Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskara lehen lerroan dago gertaeretan, baina ez kanpainan

Inoizko Korrika handienaren biharamunean abiatu zen EAEko hauteskunde kanpaina, eta erdi-erdian, oldarraldiaren enegarren kolpea jaso zuen euskarak. Botoak zenbatu eta segidan, Euskararen Harrotze Astea zabalduko da Euskal Herri osoan. Hori guztia ez da islatzen ari, ordea, hautagaien diskurtsoetan.

Pasaiako Udalaren erabaki baten aurkako bi epai salatzeko elkarretaratzea.
Pasaiako Udalaren erabaki baten aurkako bi epai salatzeko elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ajuria Eneko lehendakarigaien arteko aurreneko eztabaida euskaraz izan zen, joan den asteazken arratsean, ETB1en. Pozez hartu zuten hori batzuek. Adibidez, Pello Otxandianok (EH Bildu) debatearen aitzineko adierazpenetan halaxe nabarmendu zuen. Aldiz, bertze batzuek ez zuten saioan parte hartu, ez direlako euskaraz konpontzen. Sumarretik Andeka Larrea joan zen telebistara Alba Garciaren ordez, eta PPtik Laura Garrido Javier de Andresen partez.

Euskaraz aritu ziren, bai, baina ez ziren euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko politikez mintzatu, nahiz eta aspaldi honetan gaia agendaren erdi-erdian egon. Inoizko Korrikarik zabalena amaitu eta segidan abiatu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskunde kanpaina. Justu botoak bildu eta biharamunean Euskaldunon Harrotze Astea hasiko da. Edozein pertsona edo eragile euskaltzaleri kaleak berreskuratzeko egindako gonbidapena da hau. «Ez hain hitz neurtuekin, ez hain zuzen gure eskubideak kalera eramateko eta euskararen aldeko borrokak berpizteko aukera bat, pedagogia eta kontzientziazio lan kolektibo bat. Horren bidez, euskaldunok harrotzeko aukera bat», Euskal Herrian Euskarazeko kideek asteleheneko GARAn jasotzen dugun elkarrizketan azaltzen dutenez.

Kanpaina betean, hautagaien debatearen egun berean hain zuzen, oldarraldi gero eta indartsuagoa gainean dugula oroitaraztera etorri ziren Pasaiako Udalaren erabaki baten aurkako bi epai, euskaraz bizitzea galarazi nahi duten bertze bi sententzia, kasu honetan kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzen dutenak.

Erantzuna berehalakoa izan zen. Ostegunean, Pasaiako Udaleko langile batzordeak elkarretaratzea egin zuen Pasai Donibaneko udaletxearen aurrean, eta ostiralean herri honetako euskalgintzak, Kontseiluarekin batera, Pasai Antxoko Biteri plaza bete zuen.

Udalak helegitea aurkeztuko du bi epaien aurka. Gobernuan den EH Bilduk eta EAJko udal taldeak agiri bateratua atera zuten. Bertan, «euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat» jo zuten sententzia horien bidez «hizkuntza eskubideak zalantzan jartzea».

Hori dena gertatu arren, lehendakarigaien arteko aurreneko eztabaidan ez zioten euskararen egoerari heldu, ezta euskal kulturaren erronkei ere.

Gazteak Korrikan, Donibane Garazin barna. (Patxi BELTZAIZ)

Gobernu programetako lehen orrialdeetatik at

EH Bilduren eta EAJren gobernu programetan ere ez dago euskararen gaiaren arrastorik lehendabiziko orrialdeetan. Adierazgarria da PSEren webgunean zeinen euskara gutxi dagoen ere. Nahiz eta euskara aukeratu hizkuntza gisa, albiste ugari gaztelaniaz ematen dira eta programa bera ere gaztelania hutsean dago. Honako izenburua darama bertan euskarari eskainitako atalak, 117. orrialdean: ‘Euskera sin imposiciones; euskera sin limitaciones’ (euskara inposiziorik gabe; euskara mugarik gabe).

Alderdi nagusiek egiten dituzten irakurketetan sartuz, Pello Otxandianoren ustez, euskalduntze prozesua impasse egoeran dago. «Hainbat faktore medio, euskalduntze prozesuan ez gaude ondo: arnasguneen ahultzea, kulturgintzaren erreferentzialtasunaren galera, telebistaren gainbehera, kontsumoaren fragmentazioa eta erabilera kurbaren estankamendua, besteak beste. Egoera hau erabat iraultzeko norabide argia izango duten politika publiko sendoak nahitaezkoak izango dira, betiere euskalgintza eta inplikatutako sektoreekin plangintza partekatuak. Batez ere, oinarrizko lau zutoinetan: hezkuntzan, hedabide sisteman, haur eta gazteen aisialdian eta lan munduan».

Imanol Pradalesek (EAJ) euskaran oinarriturik egin nahi dio ekarpena eraldaketa sozialari. «Ez da identitate-kontu hutsa, eta ez gara ari sentimenduei edo ereduei buruz bakarrik. Bada justizia, legezkotasun eta eskubide kontua ere. Euskara ofiziala da Euskadin, gaztelaniarekin batera. Gure helburua da Europan ere ofiziala izatea euskara», defendatzen du bere programan.

Eneko Anduezak (PSE) dio «euskarara hurbiltzea, ikastea eta erabiltzea ezin dela inposizio gisa hartu» eta «kulturaren papera oinarrizkoa» dela. Horregatik, «kalitatezko euskarazko kultur produkzio batez gozatu ahal izateko» neurriak babestuko dituzte. Baina ezinbestekoa da haientzat «gure hizkuntza eztabaida politikotik aldentzea ere. Esperientziak frogatu digu akordio zabalek bakarrik, 1982ko Euskararen Normalizazioaren Legea bezalakoek, sor dezaketela oinarri sendo bat, jendartearen zati handi batek onartu eta beretzat hartuko duena».

