NAIZ

Iñigo Argomaniz eta Eli Arabaolazak jasoko dute XXIII. Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Saria

Iñigo Argomaniz sustatzaileak eta Eli Arabaolaza ikertzaileak irabazi dute XXIII. Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Saria. Sari banaketa apirilaren 19an egingo da EHUren Ignacio Maria Barriola Zentroan, eta Donostiako Orfeoiak emanaldi labur bat eskainiko du.

Iñigo Argomaniz eta Eli Arabaolaza, sarituak.
Iñigo Argomaniz eta Eli Arabaolaza, sarituak. (EHU)

Iñigo Argomaniz sustatzaileak eta Eli Arabaolaza ikertzaileak Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Saria irabazi dute. Sariketaren hogeita hirugarren edizioa da aurtengoa, eta bi helbururekin sortu zen: musika sorkuntzako ibilbide profesionala aitortzea eta musika arloko ikerketa sustatzea.

Eli Arabaolaza ikertzaileak ‘Musika ikerketa sustatu eta indartzea’ kategorian jaso du saria, ‘La Orquesta de Euskadi 1982-2022: Implicaciones culturales y educativas’ izeneko lanarengatik. Halaber, zuzeneko kontzertuen sustapenean egindako lanarengatik eta izandako ibilbide nabarmenagatik jaso du saria Iñigo Argomaniz sustatzaileak.

EHUtik adierazi dutenez, Iñigo Argomaniz «oso eskertuta» sentitzen da «Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Donostiako Orfeoiarekin, zuzeneko musika, artistak garatzeko lana eta nire pertsonaren atzean dagoen taldearen lana aitortzen duen sari honengatik». Bestetik, Eli Arabaolazaren hitzetan, «ohorea da sari hau jasotzea; beste edizio batzuetan nire erreferenteek irabazi duten saria irabaztea oso hunkigarria da».

Sari banaketa ostiralean egingo da, apirilaren 19an, 19.00etan, Euskal Herriko Unibertsitateko Ignacio Maria Barriola Zentroko auditoriumean, Donostian. Ekitaldi akademiko horretan parte hartuko dute Donostiako Orfeoiaren presidenteak, Antxon Elóseguik, eta EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak.

Ekitaldia amaitzean, Donostiako Orfeoiko ordezkari batzuek erakustaldi labur bat egingo dute haien errepertorio tradizionaleko obrekin. Ekitaldia publiko orokorrari irekita egongo da, edukiera mugatuarekin.