NAIZ

Pilota eta bertsoa uztartuko ditu Ados pilotaren Udaberri Torneoak

Hiruko lau talde lehiatuko dira Kukuprakak (Ruiz de Infante, Etxekolonea eta Mujika), Bitxiloreak (Zabala, Barrokal eta Etxebeste), Mitxoletak (Iturriaga, Ruiz de Larramendi eta Mendiburu) eta Eguzkiloreak (Orbegozo, Agirre eta Aldaregia), Lizaso, Sarriegi, Akizu eta Elustondo bertsolariekin.

Txapelketa gaur aurkeztu dute Azpeitian.
Txapelketa gaur aurkeztu dute Azpeitian. (ADOS PILOTA)

Iazko esperientzia aberasgarriaren ondoren, emakumeen esku pilota eta bertsoa uztartzen dituen Udaberri Torneoak bigarren ekitaldi bat izango du, larunbatean Donamarian hasi eta ekainaren zortzian Azpeitiko Frontoi Txikin amaituko den lehiaketa.

Mikel Odriozola, Azpeitiko udaleko ordezkariak, beste behin emakumeen pilota babesteko duten asmo irmoa berretsi du. Dagoeneko binakako txapelketako jaialdi bat bertan jokatu da eta oraingoan ere kasu honetan Frontoi Txikin Udaberri Torneoko finalaren aldeko apostua egin dute, kultura eta pilota uztartuko dituen final handia Azpeiti erdira ekarriz.

Iaz bezala, txapelketan hiru pilotariko taldeak izango dira lehian, lau taldetan banatuta; Kukuprakak (Ruiz de Infante, Etxekolonea eta Mujika), Bitxiloreak (Zabala, Barrokal eta Etxebeste), Mitxoletak (Iturriaga, Ruiz de Larramendi eta Mendiburu) eta Eguzkiloreak (Orbegozo, Agirre eta Aldaregia). Talde bakoitzak bertsolari bat (Sebastian Lizaso, Aitor Sarriegi, Maialen Akizu eta Nerea Elustondo hurrenez hurren) izango du botilero lanetan. Jaialdi bakoitzean bi partida jokatuko dira, lehenengoa lau eta erdian eta bigarrena binaka. Ligaxkako bi talde onenen artean jokatuko da finala.

Palestinarekin elkartasuna

Aurtengo txapelketak zazpi jaialdi izango ditu (Donamaria, Olaberria, Itziar, Zestoa, Mendaro, Atarrabia, Azpeitia) eta horien artean Atarrabian jokatuko dena berezia izango da. Yala Nafarroa, Palestinaren aldeko elkartearekin batera antolatu baita jaialdia. Beraz, bertan biltzen den dirua palestinarrei laguntzeko izango da.

Txapelketa larunbat honetan hasiko da Donamarian, Mitxoleten eta Kukupraken arteko lehiarekin. Hilabete luzeko lanaren ondoren final handia Azpeitiko «Frontoi txikin» jokatuko da ekainaren 8an.