NAIZ

Latinoamerikako ezkerreko agintariek elkartasuna eta maitasuna helarazi dizkiote Pepe Mujicari

Lula da Silvak (Brasil), Luis Arcek (Bolivia), Evo Moralesek (Bolivia), Miguel Diaz-Canelek (Kuba), Cristina Fernandezek (Argentina) eta Julio Maria Sanguinettik (Uruguai) elkartasun mezuak helarazi dizkiote Pepe Mujicari, tumore bat duela iragarri ostean.

Jose Mujica, astelehenean, tumore bat duela iragarri ondoren.
Jose Mujica, astelehenean, tumore bat duela iragarri ondoren. (AFP)

Latinoamerikako zenbait agintarik elkartasuna eta indarra helarazi dizkiote Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiari (2010-2015), honek prentsaurreko batean hestegorrian tumore bat duela iragarri ostean. Euskal Herritik ere gauza bera egin zuten EH Bilduko zenbait ordezkarik, albistea jakin bezain laster.

«Anaia Mujicari, nire miresmena eta elkartasuna. Mundu hobe baten aldeko borrokan itsasargi bat zara. Beti egon gara elkarrekin une onetan eta zailetan. Maitasun eta indar handia nire partetik eta ‘Janja’ren partetik (Lularen emaztea), zuretzat eta Luciarentzat», esan du Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak bere sare sozialetan.

Lulak eta Mujikak, biak ala biak Latinoamerikako progresismoaren erreferenteak, adiskidetasun harreman estua izan dute azken hamarkadetan.

Bestalde, Luis Arce Boliviako agintariak «elkartasuna» adierazi dio estatuburu ohiari, eta «bataila» honetatik «onik» ateratzeko nahia adierazi zdio. Gainera, bere argazki bat partekatu du, Uruguaiko politikariarekin batera ateratakoa.

«Indar iraultzailea gure anaia Pepe Mujicari, Aberri Handiaren buruzagi handi bat», gehitu du Arcek.

Boliviako gobernariak esan du ezagutzen duela «gaixotasun latz hori», eta «Mujica, berandu baino lehen, gudu berri honetatik onik atera dadin» opa dio.

Arceri giltzurruneko minbizia atzeman zioten 2017an, eta, ondorioz, Evo Moralesen Gobernuko Ekonomia ministro izateari utzi zion (2006-2019), gaixotasuna herrialdetik kanpo tratatzeko.

«Anaiarteko besarkada bat helarazten diot Pepe Mujica lagunari. Ziur nago gaixotasunaren aurkako borroka berri hau gaindituko duela, argitaratu zuen Evo Morales Boliviako presidente ohiak (2006-2019) X sare sozialean.

Movimiento al Socialismo (MAS) ofizialistaren buru ere badenak errespetua adierazi dio Mujicaren «ibilbide politiko luzeari» eta «Latinoamerikako integrazioari egindako ekarpenei».

«Espero dut laster elkartuko garela gure Aberri Handiaren norabideaz hitz egiteko», gaineratu zuen.

«Anaiarteko besarkada» Kubatik

Kubatik, Miguel Diaz-Canel presidenteak «anaiarteko besarkada bat» eta «indar guztiak» bidali dizkio Uruguaiko presidente ohiari.

«Anaiarteko besarkada bat eta aurrera jarraitzeko indar guztiak bidaltzen dizkizugu», eta «ez dago zugan bizitako oztopoen aurrean amore ematea», idatzi du X sare sozialean.

Argentinako presidente ohia Cristina Fernandezek (2007-2015) «Indarra, Pepe!» adierazi du bere mezuan.

«Gaur goizean Peperekin hitz egin dut, eta ez dut haren gaixotasunari buruzko berririk izan. Berarekin eta Luciarekin hitz egin dut, nire maitasuna helarazteko eta indarra emateko. Ziur nago maitasun hori Argentinako herriak partekatzen duen sentimendua dela», argitaratu du Fernandezek X sare sozialean.

Gainera, Julio Maria Sanguinetti Uruguaiko presdente ohiak «adiskidetasuna eta itxaropena» adierazi dizkio.

Diagnostikoa doitzeko azterketak

Bestalde, Mujica artatzen duen medikuak, Raquel Pannonek, aurreratu du bere mediku taldeak azterketa berriak egingo dituela datozen egunetan, hestegorriko tumorearen diagnostikoa «doitzeko» eta jarraitu beharreko tratamendurik onena erabakitzeko.

«Hori baieztatzeko egun batzuk beharko dira, eta zehaztu beharko da zein egoeratan gauden eta zein den berarentzat tratamendurik onena», adierazi dio Efe agentziari 88 urteko politikariaren medikuak. Mujicak esan duenez, jada jasaten dituen zenbait patologia tarteko, zaila da tratamendu eraginkorra aurkitzea, ohikoak –kimioterapia kasu– ezin dituela hartu.