«Hauxe da momentua herri proiektu baten inguruan akordio handi bat josteko», hori izan da pasa den igandeko hauteskunde emaitzen eta ondorengo gertakarien inguruan EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianok nabarmendu duena. Ostiral goiz honetan egin du balorazio prentsaurrekoa Donostian, eta mapa politiko berria aintzat hartzeko eskatu dio EAJri. Oraindik ez du jeltzaleen deirik jaso, eta EH Bildu bigarren indarra izanik (botoetan), «demokrazia parlamentarioaren ohiko kodeak» hautsi dituela Pradalesek kritikatu du.
Unea «orain» dela izan da otxandiarrak gehien errepikatu duen ideia. Izan ere, EH Bilduren «emaitza historikoak» aipatu, boto emaileak eskertu eta Gasteizko Parlamentuari begira jarri da. Osaketa aztertuz, aurrez esan bezala, bi gehiengo daudela gogoratu du, 54 jarleku batuko lituzkeen abertzale-subiranista eta 40 elkartuko lituzkeeen ezkerrekoa. Horiek artikulatzeko momentua dela azpimarratu du: «Gobernugintzak horri erantzun behar dio».
«Herri proiektu baten inguruan gehiengoak osatzeko momentua dela uste dugu, herri hitzarmen sendo bat behar da», adierazi eta momentu hau ezin dela «galtzen utzi» gehitu du. Orain artekoa egiten jarraitzea, hau da, EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa, beste aukera bat dela esan du, «baina hipoteka asko sortuko ditu», argitu du.
Elkarguneak eta «hipotekak»
Bi alderdien arteko paktuek puntu asko utzi ditzaketela albo batera gaineratu du eta zera adierazi du: «Gero, ez du balio EH Bilduri eskatzeak hipoteka horien erantzule egiteko, ez, horrek ez du balio». Eta kanpainan zehar alderdi subiranistak beste alderdiekin dituen elkarguneak identifikatzeko lana txalotu du.
Bestalde, EAJk eta PSE-EEk hasieratik elkartzeko zuten asmoa kritikatu du, eta astelehenean egingo duten bilera horren adierazgarria dela esan du. «Gu elkarguneak bilatzen ari ginen eta beste batzuek antagonismo batzuk eszenifikatu dituzte bidea ixteko bestelako herri proiektuei. Orain arteko gobernantzarekin jarraitzeko erabakia hartua zegoen lehendik ere beraien partetik; orrialdea pasatu nahi dute aintzat hartu gabe errealitatea aldatu dela», hausnartu du Otxandianok. Eta gogoratu du PSE-EEk esan zuela EAJrekin ez zirela fio EH Bildurengana hurbiltzeko tentaldia eduki zezakeelako; eta EAJk esan zuela ez zela fio sozialistekin, «Sanchezek hartzen dituelako erabakiak, bere interes pertsonalei bakarrik erantzuteko».
Kanpainan zehar batzuek mahai gainean jarritako antagonismo horiek gezurtatu ditu eta elkarguneei begira jarraitu beharko litzatekeela esan. Ariketa horri, ordea, «izkin» egin diotela deitoratu du, eta aste honetan Imanol Pradalesek harreman erronda bat ez egitea bera «oso adierazgarria» dela esan du, «jarraipena eman nahi zaio oso konbentzionala den politika bati». Horregatik, «gehiengo kualifikatuak» sortzeari bide eman behar zaiola defendatu du.
EH Bilduk harreman errondarik ez duela hasiko errepikatu du, «hauteskundeak irabazi dituenak» egin behar duela azpimarratuz; ez egin izana, Otxandianori, pertsonalki, «onartezina» iruditzen zaio. «Herri honen erronkei erantzun behar bazaie, EH Bildurekin hitz egin beharko da», azaldu du, ez dagoelako gehiengo abertzalerik beraiek gabe, ez eta ezkerreko gehiengorik ere. Ea lehendari izateko inbestidurara aurkeztuko den galdetuta, datozen asteetan aztertuko dutela erantzun du.