NAIZ

LAB: «Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du»

LAB sindikatuak astearte honetan salatu duenez, «Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko». Dioenez, «urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten».

LAB sindikatuak Gasteizen astearte honetan egindako elkarrertaratzea.
LAB sindikatuak Gasteizen astearte honetan egindako elkarrertaratzea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea». Hala salatu dute astearte honetan LAB sindikatuko ordezkariek Gasteizen egindako elkarretaratzean.

Nabarmendu dutenez, «ardura falta hori nabarmen geratzen ari da III. Euskara Planaren ezarpenean, plan horretan jasotako epeak ere ez baitira betetzen. Argi dago Osakidetzako aginte-egiturak eskakizun horri izkin egiten diola, eta badirudi erantzukizuneko lanpostuek salbuespena dutela hizkuntza-gaitasunari dagokionez».

«Konpromisorik ez»

«Ildo horretan, argi ikusten da zuzendaritzen eta zuzendariordetzen konpromisorik eza. Izan ere, hauei ez zaie hizkuntza-trebakuntzari loturiko ezer eskatzen», gaineratu dute, eta, «hori gutxi balitz», gainerako jarduketetarako epeak agortu egin direla ohartarazi dute, «eta horretarako konpromisoa hartua bazegoen ere, ez dira aurrera eraman».

«Hala, egoera honakoa da: herritarren hizkuntza-eskubideekin konprometitutako plantillaren zati handi batek euskara ikasteko ahalegina egiten duen bitartean, Osakidetzako zuzendaritzak ez ditu bere gain hartzen erantzukizunak eta ez da betetzen ari euskara-planak ezartzen duena», azpimarratu dute eta Osakidetzari eskatu diote euskara-plana bete dezala, «eta gardentasunez egin dezala, gaur-gaurkoz planaren helburuarekiko konpromisorik ez dagoela erakusten duen informazioa ezkutatu gabe».