EHUko campus nagusietan (Leioa, Ibaeta eta Gasteiz) eta NUPekoan Palestinaren aldeko kanpaldiak egiten ari dira astelehenetik, munduan barrena unibertsitateetan izandako mobilizazioei jarraipena emanez.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan 40 bat lagunek pasa dute kanpin dendetan astelehenetik astearterako gaua. Gaua lasai joan dela diote. Eguneko lehen orduekin batera, indarrak berritzeko gosaria prestatu, ingurua txukundu eta kanpaldiaren eguneko programa prestatzeari ekin diote. Hitzaldiak, elkartasun argazkiak eta beste zenbait ekimen dituzte egunean zehar.
Propaganda da lanik garrantzitsuenetako bat horrelako ekimenetan. Israel genozidatzat jotzen dituen pankartak prestatu eta paratu dituzte Arrosadiako campusean. Beste batzuetan, Palestina pairatzen ari den erasoan Mendebaldeko estatuen ardura salatzen da. Erresistentziaren aldeko mezuak ez dituzte ahaztu, «Palestina libre» edo «Palestina askatu», esaterako.
Argazki solidarioak
Goizean zehar kanpaldiaren zergatiak azaltzen dituzten eskuorriak banatu dituzte. Mobilizazioaren lehen aldarrikapena «genozidioaren berehalako etetea» da. Honekin batera, «palestinar herriaren askapena» eskatzen dute, preso politiko guztien askatasunean, errefuxiatuen itzuleran, Palestinako lurraren deskolonizazioan eta «ibaitik itsasora bitarteko klase eta zapalkuntzarik gabeko Palestina aske bat erakitzean» oinarrituta.
Honekin batera, eguneko programazioa iragartzen dituzten kartelak ere paratu dituzte. Hego Euskal Herriko beste campusetan bezala, Nafarroakoan goizean argazki solidarioa da ekitaldirik nagusiena. Klaseen arteko aldaketa aprobetxatzen dute horretarako. «Palestina askatu! Israel borrokatu, desnormalizatu, suntsitu» leloa duen pankarta baten atzetik NUPetik sostengua bidali diete eraso sionista pairatzen dutenei. Palestinako eta PAHFen banderak ere ikusten ziren. Antzeko argazkiak egin dituzte beste campusetan ere.
Donostiako campusean, kasurako, 13.00etan batu da ikasle eta irakasle talde bat, Ibaetan gau bat eman duten 30 kanpin denda ingururen bueltan, elkartasun argazkia egiteko. Goizeko zaparradek bustita utzi dituzte dendak, baina kanpaldiarekin segitzeko jarrera dute ikasleek, eta egitaraua zabaltzen ari dira egunak arinagoak izan daitezen, bazkari eta kontzertuekin, besteak beste. Asanbladetan erabakiko dute protestak hartuko duen norabidea eta astearteon Israelen kontrako jarrera erakutsi duten irakasleekin bildu dira.
Palestinarekin elkartasun argazkia egin dute EHUko ikasle eta irakasleek. pic.twitter.com/9gMzCIUUAm
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) May 7, 2024
«Israelen kontra borrokatu»
Ibaetako deialdiak hainbat ikasle batu ditu kanpaldira, «batetik, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta, bestetik, mundu mailan kanpaldiak ari diren ikasleei elkartasuna adierazteko», Ikasle Abertzaleak taldeko Beñat Astizek zehaztu duenez.
Euskal Herriko unibertsitateko ikasleak ere mundu mailan piztu den mugimendura batu dira aldarrikapenekin bat egiten duelako, baina garrantzitsua deritze, aldi berean, bertako erakundeak interpelatzea, Israelen «sarraskiaren konplize batzuk hurbil» daudela iritzita. Astizek nabarmendu duenez, EHU da konplize horietako bat, «anbiguoa» izan baitzen, bere ustez, unibertsitateak Palestinako «hondamendi humanitarioa» salatzeko ondu zuen manifestua. «Gainera, badakigu sarraskian parte hartzen duten enpresa batzuekin harremana duela», gehitu du.
Unibertsitateak nahiz alderdi politikoek harreman horiek guztiak eten ditzaten presioa egiteko asmoa dute kanpaldian, ikasle honek agertu duenez.
Oro har, campus guztietan, «Israelgo Estatuaren kontrako borrokaren beharra» da kanpaldiaren aldarrikapenetako bat. «Palestinar herriaren aurkako erasoaldien amaiera Israelgo Estatuaren desagerpenaren eskutik pasatzen da halabeharrez, bere proiektua biztanleria arabiarraren kanporaketan oinarritzen baita», azaldu dute.
Mendebaldeko eragileak «konplizeak» direla ere salatzen dute. Israelekin harreman politiko edo ekonomikoak dituzten gobernu, alderdi, enpresa edo unibertsitateak «genozidioaren erantzule ere badirela» nabarmentzen dute. «Palestinaren aldeko diskurtso ponpoxoak egiten dituzten arren, Israelgo Estatuaren existentzia babeste dute», salatu dute.