2023an hasi eta 2024an jarraipena izango duen Erremontari Herriz Herri proiektuak erremonteaz Galarretatik kanpo gozatzeko aukera eskainiko du Euskal Herriko hainbat herrietan. ETBren laguntzarekin, Erremontari saioak erremontea euskal herritarren artean ezagunago egitea lortu du. Hori dela eta, kirol hau beste herri batzuetara zabaldu nahi izan du Oriamendi enpresak, jendeari kirol hau modu zuzenean eta ikusgarrian ezagutzeko aukera emanez.
Iazko edizioak izandako harrera onaren ondorioz, aurten urrats bat gehiago eman dute antolatzaileek, eta 17 herritara zabalduko da erremontea; Aizarnazabal, Bergara, Urnieta, Lekunberri, Andoain, Hondarribia, Ordizia, Altsasu, Pasaia, Zumarraga, Villabona, Hernani, Beasain, Arrasate, Zestoa, Errenteria eta Zumaia.
Aurten, herri bakoitzak bere egutegira egokituko du Erremontari Herriz Herri jaialdia, festa garaian edo herriko ekintza bereziren batean. Ekimenaren helburu nagusia erremontea zabaltzea eta jendearengana hurbiltzea izanik, jaialdiak doakoak izango dira, ezagutza prozesua errazteko asmoarekin.
Bi partida jaialdiko
Jaialdi bakoitzean bi partida jokatuko dira set formatuan. Gainera, Oriamendik herri bakoitzarekin elkarlanean, diseinu bereizgarriak eta pertsonalizatuak sortuko ditu, komunikazioa hobetzeko.
Aurkezpenean izan dira ekimenean parte hartuko duten erremontariak, 17 udaletako ordezkariak, ETBko Joseba Urkiola kirol zuzendaria, Azahara Dominguez, Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde antolaketako diputatua, Iñigo Garcia, Turismo Zuzendaria, eta Oriamendiko Xabi González gerentea.