Miren Larrarte, esku pilotaren aurpegi desberdinak ezagutzen

CIJB erakundeak antolatzen duen Europako Txapelketan pilotari onenaren saria jaso du Miren Larrartek (Bidania, 2002). Euskal Selekzioarekin esperientzia bikaina izan zuen Portugalen, eta orain ezker horman zentratuko da. Urte zail batzuk igaro ditu, baina baikor begiratzen dio etorkizunari.

Miren Larrarte, One Wall-ean jokatzeko eskularruak jantzita.
Miren Larrarte, One Wall-ean jokatzeko eskularruak jantzita. (Iñigo URIZ | FOKU)

E uskal Pilota Selekzioak CIJB erakundeak antolatzen duen Europako Txapelketan hartu zuen parte apiril hasieran, Portugalgo Freixo de Espada a Cinta herrian. Euskaldunek emaitza bikainak lortu zituzten -emakumezkoek urrezko hiru domina eta gizonezkoetan urrezko bat eta brontzezko hiru-, eta Miren Larrarte bidaniarrak txapelketako pilotari onenaren saria jaso zuen.

«Horrelako sari batek sekulako ilusioa egiten du. Herrialde desberdinetako jokalari asko geunden, eta sari hori zuri emateak ilusio berezia egiten du», onartu digu Larrartek Bidaniako pilotalekuan egin diogun elkarrizketan. «Jarraitzeko motibazio puntu bat ere eman zidan», gaineratu du, normalean jokatzera ohituta ez dauden jokamoldeak izanik.

CIJB erakundeak antolatutako azken txapelketa horretan, esaterako, Llargues-a, Joko Internazionala, One Wall-a eta Pilota Portugaldarra izan ziren jokatutako modalitateak. Euskal Herrian tradiziorik ez duten jokamoldeak dira, baina azken urteotan, Euskadiko Federaziotik egindako lanari esker, euskal pilotariak modalitate horiei neurria hartzen joan dira. Horietako batzuk, gainera, gure betiko jokoekin harreman zuzena dute, bote-luzearekin, esaterako.

«Pilotak oso desberdinak izateaz aparte, gu ohituta gaude kantxa handi batean eta ezkerrean pareta daukagula jokatzera. Eta sartzen zarenean kantxa txiki batean, txaparik gabe eta pilota bizi horrekin, ba hasieran gure lehen entrenamenduak kaos bat ziren. Denbora gehiago pasatzen genuen pilotak biltzen entrenatzen baino», dio Larrartek, One Wall modalitatean egindako lehen saioei buruz.

«Jotzeko modua ere aldatzen da. Guk normalean behatzekin edo hatz koskorren barruko aldearekin jotzen dugu pilota, baina jokamolde hauetan guk urdaiazpikoa esaten diogun ahurraren behealdearekin edo eskua itxita ukabilaren barnealdearekin jotzen diogu», gaineratu du.

Emaitzak ikusita, ordea, argi dago denborarekin ederki moldatu direla molde berriotara: «Euskal selekzioarekin abendu amaieran hasi ginen entrenatzen, txapelketa bat gerturatzen denean euskal selekzioarekin ia igandero egiten ditugu entrenamenduak, bai One Wall-ean eta bai Joko Internazionalean. Dezente entrenatu dugu, eta, gainera, urteen poderioz ikasten joaten zara eta ez zaizu ahazten».

Portugalgo txapelketari dagokionez, lehen urrezko domina Joko Internazionalean irabazi zuten, finalean Herbehereak menderatuz. «Joko Internazionala CJIB-k sortutako jokamolde bat da, ahalik eta nazioartekoena izateko sortutakoa. Ahal den sinpleena, era berean. Horretarako sortu zen. Valentziako neskek, adibidez, Raspall izeneko jokamoldean jokatzen dute asko. Ez da berdina, baina antzekotasunak ditu. Aurrez aurreko beste joko bat da, bote-luzearen tankerakoa. Herbehereetan ere badute oso antzeko bat, Italian ere bai..», azaldu digu Mirenek.

Bigarren domina One Wall-ean iritsi zen, finalean berriz ere Herbehereetako selekzioari gailenduz: «Niri pertsonalki kezka gehien sortzen zidan jokamoldea horixe zen, aurreko urtean hirugarren amaitu genuelako. Bai herbeheretarrak eta bai valentziarrak One Wallean oso ongi moldatzen dira, eta dauzkaten posturak joko horretarako oso egokiak dira». Hala ere, «ezustekoa» hartuta, «uste baino errazago irabazi genuen», onartu du.