Konpromisoak

Jeltzaleek diote «aktibatu» eginen dituztela zerbitzu publikoen kontsumitzaileak eta erabiltzaileak, «euskara normaltasunez erabil dezaten eta hizkuntza-estresa saihestu ahal izan dezaten». Ikasketan eta teknologietan jarri dute bereziki arreta. Legeez ez diote deus ere, ordea.

Hizkuntza politikaren oinarria den marko juridikoa eraberrituko duela agindu du koalizio abertzaleak. Euskara Jakiteko Eskubidea Bermatzeko Legea onartzeko ere lan eginen du.

PSEk akordio berri bat bultzatuko du, «inguru eta kategorien arabera hizkuntz eskaera ezberdinak ezarriz». «Euskal administrazio publikoarekin harremanean pertsona bakoitzak aukeratutako hizkuntza ofizialaren erabilera bermatzeko» konpromisoa ere hartu du.

Egin denaren balantzeari dagokionez, hala diote jeltzaleek: «Zorionez, eta EAJ-PNVk euskal gizarte osoaren eskutik bultzatutako ekintza instituzionalari esker, euskaraz dakitenen kopuruak nabarmen egin du gora. Orain, erabilera areagotzeko baldintzak sortzea da erronka».

EH Bilduren arabera, «azken hiru legegintzaldiak galduak izan dira. Ez da garai berriei egokituriko hizkuntza politikarik txertatu eraberritu diren legeetan: Kontsumitzailearena, Funtzio Publikoarena, Enplegu Publikoarena eta Hezkuntzarena, adibidez». Euskara Jakiteko Eskubidea Bermatzeko Lege Proposamena aurkeztu du koalizioak, baina EAJk eta PSEk atea itxi diote. EH Bildurentzat «kezkatzekoa da, gainera, azken gobernuak sostengatu dituzten alderdi horiek gai honetan ados jartzeko izan duten jarrera itxia».

Idurre Eskisabel Larrañaga, Kontseiluko idazkari nagusia. (Jon URBE/FOKU)

Idurre Eskisabel: «Balirudike euskararen normalizazioak ez duela zerikusirik ongizatearekin»

Kontseiluko lemazainari kosta egiten zaio ulertzea beren burua euskaltzaletasunean kokatzen duten alderdiek askoz ere presenteago ez izatea euskararen normalizazioa. Oldarraldia bizi-bizirik dagoelako, erronkak oso handiak direlako, eta herritarrak jarrera sendoa erakusten ari direlako.

Kanpainako lehen erdi honetan Kontseiluak espero eta nahi zuena baino gutxiago egon da euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa alderdien adierazpen eta aldarrikapenetan. Idurre Eskisabelek aitortu du besterik espero zutela, azken hilabeteetan, oldarraldia tarteko, gaia agenda politikoaren lehen lerroan egon delako. Eta, oldarraldiak indartsu segitzen duen arren –Pasaiako Udalaren kontrako azken bi epaiak horren froga– apenas aditu aditu dute honen inguruko ekinbiderik.

«Analistak batetik, baina bereziki alderdiak eurak, esaten ari zaizkigu orain arteko kanpainarekin eta eztabaiden nondik norakoarekin, pozik daudela ongizatearekin loturiko gaiak nagusitu direlako, herritarren eguneroko kezkekin lotutakoak. Balirudike, beraz, euskararen normalizazioak ez duela zerikusirik ongizatearekin, herritarren egiazko kezkekin. Oso bestela da, ordea, kontua: euskaraz bizi ahal izatea ongizaterako oinarrietako bat da milaka herritarrentzat».

Adibidez, «Osakidetza da kanpaina honetako urrezko izarra, eta herritarren osasuna eta ongizatea bermatzeko neurriak proposatzen ari dira alderdiak. Baina egitasmo horietan apenas entzun dugu euskarazko arta bermatzeko plangintza proposamenik, konpromisorik, behar bezalako osasun arreta jasotzeko eta ongizatea bermatzeko hizkuntzaren faktorea hain erabakigarria denean, batik bat, zaurgarrien gaudenean».

Defendatu duenez, azken batean, euskararen normalizazioak erabat zeharkatzen ditu ongizatea, justizia soziala, gizarte kohesioa, bizikidetza, askatasuna, demokratizazioa... Horrenbestez, lehen mailako gaia beharko luke alderdientzat, batik bat, beren burua euskaltzaletzat dutenentzat.

Tamalez, euskararen normalizazioaren kontrako diskurtsoetan dabiltzan indar politikoek ibili dute gehiago hizkuntzaren gaia. «Oraindik ere inposizioarekin, askatasuna mugatzearekin, lotzen dira zenbait alderdiren aldarrietan euskararen normalizazioaren aldeko neurriak, normalizazioa bera. Eta badirudi hori ez dela alderdi euskaltzaleentzat etorkizuneko kidetzak erabakitzeko marra gorri bat».

Abagune osoa kontuan harturik, Kontseiluari kosta egiten zaio ulertzea beren burua euskaltzaletasunean kokatzen duten alderdiak askoz ere irmoago ez aritzea. Batetik, oldarraldia etenik gabe ari delako euskararen aldeko hizkuntz politikak aurrera eramateko tresneria ahultzen. Bestetik, etorkizunera begirako erronkak oso handiak direlako, politika publikoetan jauzi bat eskatzen dutenak. Eta, azkenik, herritarrak etengabe ari direlako erakusten euskararen normalizazioaren aldeko jarrera sendoa: iazko azaroaren 4ko manifestazio jendetsua edota Korrikan sortutako uholdea horren froga.