NAIZ

Nafarroako jai eragileek «komunitatea ehuntzeko ezinbesteko lanabesa» den auzolanera deitu dute

«Komunitatea ehuntzeko, batzeko, indartzeko eta elkar laguntzeko ezinbesteko lanabesa» den auzolanera deitu dute Nafarroako zenbait jai eragilek udaberriarekin batera hasiko diren herrietako zein auzoetako jaiak prestatzeko, larunbat honetan egindako agerraldi batean.

Jai eragileen auzolanaren alde Iruñean egindako agerraldia.
Jai eragileen auzolanaren alde Iruñean egindako agerraldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako zenbait jai batzorde, kultur elkarte, peña, txosna batzorde eta konpartsak agerraldia egin dute Iruñean larunbat honetan laster hasiko diren auzoetako eta herrietako jaiak direla eta. Auzolanera deitu dute, «komunitatea ehuntzeko, batzeko, indartzeko eta elkar laguntzeko ezinbesteko lanabesa» delako, «balore eta konpromisoak barnebiltzen dituena».

Beraz, «gure auzo eta herrietan komunitatea batu eta eraikitzen jarraitzeko, auzo eta herriei bizia ematen dieten egitasmoak aurrera eramaten jarraitu ahal izateko, guztiontzat topaleku diren espazioak sortzen jarraitzeko», auzolanarekiko konpromisoan jarraituko dutela argi utzi dute, herriak eta auzoak herritar eta bizilagunek egiten dituztela aldarrikatuz.

«Auzolanaz baratzeak, elikadura sareak, kontsumitzaile taldeak, energia kooperatibak, elkarte gastronomikoak, ibai garbiketak, gure herrietan behar diren konponketak, desfileak, erakustaldiak, kontzertuak, kalejirak... antolatu ditugu. Auzolanaz atera genituen pandemiako zaintza sareak aurreram auzolanaz antolatzen ditugu Inauteriak, jaiak, Olentzeroak, kultur asteak, auzoen egunak, erraldoien topaketak eta beste ehun ekimen. Auzolanaz eraiki ditugu elkar zaintzeko eta elkar laguntzeko espazioak eta auzolanaz jarraitu nahi dugu gure auzo eta herriei bizia ematen», azpimarratu dute jai eragileek.

Auzolanari eskeri bizitakoaren eta ikasitakoaren garrantzia nabarmenduz, «erronka makala» ez duela aitortu dute baina «mundu guztia animatu nahi dugu antolatzen ari garen jai herrikoi, parte hartzaile, feminista euskaldun eta ekologistetan parte hartzera», esan dute. «Udaberriarekin batera, jarrai dezagun gure kale, plaza, auzo eta herriak biziberritzen!».