Hirugarren eta azken domina Pilota Portugaldarrean irabazi zuten euskaldunek. Txapelketa antolatzen duen herrialdeak bere jokamolde bat sartu ohi du, ezagutzera emateko: «Elizako horman jokatu zen. Dena ona zen, txapa bazegoen, eta helburua frontoiko berdina zen, pilotari bi bote eginaraztea aurkariak jo aurretik. Behin elizako teilatura ere joan zen pilota».

«Nik ez nuen jokatu hori, beste bietan aritu behar nuelako, baina jokatu zutenak oso ongi moldatu ziren. Azkenean, hemen pilota goxoarekin jokatzea bezala da. Ingalaterran, antza denez, antzeko jokoren bat ba omen dute, eta egia da uste baino gerra gehixeago eman zigutela, baina euskal selekzioko neskak apur bat lasaitu zirenean, arazorik gabe nagusitu ziren», azaldu du.

Eskuetako arazoak

Hala ere, Miren Larrarte ezker-horman aritutakoa da txiki-txikitatik, eta aurrera begira ere hortxe ditu jarriak bere erronka nagusiak, nahiz eta denboraldi batez motibazioa apur bat galduta ere ibili den.

«Azkeneko urteak ez dira oso aberatsak izan frontoian, pilota mistoarekin batez ere. Ez da aitzakia, baina eskuek ez didate asko lagundu eta motibazio aldetik ez naiz nire %100ean ibili. Orain askoz gusturago nabil entrenatzen eta eskuek oraingoz errespetatzen naute», onartu digu.

Fisioterapia ikasketak egiten ari da bidaniarra, eta horrek urte batzuk Bilbon bizitzera eraman du, nahiz eta jada etxera itzulita dagoen. «Bilbon bizi nintzen, eta han entrenatzeko nahiko urrutira joan beharra neukan. Astean behin soilik, gainera. Besteetan, bakarrik jardun behar. Zaila egin zitzaidan hori eramatea, baina esandakoa, batez ere motibazio aldetik. Eta emaitzetan ere nabaritu zen. Baina orain badirudi pixkanaka hobeto goazela, eta ea emaitzetan nabaritzen den», gehitu du.

Larrarte, 2019an Emakume Master Cup lehiaketan jokatutako partida batean. (Jon HERNAEZ / FOKU)

Esan bezala, eskuko minarekin dezente sufritu izan du Larrartek. Pilota mistoarekin jokatzera emandako jauzia eta emakumezkoen egutegia asko zabaldu izana pozteko albisteak dira, baina pilotariengan lehen ohikoak ez ziren arazo horiek ere ekarri ditu.

«Hasieran poztekoa zen: partida asko, herrietatik dei asko, denek nesken txapelketa nahi zuten... Baina noski, herri guztietan mailarik onena nahi dute. Kontuan hartu behar dugu nesken esku pilota gaur egungo jokatzeko moduarekin orain dela gutxi hasi zela, eta, beraz, elite mailako neska pilotari gutxi gaudela. Ezetz esateak ere apurua ematen dizu. Eta egutegia ongi planifikatuta ere, gero agian eskuek ez dizute erantzuten. Niri, adibidez, 19 urterekin gertatu zitzaidan: partida asko hitzemanda, eskuko minez ia beti... eta horrek emozionalki faktura handia pasatzen dizu. Horren ostean pilota denbora batez utzi egin behar izan nuen, niretzako denbora hartzeko, errekuperatzeko, eta motibazio hori ere berreskuratzen saiatzeko».

Izan ere, emakumezkoen esku pilotari dagokionez, hutsune handiena hortxe ikusten du Larrartek, gaztetxo eta hasiberriek pilota mistoarekin jokatuz urrats bat gora egin nahi dutenean, ia aukera bakarra goi-mailako pilotariekin lehiatzea bilakatzen dela.

«Oraindik neska gutxi gaude eta jauzi handia dago pilota goxoarekin jokatzetik pilota mistoarekin jokatzera. Batez ere maila aldetik. Mistoarekin jokatzen hasi nahi duenak jada gorengo mailan gabiltzanon aurka jokatzen hasi beharra dauka, trantsizio zaila izan daiteke. Baina pixkanaka ari da eboluzionatzen eta bide bat badago hor», azaldu digu.

Alde positibotik begiratuta, urte askoan emakumeek pilotan jokatzeko aukera bakarra palaz jokatzea zen garaia atzean geratzen ari da. Larrartek gogoratzen du bera ere «inertziaz» hasi zela une batean eskua utzi eta palaz jokatzen. «Gaur egun nesken esku pilota askoz ikusgarriagoa da. Ikusi egiten da. Horregatik, badaude neskak txikitatik eskuz hasi eta eskuz jarraitzen dutenak. Eta hori jokatzeko moduan asko nabaritzen da, zeren palara pasatzen zarenean posturak asko aldatzen dira».

