Iker Vicenteren euforia.
Iker Vicenteren euforia. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Iker Vicente, ahalegin betean.
Iker Vicente, ahalegin betean. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Julen Alberdi, nahi eta ezinean.
Julen Alberdi, nahi eta ezinean. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Vicente eta ‘Txikia IV.’a, biak lanean.
Vicente eta ‘Txikia IV.’a, biak lanean. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Zezen-plazako ikusleak, apustuari so.
Zezen-plazako ikusleak, apustuari so. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Lehia eta gero, goitik beherako kiroltasuna.
Lehia eta gero, goitik beherako kiroltasuna. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Vicenteren atsedenaldi laburra.
Vicenteren atsedenaldi laburra. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Iker Vicente garaile, atzean aita eta lehengusua laguntzaileak ere pozarren.
Iker Vicente garaile, atzean aita eta lehengusua laguntzaileak ere pozarren. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Arnaitz Gorriti

Iker Vicente Tolosako aizkora apustuko jaun eta jabea, ‘Txikia IV.a’ airean eraman ostean

Lehenengo enborretik nagusi izan da Otsagabiko aizkolaria. Bigarren erdian «bete» egin dela esan badu ere, hamar minutu atera dizkio «batere gozatu» ez duen Julen Alberdiri. Bi mila ikusletik gora pilatu dira Tolosako zezen-plazan, eta parekotasunik izan ez bada ere, lan bikaina ikusi dute.

Iker Vicente, apostua irabazi berritan.
Iker Vicente, apostua irabazi berritan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Zorionak Iker Vicenteri. Aurrez ‘Harria V’.aren eta Mikel Larrañagaren aurka trabesak irabazi eta gero, zapatu honetan, Tolosako zezen-plazan, nahieran hankapean erabili du Julen Alberdi ‘Txikia IV’.a ere. Azkoitiarra, lotuta agian presioagatik edo dena delakoagatik, ez da bere ohiko mailan aritu, baina meriturik eman behar zaio Otsagabiko aizkolariari ere. Lehenengo enborretik erritmoa bikain hartu du nafarrak eta goitik behera menpean izan du apustua. Lastima, agian, emoziorik ez dela izan eta azkenerako, bete egin baita Vicente bera ere, ez duela 50 minutuko langa hautsi.

Nolanahi, berehala nabarmen geratu baita aizkolari bien arteko aldea. Ondo egindako lanaren meritua biek ala biek erdibana partekatu dezakete, baina merezimendu osoz eta lan bikainaren poderioz trabesa eraman duenari; alegia, 14.000 euroko diru saria, zorionak eman besterik ezin da egin.

Hamar minututik gorako aldea atera dio Iker Vicentek Julen Alberdiri. 51 minutu eta 5 segunduan erdibitu ditu 14 kanaerdikoak eta 60 ontzako beste zortzi enborrak nafarrak. Ordubete, minutu bat eta 32 segundu behar izan ditu ‘Txikia IV’.ak lan hori bera burutzeko. Hala ere, jendearen animorik batak ere ez du falta izan.

«Irabazteak balio zuen hemen. Ez nago erabat gustora eraman dudan taktikarekin, baina nik uste egurrei hasieran ondo eman diedala. Agian bigarren erdian behera erori naiz, baina ez da erraza norbere erritmoa kudeatzea hainbesteko aldearekin aurretik ikusiz gero, baina azkenean irabazita oso gustora horigatik», adierazi du Iker Vicentek lanak amaitu berritan.

Giro aproposa

Tolosako zezen-plaza munduko handiena dela dio txisteak, sekula ere betetzen ez delako. Nolanahi, bi mila lagun baino gehiago pilatu dira aizkora apustu hau jarraitzeko. Bazkalostean botatako zaparradak direla-eta hondarra lokatz bihurturik, baina ateri eta kirol arratsalde bikaina bizitzeko aitzakiarik gabeko giroak agurtu ditu Otsagabiko eta Azkoitiko aizkolari biak.

Esan bezala, egin beharreko lana, 14 kanaerdiko eta 60 ontzako beste zortzi eta buruz burukoa hasterako, kirolari bien aho batezko erreferentzia: «50 minuturen bueltan dabilenak eramango du apustua». Etxeko lanak eta entrenamenduak behar bezala osatuta.

Kanerdikoetan ekin dio lanari ‘Txikia IV’.ak, eta 60 ontzakoetan, berriz, Iker Vicentek. Ondorioz, hasiera batean begi zorrotza behar aurretik zeinek ekin dion antzemateko. Giroa, bestalde, ondo berotuta bata zein bestearen alde. Hala ere, parte-hartzaileek beraiek berehala igarri dute trabesaren patua Otsagabi aldera begira jarri dela.

