Jon Ormazabal

Ezkurdiak patxada oparitu dio bere buruari eta espero ez zuen aukera bat Zabalari

Txapeldunaren madarikazioak bere horretan dirau eta gaur berea ematerik izan ez duen Aitor Elordik agur esan dio Buruz Burukoari eta errioxarra izango da Lasoren arerioa finalerdietako batean.

Joseba Ezkurdiak Elordik izan ez duen patxada izan du gaurkoan.
Joseba Ezkurdiak Elordik izan ez duen patxada izan du gaurkoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Egungo txapelduna kanporatu izanaren kontsolamenduarekin agurtu du Joseba Ezkurdiak aurtengo Buruz Burukoa, bera bezalako pilotari batentzat nahikoa ez den saria, baina dituen erronkei aurre egiteko patxada emango dion garaipena. Saria, benetako saria, Javi Zabalak eraman du, gutxien espero zuenean, berak eramango baitu aspaldiko finalerdietarako txartelik merkeena, puntu bakarrarekin Unai Lasoren aurka jokatzeko modua egin baitu Elordiren porrotari esker. Gutxienez, beste urtebete iraungo du txapeldunaren madarikazioak, iazko mailatik oso urrun, mallabitarrak garaipen bakarrarekin –Zabalaren aurka Gasteizen lortutakoa– agur esan baitio txapelketari.

Galdetu zaion bakoitzean gerriko gorriak pisu berezirik duenik ukatu badu ere, gaurkoan ere argi geratu da gorputza bezain garrantzitsua, edo gehiago, izan daitekeela burua hil ala biziko partidetan. Iaz, azken unean eta galtzeko ezer gabe sartu ostean, Binakakoan hartutako olatua bere joko oldarkor eta ausartarekin bikain surfeatuz, aurkariak txikitu zituen mallabitarrak, aurten, konfiantzaren bultzada hori gabe eta arduraren pisua gainean zuela, lotuta aritu da bizkaitarra, aurrera pauso hori eman ezinda.

Eta txanpon beraren beste aurpegia izan da Joseba Ezkurdia. Matematikoki bai, baina benetan aurrera egiteko aukerarik gabe –azken partzial hori hasieran egin izan balu oso bestelakoak izango ziren gauzak– libre jokatu du arbizuarrak, entrenamenduetan zituela esaten zituen sentsazio on horiek benetakoak zirela erakusteko moduan.

Eta horrela, epailearen txapak lehen sakea Elordiri eman dion arren, partidaren aginte makila Ezkurdiarena izan da lehen tantotik. Orain arteko partidetan izan duen presarik gabe, arbizuarrak gauzak zuzen egin ditu, aparteko erakustaldirik eman gabe, pilota aurkariak baino gehiago atzeratu eta Elordik nahi zuen joko azkar eta motzean sartzeko intentziorik gabe 0-6 aurreratuz.

Alferrikako susperraldia

Erasoan bere burua saldu duen lehen pilotakadak eten du sakandarraren bolada ona, eta gogotik ordaindu du, sakea bere esku zuela, berehala utzi baitu Elordik Ezkurdia geratzen zitzaion aurrera egiteko aukerarik gabe. Orduantxe agertu da, une labur batez, egun onenetako Elordi, pausua aurrera eman eta arrisku handiak hartuz, partida aitaren batean berdindu eta, are gehiago, erdi bideratuta utziz (10-7).

Bertan geratu da, ordea, iazko txapeldunaren oldarraldia. Ezkurdiak ez du bururik galdu, gauzak ondo egiten jarraitu du eta hankapean ibili du bizkaitarra. Sakearekin asmatu du nafarrak, baina baita aurkaria oinak lautik atzera izatera behartu eta botera jokatu arazterakoan. Hor deseroso sentitu da Elordi, Ezkurdiari tantoa nondik egin zulorik topatu ezinik eta irabazi beharrak egin du gainerakoa, arbizuarraren garaipenerako ateak parez-pare irekiz. Bilbon zen inor ez du erabat bete gaurko emaitzak, baina Ezkurdiari, bederen, balizko inflexio puntu batean sinisteko motiboak eman dizkio.

FITXA TEKNIKOA:

Elordi: 10

Ezkurdia: 22

Pilotakadak: 203. Iraupena: 42,26 minutu. Markagailua: 0-6, 7-6, 7-7, 10-7, 10-22. Sakeak: 3 Elordik eta 7 Ezkurdiak. Egindakoak: 6 Elordik eta 9 Ezkurdiak. Galdutakoak: 6 Elordik eta 1 Ezkurdiak. Gorabeherak: 437 lagun Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Garikoitz Txakartegi aritu da Elordi ilobaren botilero lanetan eta Peio Etxeberria Joseba Ezkurdiarekin. Lehen sakea gorri.