Garaipenak dira sarri sendabelarrik onenak, izan zaletu edo kirolari. Garaipenekin beste aldarte batean sentitzen da norbera eta Jokin Altunak ere ideia hori berretsi zuen, Zabaletaren aurka funtsezko garaipena eskuratu berritan: Partidek ematen dizue konfiantza, horrelako kolpea hartuta garrantzitsua zen gaur irabaztea». Amezketarrak irabazi egin behar zuen Buruz Burukoan bizirik jarraitzeko eta ez zuen hutsik egin, etxarrendarra hankapean ibilita.
Zabaleta ere punturik batu gabe iristen zen hitzordura, ligaxkako bigarren jardunaldira, eta beraz, beste porrot bat jasota, aurrera egiteko aukerarik gabe geratzen da. Burumakur ikusi zaio partida osteko elkarrizketan ere, «balantze positiboa egiten» duen edo ez, zer erantzun ere ez zekiela. Kontua da, berak onartu legez, soilik lehen partidan disfrutatu zuela, final-zortzirenetako kanporaketan, Jakaren aurka. Geroztik, ligaxkan, korrontearen aurka aritu da eta prestatzeko denbora falta aipatu zuen atzo, bai eta piloten ezaugarriak ere. Iritzi du, «ikusten ari garen materialarekin gero eta zailagoa izango da» atzelarien jarduna Buruz Burukoan.
Horrelako txapelketa batean sakeak berebiziko garrantzia hartzen du eta Zabaleta saiatu da ahalik eta fruitu gehiena ateratzen, zozketak hasierako sakea alde eman baition. Egin ditu erreskadan hiru tanto baina hor geratu da Etxarrengoaren takada, Altunak 3-1ekoa egin, pilota aldatu (4 zenbakiduna) eta erreskadan beste 12 tanto egin baititu (3-13).
Eroritako bat eta sakean pasa egindako bi pilotekadengatik izan ez balitz, gainera, Zabaletak ez luke aurrera egingo markagailuan. Etxarrengoak onartu du ez zela partidatik atera eta saiatu dela azken tantora arte «barruan nuen guztia ateratzen» baina gehitu du «lehendabiziko tanto horiek kenduta» ez zela «batera gustora ibili».
Argi eta bizkor
Jokin Altuna, aldiz, argi, tentuz eta abileziaz jardun da, Zabaleta atzera eta aurrera, eskuin eta ezker mugiaraziz. Ondo landua zuen estrategia eta, esaterako, bere lehen sei tantoetan, sakea funtsezkoa izan du, zuzenean tanto egiteko edo errestoan ederki bukatzeko. Atzean sartzen zuen Zabaleta, ondoren aurrean bukatzeko, pilotakada gutxirekin, erremate zitalekin. 3-12ko hormabikoa, zabaleko lerrotik egindakoak, esaterako, Altunaren zigilua izan du.
Ondoren hasi da Zabaletaren txakalaldia, Altunaren zurrunbiloaren baitan, erantzun nahian ibiltze horrek dakarren ondoezean. Pilota erori egiten zitzaion, eta hainbeste hutsegitek maldan gora jarri diote partida, bai eta bere morala ere. Ilusio handiz hasi zuen Buruz Burukoa txapelketako atzelari bakarrak baina bere itxaropen guztiak segituan itzali dituzte maila handiko aurrelariek.
Txapelketan bizirik jarraitzen duena, bestalde, Jokin Altuna da. Erakustaldi hau eman ostean, iruditzen zaio bi asteko atsedena ongi etorriko zaiola Darioren aurkako dema garrantzitsura puntu puntuan iristeko. Kale edo balekoa izango da; irabazlea finalerdietara sailkatuko baita. Astelenan neurtuko dituzte indarrak, Amezketakoaren pilotalekurik kuttunenetakoan, datorren igandean.
FITXA TEKNIKOA
ZABALETA 6
ALTUNA 22
Pilotakadak: 155 pilotakada. Iraupena: 37:47 minutu. Markagailua: 1-0, 3-0, 3-1, 3-2, 3-3, 3-4, 3-13, 4-13, 4-14, 4-15, 5-15, 5-16, 5-17, 5-21, 6-21, 6-22. Sakez: 0 Zabaletak eta 4 Altunak (bi falta). Egindakoak: 3 Zabaletak eta 14 Altunak. Galdutakoak: 8 Zabaletak eta 3 Altunak. Gertaerak: Astelena pilotalekuan jokatutako partida, B multzoko bigarren jardunaldikoa. Sakea, gorri.