NAIZ
Donostia

Hitzarmen propioa eskatuz, elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleek

Hitzarmen propioa nahi dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleek euren lan baldintzak herrialdeko beste titularitate publikoko kirol instalazioetako langileekin parekatzeko, eta Diputazioari eskatu diote kudeaketa osoa bere gain har dezala.

Gipuzkoako hondartzetako sorosleen elkarretaratzea, Donostian.
Gipuzkoako hondartzetako sorosleen elkarretaratzea, Donostian. (FOKU)

Gipuzkoako hondartzetako sorosleek elkarretaratzea egin dute Diputazioaren aurrean hitzarmen propioaren alde. Titularitate publikoko kiroldegietako hitzarmeneko lan baldintzen ekiparazioa eskatzen du ELA sindikatuak, eta Diputazioari bere egin dezala kudeaketa integrala.

Gipuzkoako kostako zortzi udalerrik dituzte hondartzak, Hondarribitik hasi eta Mutrikuraino. Udaro 200 pertsona inguruk jarduten dute sorosle gisa, eta zerbitzu hori BPXport, Gurutze Gorria eta Jaso Kirol Zerbitzuak enpresek kudeatzen dute.

2023ko irailean lehen aldiz sektoreko hitzarmen propioa lortzeko aukera sortu, eta abian jarri zen mahai negoziatzailea. ELAk Gipuzkoako titularitate publikoko kirol instalazioen hitzarmen kolektiboko lan baldintzen ekiparazioa defendatzen du, «negoziazioen aurretik hori baitzen erreferentziatzat hartzen zen hitzarmena». «Egun 6.000 euroko aldea dago igerilekuetako eta hondartzetako sorosleen soldatetan. Lanaldiari dagokionez, astean 39 orduko lan jarduna dute, eta ELAk 35ekoa izan dadila eskatzen du», adierazi dute ohar baten bidez.

Horretaz gain, kudeaketa Udalek beharrean Diputazioak bere gain hartzea «ezinbestekoa» da sindikatuarentzat, «hondartzetako zerbitzua guztietan baldintza beretan eskaintzeko, Bizkaian egiten den gisan».

2023ko abenduaren 13an Gipuzkoako Batzar nagusietako osoko bilkuran proposamen hori bozkatu eta gehiengoz onartu zen arren, Diputazioak ez du martxan jarri, eta zortzi hilabeteren ondoren, akordiorik gabe jarraitzen dute langileek.