«Ez dut harro egoteko moduko lanik egin dudanik», onartu du Julen Alberdik. «Ez dut batere gozatu eta denbora guztian erabat beteta egon naiz eta kolpe bat ez nuen zuzen ematen. Indarka arituta hemen jai dago eta hasieratik bukaerara arte arrastaka aritu naiz», gaineratu du azkoitiarrak.

Izan ere Iker Vicente, bere hirugarren apustu handia aldean, ordu laurdena betetzerako nabarmen aurreratu da. Erritmoan lasaiago murgilduta, Julen Alberdi gipuzkoarra baino itxura hobea eman du trabesaren aurreneko laurden horretatik hasita. Nonbait, Azkoitiko semeari aurreneko minutu horietan apustuaren urduritasun eta egin beharrak gain hartu dio.

Eneko Saralegi, Iker Vicenteren lehengusu eta laguntzaileetako batek –Daniel Vicente aita izan du bestea Otsagabikoak–, garbi ikusi du. «Egur nahiko politak izan dira eta Ikerrek lan oso polita atera du aurrera. Nahi gabe ere hasierako gogor ateratzeko ohitura dauka eta gero ikusi da, lan erdietatik aurrera, pixka bat beteago ikusi duelako bere burua. Baina ordurako Julenek ez zion jarraitzen eta apustura etorritakoan denborak ez du hainbeste inporta, irabazteak baino», azaldu du.

Arerio bakarra, norbere burua

Izan ere, aizkolari nafarrak uste baino alde handiagoa uste baino arinago hartu du. Lan erdietara iristerako, lau minututik gorako abantaila patrikaratu du Iker Vicentek eta, ondorioz, erritmoa nahieran kudeatu ahal izan du. Hamaikagarren enborra 22.06 minutuan amaitu du Otsagabikoak, artean ‘Txikia IV’.a hamargarren enborrean lanean ari zela. 26.13 minutu pasa dira azkoitiarrak lau 60 oinbiko eta zazpi kanaerdiko botata, lan erdiak egin dituenerako.

Julen Alberdi ur eske eta besoak libratu nahian sufritzen ikusi den bitartean, aizkolari nafarrak zirkinik ere egin gabe bere lanari jarraitu dio, 50 minutuko langa «sakratu» hori aise botatzeko intentzioz, itxura baten. Baina aizkolariek beraiek aitortu dutenez, egurrak begiratu baten zirudiena baino gogorxeagoak tokatu dira eta nafarrak ere azken aldera erritmoa moteldu egin behar izan du.

«Lan erdira arte ez nuen erreferentziarik eta nik uste horregatik behar baino esfortzu handiagoa egin dudala hasieran, eta egurrak ere ez ziren punta puntakoak», azaldu du Iker Vicentek.

Trabesa ordurako irabazita izanda, lasaitu galanta du Otsagabikoak; gizakia hau ere, esfortzua kontu eske hasi zaio honi ere eta, bestalde, etsiak jota, Julen Alberdi ‘Txikia IV’.a ere halakoren baten bere onera itzuli da. Nolabait esatearren, kirolari bakoitzak apustuan bere lekua –irabazle bata, galtzaile bestea– kokatu baitu. Horrek ez du zezen-plazako harmailetako girorik hoztu, hauek emozio gehixeago, azkoitiarraren zaleek batez ere, hartuko zuketen arren.

«Hainbeste denbora plazan eta, aizu, presioa oraindik asko sentitzen da. Lanak oso handiak dira eta nik uste pixkatxo bat huts egin dudala. Presioa handia da, pultsazio altuetan zaude eta buruan galdera negatibo asko pilatzen dira. Behintzat jakin izan dut hori kudeatzen eta orain irabazita, kristoren poza daukat», amaitu du aizkolari nafarrak.

Aurkariak baino hamar minutu gehiago behar izanda, penatan amaitu du Julen Alberdi ‘Txikia IV.’ak. «Prestakuntza lanak ondo eraman ditut, gozatzen, baina ezin nuen gozatu. Gustora etorri naiz plazara, baina ez da egun ona izan. Saiatu naiz hain egun txarra ez izaten, baina hemen egindakoagatik ez dago harro egoteko motibotik», esanda amaitu du azkoitiarrak.

Edonola ere, herri kirol zaleek gustora amaitu dute. Otsagabitik etorri den autobus bete zaletuek, herriko mutilaren beste garaipen batekin gozatu ahal izan dutelako; osterantzekoak, bata edo bestearen alde eginda ere, ikuskizun bikainaren lekuko izan direlako.