NAIZ

Aspe eta Baikoko pilotariek euren azal berriak egiten dituzten tailerra ezagutu dute Ibarran

Oria Sport Wear etxearen Zu-K markak jantziko ditu hurrengo urtetan gizonezkoen pilotari profesionalak, «100%ean Euskal Herrian egindako erropekin»

Unai Laso eta Jon Mariezkurrena arropa berriak ikuskatzen.
Unai Laso eta Jon Mariezkurrena arropa berriak ikuskatzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Dagoeneko euretako gehienek estreinatuak zituzten, baina Laso, Altuna III.a, Jaka, Peio Etxeberria, Mariezkurrena II.a, Zabaleta, Imaz eta Tolosa bertan zirela, gaur aurkeztu dituzte Ibarran Aspe eta Bikoko pilotariek hurrengo hilabeteetan jantziko dituzten arropa berriak. Urte luzetan Astore etxekoak jantzi ostean –Aspekoek esaterako ez dute besterik izan– Ibarrako Oria Sport Wear etxearen Zu-k marka izango da EPEL-eko enpresetako pilotari eta teknikarien hornitzaile berria.

Abraham Olano txirrindularia, Andoni Iruretagoiena herri kirolaria eta etxe berak janzten dituen beste zenbait kirolariren laguntzarekin, Unai Laso, Jokin Altuna, Erik Jaka, Peio Etxeberria, Jon Mariezkurrena, Jose Javier Zabaleta, Ander Imaz eta Xabi Tolosa Ibarrako Apatta industrialdeako tailerrean izan dira eta jantziak nola egiten dituzten ikusteaz gain, modelo lanak ere egin dituzte, enpresaren katalogo berrirako.

«Erosoak eta transpiragarriak»

Aurkezpen ekitaldian Oria Sport Wearreko Rakel Uribeetxeberria ordezkariak hartu du hitza eta bost urte baino ez dituen enpresarentzat Aspe eta Baikorekin sinatutako akordioaren garrantzia nabarmendu du. «Gure erronka handiena hemengo jendearekin lan egitea zen, eta hemengo jende eta kirolarientzako arropak egitea. Guretzetako oso garrantzitsua da kirolariekin ikastea. Horregatik, arlo ezberdinetako kirol arropak lantzen ditugu: arrauna, mendi lasterketak, patinajea, herri kirolak, txirrindularitza». «Oso pozik gaude, eta espero dugu gure pilotariak pozik egotea. Beti hobetzeko gaude, ikasteko, eta hori da gure nahia», gaineratu du.

Jantzien inguruan nabarmendu du «Ehun oso bereziekin egindakoak» direla, oso ondo transpiratzen dutenak eta elastikoak. «Praketan ere aldea nabarituko dute. Erosoago jokatuko dute arropa horiekin». Entrenamenduetarako arropak ere prestatu dizkie Ibarrako enpresak pilotari eta teknikariei.