NAIZ

Euskal Herrian erregai fosilekiko menpekotasuna aztertuko dute lau saiotan

Petronor bigarren saioan izango dute aztergai, hurrengo astean.
Petronor bigarren saioan izango dute aztergai, hurrengo astean. (Marisol Ramirez | Foku)

Ekologistak Martxan, Greenpeace, Jauzi Ekosoziala, Mehatzaldea Bizirik, Euskal Gune Ekosozialista eta Sukar Horia elkarteek antolaturiko 'Erregai fosilekiko menpekotasuna: konponbideak eta erronkak' izeneko eztabaida zikloa hasiko da Bilbon ostegun honetan, maiatzaren 2an.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, zikloaren baitan lau saio izango dira, Euskal Herriak erregai fosilekiko duen arazoa aztertzeko ekologiaren, sindikatuen, osasunaren eta erakundearen ikuspegitik. Saioak maiatzeko ostegunetan izango dira, 18:00etan, Bizkaiko Batzar Nagusietako erabilera anitzeko aretoan.

Horrela, 'Erregai fosilekiko menpekotasuna, enpresak eta beraien tranpak' izenburuko saioarekin hasiko da zikloa ostegunean; Maria Jose Pereda (Herriarte-Entrepueblos), Paco del Pozo (Greenpeace) eta Marina Gros (Ekologistak Martxan) izango dira parte hartzaileak.

Hurrengo saioa maiatzaren 9an izango da, 'Petronor: iragana, oraina, eta etorkizunerako ikuspegia' izenburupean, eta Sara Ibañezek (Mehatzaldea Bizirik) eta Aitor Urrestik (EHU) hartuko dute parte.

'Langileen etorkizuna energia trantsizioaren aurrean' saioa, aldiz, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak izango dira, maiatzaren 23an.

Eztabaida zikloa maiatzaren 30ean bukatuko da, 'Politika instituzionalaren papera deskarbonizazioan' izenburuko saioarekin. Gessami Former 'El Salto' egunkariko kazetariak moderatuta, Mikel Otero (EH Bildu), Oscar Fernandez (Berdeak Equo) eta PSEko eta Elkarrekin-Podemoseko ordezkari bana izango dira bertan.