Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak «mobilizazio garrantzitsua» egingo du datorren ostegunean Gasteizen, gutxieneko pentsioen osagarria 1.080 euroraino eta 14 ordainsaritan defendatzeko beharra datorren apirilaren 21eko hauteskundeetan parte hartzen duten alderdien agendan jartzeko.
Ostiral honetan Donostian eskainitako prentsaurreko batean eman dute honen berri. Bertan azaldu dutenez, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik ateratzen den gehiengo parlamentarioak konpromiso hori bere egitea da xedea, ahalik eta lasterren aplika dadin, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginarekin.
Hauteskunde kanpainaren azken astean, pentsiodunek bi mobilizazio egingo dituzte Gasteizen; izan ere, asteazkenean ‘deriba’ feminista bat izango da, kolektiboko emakumeek antolatuta, eta hainbat puntutan zehar ibiliko da «pentsio duin eta zaintza sistema unibertsal, duin eta publiko baten aldeko konpromisorik eza salatzeko».
Mobilizazio nagusia egun bat geroago izango da, ostegunean, 11.00etan Bilbo Plazatik abiatuta Katedral berriraino, Gasteizko kale nagusiak zeharkatuz eta Gasteizko Legebiltzarretik igarota.
149 mozio onartuta
Gainera, mugimenduak hainbat erakundetan erregistratu dituen mozioen balantzea ere aurkeztu du ostiral honetan.
Udalerriei dagokienez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 149 udalek onartu dute mozioa –70ek Gipuzkoan, 59k Bizkaian eta 20k Araban–, eta 33k baztertu dute –14k Gipuzkoan, 15ek Bizkaian eta 4k Araban–. Iturri berak ziurtatu duenez, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek babestu dute aukera hori ordezkaritza duten udalerri guztietan, «udal talde independente askok» egin duten bezala.
Zehaztu duenez, hiriburuetan eta herri garrantzitsuen kasuan, «salbuespen batzuk kenduta», EAJk, PSEk eta PPk, «mozio horien aurka bozkatu dute, haien «gaitzespen politikoa» adierazi dutelako.
«Udalerri ertain eta txikietan jarrera askotarikoa izan da, kasu batzuetan aldeko botoa emanez, beste batzuetan kontrakoa, edo abstenituz», azaldu dute pentsiodunek.