Arabako Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailak Arartekoaren gomendioa onartu du, edozein izapide egiteko nahitaez aurretiko hitzordua eskatu behar izatea kentzeko eta sistema hori borondatezko hautabide gisa jartzeko.
Hala adierazi du Arartekoak astelehen honetan bidalitako ohar batean. Gogoratu duenez, herritar bat Arabako Foru Aldundiaren Laudioko bulegoetara joan zen, baina ez zioten sartzen utzi, hitzordurik ez zuelako. Pertsona horrek Arartekoari azaldu zionez, bulegoan ez zegoen inor zain, enplegatu publikoak izan ezik.
Arartekoak informazioa eskatu zion Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailari, eta ondoren ebazpen bat eman zuen. Sailari gomendatu zion ken zezala edozein izapide egiteko nahitaez aurretiko hitzordua eskatu behar izatea, eta sistema hori borondatezko hautabide gisa jar zezala.
«Departamentu horrek bere erantzunean adierazi du Foru Ogasunaren web orria eguneratuko duela, jendea artatzeko moduari eta aurretiko hitzordua eskatzeko bitartekoei dagokienez. Gainera, hitzordurik gabe artatuko dituzte herritarrak, langile kualifikatuek eman beharreko arreta edo kontsulta espezializatuak ez badira behintzat. Orobat, jakinarazi duenez, etorkizunean halako egoerak saihesteko asmoz, jada beharrezko jarraibideak eman ditu Laudioko eta Guardiako bulegoetan aurrez aurreko arreta kudeatzeko. Horregatik, Gasteizko bulegoan egiten den bezala, lanpostu bat bideratu da jendea hitzordurik gabe artatzeko», adierazi du Arartekoak.