Igande gauean PSEk EH Bilduri Gipuzkoako azken aulkia kendu zionean Sabin Etxean entzun ziren oihuak ez omen ziren nolanahikoak izan, kontatzen dutenez. Epe erdira aulki horrek kalte egin diezaioke EAJri, bazkideak Gobernuaren osaketan indar handiagoa izango baitu, baina azken orduko aldaketa horrek koalizio independentistak hauteskundeak irabaztea eragotzi zuen, eta hori zen alderdi jeltzaleak zuen beldurrik handiena: porrota. Ez zen hala gertatu eta Ortuzar, Pradales eta enparauek lasaitu ederra hartu zuten.
Sustoa pasatuta, ordea, badute zer hausnartu. Izan ere, A21eko hauteskundeek aurrekoetan ikusitako bilakaera sakondu baino ez dute egin, eta hori ez da albiste ona jelkideentzat.
Boto kopuruari dagokionez –atzerrikoak zenbatzea falta da–, 370.554 lagunen babesa jaso du EAJk, duela lau urte baino 20.000 inguru gehiagorena. Arazoa da igande honetan 2020an baino 160.000 pertsona gehiagok eman dutela botoa, parte hartzea ia hamabi puntu hazi baita. Datu hori kontuan izanda, jeltzaleen igoera apala izan dela ondoriozta daiteke, beste alderdiekin alderatuta batez ere; zer esan 92.000 boto gehiago jaso dituen EH Bilduz.
Pandemian izan ziren hauteskundeetako abstentzioak beraiei kalte handiagoa egin ziela esan zuten orduan jeltzaleek, baina argudio horri helduta zaila dute azaltzea orain zergatik ez diren besteak baino gehiago, edo gutxienez berdin, igo.
Parte hartzeari dagokionez, 2016ko bozketak erreferentzia fidagarriagoa dira, nahiko antzekoa izan baitzen, eta EAJk 398.168 boto jaso zituen urte hartan, ia 30.000 gehiago.
Gotorlekua duen Bizkaian EAJk hobeto eutsi die emaitzei, nahiz eta hiru puntu jaitsi eta aurrekoetan baino askoz estuago hartu duen EH Bilduk. Koalizioa aise gailendu da zenbait eskualdetan, eta Bilbo Handian oraindik dagoen koskak eman die garaipena jeltzaleei, nahiz eta hor ere ohi baino gertuago izan duen aurkaria.
Beste bi herrialdeetan, ordea, kezkatzeko moduko emaitzak jaso zituen Pradalesen alderdiak. Gipuzkoan, garaile izatetik 30.000 botoren aldearekin –bederatzi puntu– atzean geratzera igaro da, eta PPren babesarekin EH Bilduri Aldundia kendu izana ez omen dute ahaztu herritarrek. Boto gutxigatik Donostian irabaztea ez da kontsolamendua.
Dena den, EAJrentzat Arabakoa izan daiteke albiste txarrena. Herrialde horretan oso lehia estua espero zen bi indar nagusien artean, baina EH Bilduk espero baino argiago irabazi zuen. Berdin gertatu zen Gasteizen, 2023an jazotakoa errepikatuz, eta beste hainbat udalerritan. Kanpaina honetan protagonismo handia izan duen Joseba Diez Antxustegi hautagai arabar jeltzaleak ez du emaitza onik atera. Agian Pradalesen beraren mesederako...
Agertoki txarrena ekidin du EAJk, baina bere jendea mobilizatzeko egin duen ahalegin izugarria kontuan hartuta, emaitza ez da pozik egoteko modukoa. Jeltzaleek zuzendaritza berria hautatuko dute urte bukaeran, eta honek aztertu beharko du zer egin, zer aldatu, joera trakets honi buelta emateko.