NAIZ

Euskal Herriko ikasleek bat egin dute Palestinaren aldeko mundu mailako mobilizazioekin

#StudentsForGaza dinamikaren baitan munduko unibertsitateetan izaten ari diren protestak Euskal Herrira ere iritsi dira. Ernaik eta Ikasle Abertzaleek unibertsitateetan kanpatzeko deia egin dute eta Ikamak, aldiz, mobilizazioak antolatuko ditu ikastetxeetan. BDZk ere bat egin du.

Kanpaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Iruñean.
Kanpaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Asteazken honetan zazpi hilabete beteko dira Israelek Gazaren aurkako erasoaldi bortitza hasi zuenetik. Palestinarren aurkako genozidioak protesta mugimendu ugari piztu ditu munduan, besteak beste, unibertsitatearen eremuan, #StudentsForGaza izenarekin. Euskal Herrira ere iritsi da dinamika hori.

Ernaik eta Ikasle Abertzaleek Palestinaren aldeko kanpaldi hauetan parte hartzera deitu dute, EHUko hiru campus nagusietan (Leioa, Ibaeta eta Gasteiz) eta NUPen (Iruñea). Gogorarazi dute Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren aurrean mundu osoko unibertsitateak mobilizatu direla Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta lekuko hori hartu nahi izan dutela.

Gasteizko kanpaldia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Ikasle mugimendua historikoki eraldaketa eta emantzipazio prozesuen subjektu garrantzitsua izan da eta oraingoan ere horrela izaten jarraituko du. Isilik geratu eta beste alde batera begiratzea ez dira aukera bat. Euskal Herritik Palestinarekiko elkartasuna adierazten eta neurriak exijitzen jarraituko dugu, genozidioa amaitu eta palestinar herria aitortua izan arte», azpimarratu du Ernaik.

«Israelgo Estatuak sei hilabete baino gehiago daramatza inpunitate osoz Gaza suntsitzen, palestinarrak bere lurretatik kanporatzen eta gerra Ekialde Hurbileko beste herrialdeetara zabaltzeko ahaleginak egiten. Jada 30.000 palestinar baino gehiago erail ditu Israelgo Estatu sionistak eta genozidioa bere amaieratik urrun dagoela ematen du», deitoratu du, bere aldetik, IAk.

Gogoratu dute hainbat herrialdetan ikasleen kanpaldi hauek erantzun bortitza jaso dutela, milaka atxiloturekin.

Ikamak ere Palestinako herriari babesa ematera deitu du eta mobilizazioak eta ekitaldiak iragarri ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, unibertsitateetan egingo diren kanpaldiekin bat egiteaz gain.

Gernika-Palestinak eta BDZ ekimenek ere bertaratzeko gonbitea egin dute.