v. Wade epaia bertan behera utzi zuenetik abortua egitea debekatu edo mugatu duten hogei estatu baino gehiagorekin.

Abortatzeko eskubidearen aldeko protesta bat, Arizonan, artxiboko irudian.
Abortatzeko eskubidearen aldeko protesta bat, Arizonan, artxiboko irudian. (Sandy HUFFAKER | AFP)

Arizonako Auzitegi Gorenak (AEB) abortua debekatu du astearte honetan, ia kasu guztietan, 1864ko lege bat berreskuratuta. Haurdunaren bizitza salbatzeko baino ez da baimenduta egongo abortua.

Arizonako instantzia judizial gorenak abortatzeko eskubidearen aurkako epaia eman du, bost urteko espetxe zigorra aurreikusten duena. 2022an, orduko gobernadoreak, Doug Ducey errepublikanoak, prozedura hori haurdunaldiaren 15 asteen ostean debekatzen zuen lege bat sinatu eta gero etorri da ebazpena.

1971n, ugalketa-eskubideen aldeko Planned Parenthood elkarteak, abortuak eskaintzen dituenak, estatua auzitara eraman zuen eta 1864ko legearekin amaitzea lortu zuen, epaile batek haien alde erabaki baitzuen, baina orain egoera aldatu egin da berriz.

Izan ere, Arizonako Gorenak Eric Hazelrigg obstetraren alde egin du, zeinak Dennis McGrane Yavapai konderriko fiskalarekin batera, 1864ko legearen defentsan parte hartu duen. Hazelriggek zentro-sare bat zuzentzen du, haurdun dauden emakumeei aborturik ez egiteko aholkua ematen diena.

«Aborturako eskubide konstituzional federalik ezean, lege federalean edo estatalean ez dago hura aplikatzea debekatzen duen xedapenik (1864ko legea). Ondorioz, (1864ko legea) aplikagarria da orain», adierazi du John R. López IV.a Arizonako Gorte Goreneko epaileak.

Horrela, Arizonak bat egiten du AEBko Auzitegi Gorenak 2022an abortua federalki babesten zuen Roe v. Wade epaia bertan behera utzi zuenetik abortua egitea debekatu edo mugatu duten hogei estatu baino gehiagorekin.

Erabaki hau datorren azaroko Estatu Batuetako hauteskunde presidentzialen kanpainaren erdian etorri da. Abortua gai eztabaidagarrienetako bat da, eta inkesten arabera, estatubatuar gehienak debekuaren aurka daude.

Bestalde, Arizonako fiskal nagusiak, Kris Mayesek, epai hori «neurrigabea» dela esan du, eta «askatasunari irain egiten diola» uste du: «Mende honetan onartutako lege bat baliogabetu eta duela 160 urteko beste batekin ordezkatzean, Auzitegiak arriskuan jarri ditu Arizonako herritarren osasuna eta bizitza».

Joe Biden AEBko presidenteak ere debekua «krudela» dela uste du eta, Etxe Zuriak igorritako ohar batean, «emakumeen askatasuna kentzeko konpromisoa hartu duten funtzionario errepublikarren muturreko agendaren emaitza» dela nabarmendu du.

«Arizonako milioika pertsona abortuaren debeku are muturrekoago eta arriskutsuago baten pean biziko dira laster, eta horrek ez ditu emakumeak babesten, ezta haien osasuna arriskuan dagoenean edo bortxaketa edo intzestu kasu tragikoetan ere», gaineratu du agintariak.

Aldi berean, AEBetako Gorenak abortuaren pilularen aurkako kasu bat du egutegian, eta Idahon abortuari jarritako betoaren aurkako kereila batean ere argudioak entzungo ditu.

Arizonako debeku hori 14 egun barru sartuko da indarrean.