NAIZ

LGTB+ pertsonen aurkako diskriminazio gutxiago eta indarkeria gehiago Europar Batasunean

Europar Batasunaren (EB) inkesta berri baten arabera, LGTB+ pertsonak ez dira duela lau urte bezain diskriminatuak sentitzen bere egunerokotasunean. Aldiz, jazarpen gehiago eta bortitzagoak jasaten dituzte, batez ere gazteek, transek eta intersexualek.

LGTBI Harrotasun Eguneko manifestazio bat, Iruñean.
LGTBI Harrotasun Eguneko manifestazio bat, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Iaz Europar Batasuneko 27 herrialdeetako 100.000 pertsona baino gehiagoren artean egindako inkesta batek erakusten du LGTB+ kolektiboak bizi duen egoera paradoxikoa: diskriminazio gutxiago dago, baina erasoek eta gorrotoak gora egin dute, bereziki gazteen kontra.

EBko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA), azterlana idatzi duenak, diskriminazioak, handia izan arren, behera egin duela adierazi du: 2019an, inkestatuen % 42 diskriminatuta sentitzen ziren; zifra, berriz, 37%koa da orain.

Hala, ‘LGBTIQ pertsonen berdintasuna bidegurutze baten aurrean: aurrerapenak eta erronkak' izeneko txostenaren arabera, Europar Batasunean bizi diren LGTB+ pertsonen %52k modu irekian erakusten du sexu-orientazioa edo genero-identitatea, eta zifra hori %46koa zen 2019an.

Eraso fisikoak gora

FRAren datuen arabera, ordea, aurreko bost urteetan eraso fisikoak jasan dituzten LGTB+ pertsonen ehunekoa %11tik %14ra igo da. Gainera, inkestatuen %55ek adierazi zuen jazarpena jasan zuela azken urtean, 2019an baino 18 puntu gehiago.

Miltos Pavlou FRAko adituaren esanetan, LGTB+ kolektiboaren aurkako gorroto-kanpainak ugaritu egin dira Interneten, bereziki trans pertsonen aurkakoak.

Izan ere, Pavlouk dio EBko gay edo lesbiana baten bizitza errazagoa dela orain duela lau urte baino, baina progresio hori ez dela hain argia pertsona transentzat. «Gorrotoaren, indarkeriaren eta jazarpenaren biktima nagusia dira».

Diskriminazioa eta indarkeria murrizteko moduari dagokionez, Pavlouk azaldu du LGTB+ pertsonek funtsezko bi alderdi aipatzen dituztela: ikusgarritasun publikoa eta gizartean parte hartzea, eta haien eskubideen aldeko politikak eta legeak.