Saski Baskoniak ACB Liga honetan jokatuko duen partidarik zailenetakoa izango du ostiral arratsalde honetan, 18.15etan, UCAM Murtziaren aurka. Bi jardunaldi falta dira ACBko Fase Erregularra amaitzeko eta gasteiztarrak Top 8tik at geratzeko arrisku bizian daude. Manresak baino partida bat gehiago irabazi behar dute Dusko Ivanovicenek eta Murtziari irabazita ere, domeka arratsaldean Real Madrilen kantxan balentria egin beharko dute, ostegun gaueko partidan Manresak ez baitu hutsik egin Bilbao Basketen aurka, 90-81 irabaziz. Beraz, lan txarrak zortzigarren postua –gorago ezingo lukeelako amaitu– lortzeko ere!
Are lan txarragoak taldeko antolatzaile titularra falta bada, Chima Monekez gain. «Chima hobeto dago, baina ez dago jokatzeko eta, berriz, Codi Miller-McIntyrek ezingo du jokatu, sorbaldako minez dagoelako azken hiruzpalau partidetan», onartu du Dusko Ivanovicek neurketa bezperako prentsaurrekoan. «Gironaren aurka ez zukeen jokatu behar, baina nire iritziz lagun ziezagukeen eta bera esfortzua egiteko prest zegoen. Ordutik hona, ezin izan du entrenatu, ezin baitu sorbalda ia altxatu ere egin; saiatuko da iganderako prest egoten, baina Murtziaren aurka ezingo du jokatu eta nire errua da hori», argitu du Dusko Ivanovicek.
Ez dira egunik gozoenak Saski Baskonia barruan. «Talde honekin lanean ari naizenez geroztik, jokalariek sekulako ahalegina egin dute beti. Euroligan emaitza apartekoa izan da; ACB Ligan... tira, hainbestean, baina agalegina beti hor jarri dute, nahiz eta beti gauzak ez diren guk nahi bezala atera», adierazi du Ivanovicek.
Giro petrala?
«Giro petrala aldagelan? Ez, noski!» adierazi du, bestalde, Dusko Ivanovicek prentsaurrekoan. Igandeko partida ostean ez zirudien halakorik, ordea, bere hitzetan. «Talde bateko bizpahiru jokalari onenek gainerakoei bultza egiten diete aurrera eigteko, eta kostata bada ere, tarteka lortzen dute hori. Baina atzera tiraka ari diren bizpahiru jokalari txar, edo gaizto, baldin badaude, hauek errazago lortzen dute taldeak atzerantz egitea», bota zuen orduan Bijelo Poljeko entrenatzaileak.
Codi Miller-McIntyren egoerari buruz ari omen zen Ivanovic. «Berak ezin gintuen nahi bezala lagundu eta hargatik taldeari atzerantz eragin ziola esan nahi nuen», argitu nahi izan du behintzat. Alabaina, urak arre eta giroa petralduta dator inguruabarragatik. UCAM Murtziari loturiko Interneteko orrialde txiki batean Saski Baskoniari estuki loturiko Ritxi Guerra kazetari gasteiztarraren iritziek bereziki asko asaldatu dute Saski Baskonia bera, kazetariaren beraren hitzak gezurtatzeko komunikatu bat ateratzeraino, hain zuzen.
Guerrak, besteak beste, «aldagela hautsita» ikusten duela esan zuen –taldearen «kirol proiektu falta» aipatzeaz gain, urtero, aurten ere bai, jokalarien %70 inguru aldatuko delakoan baitago–. «Talde honen barruko kohesioa bikaina zen, berdin Dusko Ivanovicekin zein aurrez Joan Peñarroyarekin, baina otsaileko etenalditik aurrera zerbait hautsi da hor». Beti ere, aldagela «barrutik ikusi gabe» ari zela berbetan azpimarratuz, eta «klan amerikarra eta gainerakoak» bereiziz. Baskoniak etxean zein Europan zehar jokatzen dituen partida guztiak bertatik bertara kontatzen dituelako, bere eskarmentuan oinarritu ditu bere iritziak.
Ez da hau lehenengo aldia Saski Baskoniak kazetariren batekin arazoak izan dituena, baina ez da batere ohikoa publikoki, izenik eman gabe baina zeini buruz ari zen garbi ulertzeko moduan, komunikatua ateratzea. Ez ote du talde gasteiztarrak etxeko kazetari batek oihartzun oso eskasa duen programa baten botatako iritziak kontrolatzea baino zeregin hoberik? Esaterako, 18.15etan hasiko den partida bati buruz ari garelarik, agian Baskoniak denboraldi honetan etxean jokatuko duen azkena, ez du inolako promoziorik proposatu kantxa ahal bezain beste bete dadin, ez baita, ezta gutxiagorik ere, Euroligan ikusten diren betekadarik espero.
