2022ko apirilean aurkeztu zen Otxantegi Herri Lurra proiektua. Berangon kokatuta dagoen XV. mendeko Otxandategi dorretxearen lurrak babestea du helburu, baita hiriaren eta baserriaren artean zubi lanak egitea ere. Urte hartako udan, eremu horretako lurraren jabeek ekintzaileak salatu eta epaiketa izan zuten irailean. NAIZ Irratiko ‘Gelditu Makinak’ saioan azaldu zituzten proiektuaren nondik norakoak.
Okupatutako etxebizitza eta soro bat lantzen dute Uribe Kostako hirigintza ereduaren aurka, eta kanporatzeko arriskuan zeuden. Bi saiakera izan dira orain arte, azkena iazko apirilean; epaitegietatik deia heldu zitzaien, baina Ertzaintzak nahikoa baliabide ez zuela argudiatu eta desalojoa bertan behera geratu zen.
Astearte honetan itzuli da Ertzaintza, oraingo honetan desalojoa gauzatzera. Dozena bat furgoneta bertaratu dira, poliziak mailu, borra eta istiluen aurkako materialarekin, eta eremuaren barrura sartu ondoren dorretxearen kanpoaldean erresistentzia baketsua egin asmoz zelaian eseri diren ekintzaileak banan-banan identifikatu eta kanporatu dituzte.
Guztira, 40 pertsona baino gehiago identifikatu ditu Ertzaintzak, desobedientzia egotzita, Hiruka.eus agerkariak sare sozialetan berri eman duenez. Pertsona bat atxilotuta eraman dute Neguriko komisaldegira, zaurituta, Otxantegi Herri Lurreko kideek jakinarazi dutenez. Bihar bertan epaituko dute eta babesa helarazteko elkarretaratzea antolatu dute, 9:30ean Getxoko epaitegiaren aurrean hasiko dena.
Otxantegiko sarreran babesa ematen zegoen jendea kanporatu dute. pic.twitter.com/lRRG5lzjcq
— Otxantegi Herri lurra (@Otxantegi) May 7, 2024
Gainera, beste bi lagun ere artatu behar izan dituzte, Hiruka.eus hedabidearen arabera. Urdulizko ospitalera joan behar izan dute. Bati beso-euskarria jarri diote, kolpeak ditu gorputzean, baina ez du ezer apurtuta. Bestea, aldiz, ehunen apurketa du hankan, iturri berek zehaztu dutenez.
Beste bi saiakeren ostean, indar erakustaldi handiarekin agertu da Ertzaintza Berangoko @Otxantegi husteko asmoz.
— Hiruka (@HirukaEus) May 7, 2024
Herri-lurretako ekintzaileek okupatutako eremua defendatzeko deia egin dute gaur.
🧶hariari segi 👇🏼 pic.twitter.com/t61xLgFifz
Kanpoan zeudenak identifikatu ondoren, barrura sartu dira ertzainak, dorretxean zeuden ekintzaileak kanporatzera. Haietako bost teilatuan zeuden, eta beste bat kanpoaldean dagoen tripode moduko batean igota. Suhiltzaileak ere bertaratu dira.
Eraikinean gotortuta zeudenak kaleratu egin dituzte eta teilatukoak ere bai, Hiruka.eus-ek kontatu duenez. 13.00ak aldera, sarrerako egurrezko egituran eskegita zegoen ekintzailea jaitsi eta identifikatu dute. Ekintzaile guztiak kanporatu ostean, sarrailagileak sartu dira ingurua ixteko.
Hiruka.eus-ek salatu duenez, Ertzaintzak ukatu egin die kazetariei gertatzen ari zenaz barrutik informatzea, eta segurtasun hesiaren kanpoaldean egotera behartu dituzte.