NAIZ

Bizkaiko Aldundiko azpikontratatutako garbitzaileen soldata %24 igotzeko akordioa lortu dute

Bi hilabeteko mobilizazioen ondoren, LAB, UGT eta ESK sindikatuek aurreakordioa itxi dute Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa zerbitzua kudeatzen duen Optima enpresarekin. Sei urtean %24ko soldata igoera izango dute. ELAk ez du sinatu.

Bizkaiko Aldundiko azpikontratatutako garbitzaileen protesta martxoan, seigarren greba egunean.
Bizkaiko Aldundiko azpikontratatutako garbitzaileen protesta martxoan, seigarren greba egunean. (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiko azpikontratatutako garbitzaileen gatazkan aurreakordioa lortu dute LAB, UGT eta ESK sindikatuek zerbitzu hori kudeatzen duen Optima enpresarekin, soldata igoeren inguruan.

LABek ohar batean azaldu duenez, sei greba egun eta bi hilabeteko mobilizazioen ostean iritsi da akordioa. «Lortutako soldata igoerak historikoak dira eta, langile askoren kasuan, indarraldiaren amaieran ia edo erabat parekatuta egongo dira», nabarmendu du.

Xehetasunetan sartuta, sei urtean soldata igoera gutxienez %24,23koa izango da –«funtzionarioen igoera zein izango den jakin gabe»–. Igoera horri soldata erreferentziatzat duten beste plus batzuena gehituz gero, «igoera %50etik gorakoa ere izan daiteke». Sindikatuak nabarmendu du horrek «garrantzi handia» duela «sektore feminizatu eta partzializatu honetan».

Soldaten inguruko aurreakordioa langileen asanbladaren ia %100ek babestu du eta LAB, UGT eta ESK-k sinatu egin dute. Nolanahi ere, negoziazio «gogorra» izan dela argi utzi nahi izan dute: «Enpresak proposamen tamalgarriak egin ditu grebetara jo duten arte, igoera bakoitza borrokatu behar izan dutelarik».

Sindikatu abertzaleak gogoratu duenez, negoziazioaren helburua Aldundiko langileen soldatakin parekatzera hurbiltzea zen: «lan berdina, soldata berdina». Hortaz, hurrengo negoziazioetan «bide hori jarraitu eta erabateko parekatzea lortzea» du helburu LABek.

Akordioan jasotzen diren igoerekin, Foru Aldundian azpikontratatutako garbitzaileen soldatak Udalhitzen soldaten gainetik geratuko dira –udaletako langileei dagozkienak–.

LABek Bizkaiko Aldundiaren jarrera salatu du, izan ere, «bera da enpresaren bezeroa eta dirua zein baldintzak jartzen dituena. Beraz, negoziazio mahaian Optima esertzen bada ere, denok dakigu Aldundiak duela azken hitza. Ordezkaritza duten sindikatuak behin eta berriro saiatu dira instituzioko arduradunekin biltzen, egoera azaltzen, adostasunetara iristen. Ez dute erantzunik jaso, haiekin bilduko ez zirela esateko ere ez».

Horretaz gain, garbitzaileen lan baldintzen negoziazioan «ez inplikatzea nahikoa ez, eta greba egunen aurretik bereziki garbiak izan eta usainik gabeko janaria ekartzeko eskatu die Aldundiak bertako langile publikoei». LABen ustez, «lotsagarria izateaz gain, greba eskubidea urratzen du».

ELA: «Ez du prekarietatearekin amaituko»

ELAk ez du sinatu aurreakordioa. Sindikatu honen ustez, gai ekonomikoarekin lotutako edukiak ditu, «betetze bermerik gabe», eta «ez du partzialtasuna ezabatzeko neurririk jasotzen, hori izanagatik ere sektorearen prekarietatearen arrazoietako bat».

Aldundiak azpikontratatutako langileen eta bertako langileen artean gaur egun %36ko soldata arrakala dagoela azpimarratu du, eta arrakala hori «%12,5 murriztuko da. Egia da jauzi bat egiten dela parekatzeko bidean, baina urrun dago soldata parekatzetik».

Eduki ekonomikoez gain, ELAren iritziz prekarietatearen aurka borrokatzeko «aukera handia galdu da».

«Izan ere, langileen %80 lanaldi partzialerako kontratatuta daude. Soldata igoera horiek ez dute bermatzen prekaritatearekin amaitzea, ELAren eskaera nagusietako bat izan den lanaldiaren anplizazio sistemaren errebindikazioa alde batera utzi delako».

Ondorioz, sindikatuak uste du aurreakordioak «izugarri ahulduko duela kolektiboa lanpostu hutsuneen sistema duin bat lortu ahal izateko, bai eta hitzarmeneko beste alderdi batzuk ere, bermearekin adostu gabe daudenak, amaiera eman baitiote kolektiboaren dinamika mobilizatzaileari».