Aurkari deserosoa
Murtzia, gainera, oso eurkari deserosoa da, agian Saski Baskoniak beharko lukeen azkena, nahiz eta Rodins Kurucs hegal-pibota –Arturs, egun Murtzian ari den Baskoniako jokalari ohiaren anaia zaharra– ez den izangio orkatilako lesio bat dela-eta, edota Sant-Roos zein Sleva kili-kolo dabiltzan. «Oso talde fisikoa da Murtzia, kontaktu askoko defentsa egiten duen taldea. Ondo ari da jokatzen eta ez da erraza izango», onartu du Ivanovicek. Sito Alonsok gidatzen duen taldeak 20 garaipen ditu eta sailkapenean laugarren amaitzeko abagune bikaina ere bai, Valentzia Kanaria Handia eta Teneriferekin berdinduta dagoen honetan. Ez da, beraz, Zurbaora arratsalde pasa etorriko.
Sito Alonso bera atzeko atetik atera zen Baskoniatik Bartzelonara bidean bere garaian, eta denbora tarte batez batetik bestera zarabandaka ibili eta gero, Murtzian bere lekua aurkitu du. Talde gogorra eratu du, garai batean joko zikina egiten zuten Tomas Bellas edo Sadiel Rojas horiek gabe gainera. Pasa den domekan Unicajaren aurka Malagan 96-71 galdu zuten murtziarrek, eta Sito Alonsok berak garbi asko erakutsi zuen Unicajak egin zienak Murtziaren beraren jokoarekin baduela zerikusia.
«Kantxatik bultzaka atera gaituzte. Guk beste talde batzuei egiten diguten gauza bera egin digute: beraien fisikoa ezarri dute eta kantxatik atera gaituzte», adierazi zuen orduan Sito Alonsok.
Bada, Chris Chiozza, Jordan Theodore, Markus Howard bera... ez dira jokalaririk gihartsu eta indartsuenak, ezta joko fisiko horren aurrean erantzunik onena eman dezaketenak ere. Barruko jokoan ere, Khalifa Diopen falta ere geroz eta gehiago antzematen da.
Barruko jokoarekin ere, antzera pentsa liteke. Gironaren aurkako aurreneko laurdenean Baskoniak 37 puntu jaso zituen eta ez zen talde osoa hamar minutu horietan errebote bakar bat jasotzeko gai izan. Eskerrak Rodion Kurucs min hartuta duen Murtziak, baina argi ibili beharko dute Ivanovicenek Marko Todorovic Bilbao Basketeko jokalari ohiarekin, Simon Birgander edo Nemanja Radovic barruko jokalariekin, «fintasunean» falta dutena –Todorovic izan ezik, baina hau onenak aspaldi emanda dago– gogortasunean dutelako.
Howardentzat Euroligaren Alphonso Ford saria
Alabaina, dena ez da kezka eta haserrea. Euroligak saskiratzaile onenaren Alphonso Ford saria eman dio Markus Howardi. Aurtengo Euroligan jokatu dituen 39 partidetan –Fase Erregularra, play-ineko kanporaketak eta final-laurdenak aintzat hartuta– 759 puntu lortu ditu, batez beste 19,5 puntu partidako.
30 puntu edo gehiago bost aldiz sartu ditu New Jerseyn sortutako eskoltak, tartean 35 puntu birritan, Asvel Villeurbanne eta Real Madrilen aurka, eta 148 hiruko saskiratu ostean, bere garaian Alexey Shved errusiarrak ezarritako marka ere hobetu du Markus Howardek.
Horrez gain, Puerto Ricoko selekzioarekin jokatzeko baimena jaso du Saski Baskoniako eskoltak. Bere garaian AEBtako selekzioarekin jokmatu zuen New Jerseyko jokalariak 16 urtez azpiko Amerikako Txapelketan eta 2016an, 17 urtez azpiko Munduko Txapelketan. Nolanahi, Nazioarteko Saskibaloi Federaziak –FIBAk– «kirol hiritartasun aldaketa» onartu dio Markus Howardi Puerto Ricorekin jokatzeko baimena izan dezan.
Hala, adibidez, uztailaren 2tik 7ra Puerto Ricon bertan, San Juan hiriburuan, jokatuko den Preolinpikoan selekzio «borikuarekin» jokatzeko parada izango du eta akaso Parisko Olinpiar Jokoetan lekurik izango du. Horretarako Italia, Mexiko, Bahrein, Lituania eta Boli Kostako selekzioak atzean laga beharko ditu.