Gipuzkoako eta Bizkaiko Trainerilla Txapelketak jokatu dira gaur Getarian eta Ondarroan, hurrenez hurren. Gipuzkoako Txapelketan Zumaia eta Hondarribia izan dira irabazleak maila nagusian; Bizkaikoan, aldiz, Ondarroa eta Bermeo izan dira indartsuenak.
Gipuzkoatik hasita, emakumezko absolutuen mailan Zumaiak nagusitasunez lortu du urrezko domina, 16:28.85eko denbora markatuz. Tolosaldea izan da bigarren 13,72 segundora eta Donostiarra hirugarren 34,50era. Gizonezkoen maila nagusian Hondarribiarentzat izan da garaipena 14:10.99ko denborarekin. Zilarra Oriorentzat izan da, 9,14 segundora, eta brontzea Getariarentzat 11,28ra.
Beste mailetan, aipagarria da San Juanek erakutsitako nagusitasuna, jokatutako hiru kategorietan irabazle izan delako: emakumezko jubeniletan urrea irabazi dute Hibaika eta Hernani mederatuz; emakumezko kadeteetan ere bai San Pedro eta Zumaia atzean utziz; eta gizonezko kadeteetan Getaria eta Zumaia gainditu ditu garaipena lortzeko.
Bizkaiko Txapelketari dagokionez, Ondarroa izan da nagusi emakumezko absolutuen mailan. Etxeko taldeak 17:06.56ko denbora markatu du helmugan, Kaikuri 13,27 segundo sartuz eta Deustori 19,82. Parekotasun askoz handiagoa egon da gizonezkoen maila nagusian: Bermeo izan da irabazle 14:11.32ko denborarekin eta bigarren izan den Zierbena 2,17 segundogatik menderatuz. Hirugarren postua Ondarroarentzat izan da, 19,97ra.
Beste mailei dagokienez, Isuntza izan da azkarrena jubenil mutiletan Santurtzi eta Zierbena menderatu ostean; Santurtzi izan da garaile kadete mutiletan Arkote eta Isuntzaren aurretik; eta kadete nesketan Ondarroak eraman du urrea Portugalete eta Mundaka atzean utzi ondoren.
Euskadiko Txapelketa datorren igandean jokatuko da Ondarroako uretan 10.30etatik aurrera.