Gustu guztientzako egitaraua prestatu dute Getxoko Ibilaldirako

Maiatzaren 26an egin behar dute Ibilaldia Getxon eta gaur plazaratu dute egitaraua. Azpimarratu dute gune guztietan egongo dela adin tarte eta gustu guztientzako moduko eskaintza eta garraio publikoz joateko deia egin dute.

Unai Arzubiaga, Josune Bañales eta Gaizka Arrizabalaga, Euskaltzaindiaren atarian.
Unai Arzubiaga, Josune Bañales eta Gaizka Arrizabalaga, Euskaltzaindiaren atarian. (Oskar MATXIN | FOKU)

Aurtengo Ibilaldirako bi aste baino gutxiago falta diren honetan egitarauaren berri eman dute antolatzaileek. Euskaltzaindiaren egoitzan eman dituzte azalpenak gaur Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakariak, Unai Arzubiaga San Nikolas ikastolako zuzendariak eta Gaizka Arrizabalaga zuzendariak. Izan ere, Getxon egingo dute 2024ko Ibilaldia, San Nikolas ikastolak antolatuta.

Bañalesek Bizkaiko ikastolen jaira gerturatu eta euskaraz «murgildu» daitezen dei egin die euskaltzaleei. Arzubiagak azpimarratu du San Nikolas «herrian txertatuta» dagoen ikastola dela eta izaera hori igarriko zaiola aurtengo Ibilaldiari ere. Jaialdia antolatzea lana bada ere, azaldu du ezinbestekoa dela ikastolaren inguruko komunitatea indartzeko, hots, herritarrekin, eragileekin eta erakundeekin duen harremana bultzatzeko. Horrez gain, ikasleak inplikatzeko parada ere ematen diela adierazi du, besteak beste.

‘Txonbo!’ da aurtengo leloa eta San Nikolas ikastolako lehendakariak haren aukeraketaren arrazoien berri eman du. Uretan murgiltzea esateko modu bat da eta euskarazko hitza bada ere, erdaldunek ere badarabilte. Horrek, Arzubiagaren hitzetan, kontrapuntua ematen dio geroz eta gehiago erabiltzen diren neologismoei.

Arrizabalagak eman du egitarauaren xehetasunen berri. Lau gune izango dira: Lehena, Ikastola gunea, hasierako gunea izango da; bigarrenak, Herria guneak, San Nikolas plaza eta ingurua hartuko ditu; hirugarrena, Portu Zaharra gunea, Algortako Portu Zaharrean jarriko dute; eta laugarrena eta azkena, Hondartza gunea, Ereaga hondartzan izango da. Denetan egongo da adin tarte guztientzako eskaintza.

Askotarikoa eta zabala

Ez da egongo haurrentzako, nerabeentzako edo bestelako talderen batentzako preseski pentsatutako gunerik, denetan egongo baita guztientzako pentsatutako ekimenen bat. Egitura honekin, espero dute jendeak gune guztiak zeharkatzea, bakarrean geratu ordez.

Horrela, puzgarriak egongo dira bat eta bi guneetan. Ikastola gunean, gainera, Herri Bazkaria egingo dute 14.00etan eta arratsaldean Yogurinharen emanaldia izango da. Herria gunean Herri Kirol erakustaldia egingo dute eguerdian eta azoka egongo da egun osoan zehar. Portu Zaharra gunean Zirko Tailerra egingo dute 13.00etatik 15.00etara bitartean eta 14.00etatik aurrera Itziarren Semeak taldearen kontzertua egongo da. Horrez gain, egun osoan zehar Euskaltel Txirrindularitza Tailerra egongo da. Hondartza gunean zunba dantzatzeko aukera egongo da 12.00etatik aurrera eta, ondoren, egurrezko jolasak. Bazkalostean Go!azen emanaldia egongo da, urtero bezala.

Arrizabalagak dei egin du Bizkaiko ikastolen jaira gerturatzera eta galdegin du, posible duenak, garraio publikoa erabili dezala, Getxo metroz ondo konektatuta dagoela baliatuz.