Eta atzetik datozenak ikusita, mezu baikor batekin amaitu du Larrartek. «Orain pilotari hasiberrien talde txiki batzuk sortzen ari dira, beraz, non ibili eta non entrenatu badago». Bidaniako pilotalekuan entrenatzen utzi ditugun gaztetxoak dira horren testigu.

 

ROWK, Euskal Herriko lehen One Wall kluba sortu dute Diman

Miren Larrartek jarri gaitu pistaren gainean: bereziki One Wall jokamoldera zuzenduta dagoen Euskal Herriko lehen kluba sortu dute Diman. Eta guk hariari tira egitea erabaki dugu, proiektua hobeto ezagutzeko. ROWK du izena (Rebotean One Wall Kluba) eta Lur Ziarrusta da bultzatzaile nagusietako bat.

«Txapelketaren bat daukagunean entrenamendu batzuk egiten ditugu selekzio modura, baina behin txapelketa hori igarota, beste lehiaketa bat iritsi arte hemen ez dago ezer, ez dugu jokatzen. Ni hasi nintzenean, 2017 aldera, gustatu egin zitzaidan. Eta inguruko beste pilotariren bat ere beti egon izan da jokatzeko prest: Egoitz Amantegi abadiñarra, Ekhi nire anaia, azken urteetan Mikel Beldarrain... Nik nahi nuena zen urtean zehar lehiatzen jarraitzea. Mikel Beldarrainekin hitz egin nuen eta pentsatu genuen urte bat hartu eta txapelketa desberdinetan lehiatzera joatea. Europan zehar Tour bat egiten da eta hilabetean behin leku desberdin batean txapelketa bat jokatzen da. Ordura arte gu hilabeteak egoten ginen jokatu gabe eta aurkariek egunero jokatzen zuten, eta hori joko mailan asko nabaritzen da. Eta emaitzetan segituan nabaritu zen jarraitutasun batekin entrenatzen hasi ginenean. Hurrengo erronka zen modalitatea Euskal Herrira ekartzea eta bertan noizean behin txapelketaren bat egitea. Entrenamenduak ere apur bat zabaltzea. Eta helburu horrekin sortu genuen kluba. Oso txikia da oraingoz, baina Euskal Herrian besterik ez dagoenez, honekin goaz aurrera», azaldu digu Ziarrustak.

Berez, Europako zirkuituan parte hartzeko ez omen dago klub bateko kide izan beharrik, baina bidea errazteko sortu omen zuten ROWK. «Europako Tourreko txapelketetan parte hartzea nominala da. Edozeinek eman dezake izena bere kabuz. Baina hemen klub moduan egituratzen bagara eta entrenamendu batzuk egiten baditugu, errazagoa da jendea guregana hurbiltzea eta txapelketa horietara joateko animatzea. Gu, adibidez, ia denetara joaten gara, eta gurekin joateko animatzen ditugu besteak ere. Hurbil tokatu izan denean, Valentzian adibidez, etorri izan da jendea gurekin».

Entzun izan dugu One Wall-a dela seguru asko mundu mailan jokalari gehien dituen pilota jokamoldea. Lur Ziarrustak dioenez, izan liteke, baina zaila da baieztatzea, AEBetan kaleko kirola delako, zenbatzen oso zaila. «Kirol hau Irlandan eta Ameriketan jokatzen da gehien. Irlandan squash pista moduko batean jokatzen zen, baina Amerikara heldu zenean, kaleko kirol bilakatu zen. Noski, kaleko kirol batentzat lau horma azpiegitura handiegia da. Zer egin zuten? Horma baten kontra jokatu. Gehien jokatzen den lekua New York da. Hirian 2.000 kantxa baino gehiago daude. Parke guztietan daude saskibaloi kantxak eta horma bat edo bi One Wallean jokatzeko. Ezinezkoa da guztira zenbat jokalari dauden zenbatzea. Auzo bakoitzean pila bat daude, eta maila desberdinekoak. Batetik, top mailakoak daude, gaur egun munduko jokalari onenak han daudelako, 10-15 izan litezke. Baina gero maila apalagoko beste pila bat daude, hala ere guretzat aurkari oso gogorrak direnak».

Norbaiti One Wall-a hobeto ezagutzeko interesa piztu badiogu, gaur Ogeta pilotalekura hurbildu daiteke, II. Impact Pro txapelketa jokatuko delako bertan. Euskal Herriko pilotariak Europako pilotari onentsuenekin -onenak nesketan, bigarren maila batekoak mutiletan- lehiatuko dira, bertako pilotariei maila oneko aurkariekin lehiatzeko aukera bikaina eskainiz. «Lehiaketari maila emateko eta bertakoentzat ere kanpokoen aurka jokatzea erakargarria izaten delako. Eta guretzat ere, antolatzaile moduan, Dimatik Gasteizko Ogetara igarotzea bada jauzi bat».