Maiatzaren 14an Sydneyn amaitu zen CS itzuliko bigarren txapelketan final erdietara iritsi zen Nadia Erostarbe. Bigarren aldia zen Erostarbek CS mailako txapelketa batean hirugarren postua lortzen zuena. Horrela, euskal surflari batek inoiz lortu dituen emaitza hoberenak ari da lortzen zarauztarra.
Iaz lehen mailara igotzeko zorian izan zen Erostarbe, eta aurten hasiera bikaina eman dio CS itzuliari. Denboraldia oraintxe bertan amaituko balitz lehen mailara igoko litzateke, nesken kategorian rankingeko lehen bost sailkatuak baitira lehen mailara igotzen direnak.
Egun nesken CS rankingeko buru den Erin Brooksek eragotzi zion zarauztarrari finalera iristea. Ez zen lehen aldia, izan ere, kanadarrarekin sarritan lehiatu da Erostarbe, baina inoiz ez du lortu garaitzea. Esaterako, Erostarbe iaz Hegoafrikan final erdietara iritsi zenean, kanadarrak kaleratu zuen. Hala ere, iazko denboraldian kanadarra Erostarberen atzetik geratu zen CS rankingean.
Sei txapelketek osatzen dute CS zirkuitua, eta horietatik lau emaitza hoberenak dira kontuan hartzen direnak, beraz, jada bi emaitza on izatea oinarri bikaina da. Egun rankingeko laugarren postuan egoteak frogatzen duena da lehen mailara igotzea posible dela. Hori oso garrantzitsua da, emaitza txarragoak etor daitezkeen arren, orain zarauztarrak bai baitaki bere buruari ezarri dion helburua lorgarria dela.
Aurtengo CS itzulia iazko berbera izango da. Leku berberetan eta antzeko datetan izango dira txapelketak. Itzuliko hirugarren txapelketa Hegoafrikan izango da, Ballito hondartzan, uztailaren batetik seira bitartean. Iaz final laurdenetara iritsi zen Erostarbe Ballitoko txapelketan, eta ordura arte euskal surflari batek CS mailan lortu zuen emaitza hoberena lortu zuen. Ordutik, beste bi bider amaitu du zarauztarrak final laurdenetan, eta beste bi bider final erdietara iritsi da. Ondorioz, duela urtebeteko marka aspaldi gainditu du maiatzaren 27an 24 urte beteko dituen zarauztarrak.
Iazko denboraldia
Nahiz eta baldintza zailetan aritu, zarauztarra lehen mailara igotzeko zorian izan zen iazko denboraldian. Erostarbek ez zuen eskuratu 2023ko denboraldian CS mailan lehiatzeko plaza, baina 2022ko denboraldian emaitza onak lortu zituen eta, ondorioz, iazko CS txapelketa bakoitzean parte hartu ahal izateko ate bat irekia zeukan. Lehiakideren batek huts eginez gero haren plaza betetzeko aukera izan zezakeen, eta bestela gonbidapen wildcard bat eskuratzeko itxaropena zuen. Horrela, parte hartu ahal izan zuen zenbait txapelketetan, baina baldintza gogorrak ziren, azken unera arte ez baitzekien txapelketa bakoitzean parte hartu ahal izango zuen.
Erostarbek ezin izan zuen parte hartu CS itzuliko lehen bi txapelketetan, alegia, aurten hain emaitza onak lortu dituen Australiako txapelketetan. Hala ere, hurrengo lauretan parte hartzea lortu zuen, wildcard gonbidapenei esker edo hutsik geratutako plazak baliatuta. Ondorioz, CS itzulia osatzen duten sei txapelketetatik soilik lau lehiaketetan parte hartu ahal izan zuen Erostarbek, baina emaitza onak eskuratu zituenez, aurten bigarren mailan jarraitzeko plaza atxiki zuen.
Iaz ere Hegoafrikan izan zen itzuliko hirugarren txapelketa, Ballito hondartzan, eta Erostarbe bosgarren postuan geratu zen. Jarraian Kaliforniako Huntington hondartzan egin zen txapelketan ere lehiatu ahal izan zen, eta berriz ere final-laurdenetara iristea lortu zuen. Emaitza horri esker, urri hasieran Portugalgo Riveira D’Ilhas hondartzan egin zen txapelketan parte hartzeko plaza bat eskaini zioten, eta bederatzigarren geratu zen.
Horren ostean, CS itzuliko azken txapelketan parte hartzera gonbidatu zuten, Brasilgo Saquarema hondartza famatuan, eta sekulako emaitza lortu zuen, final erdietara iritsi baitzen. Horrela, euskal surflari batek CS mailan inoiz lortu duen emaitza hoberena eskuratu zuen Erostarbek.
Hegoafrikan lortutako emaitzari esker CS rankingean zortzigarren postuan amaitu zuen iazko itzulia Erostarbek. Lehen mailara igotzeko zorian izan zen, rankingeko lehen bost surflariak baitira CT mailara igotzen direnak. Hala ere, iaz lortu zuen rankingeko zortzigarren postuari esker, aurten CS mailan lehiatzeko plaza ziurtatu zuen; beraz, zirkuitu osoa egin ahal izango du, beste lehiakideren batek plaza hutsa utziko duen edo gonbidapen wildcard bat emango dioten zain egon gabe. Ezin hobeto hasi da.
Azken emaitzak
Sydney iparraldean dagoen Narrabeen hondartzan amaitu zen maiatzaren 14an CS itzuliko bigarren txapelketa. Metro bateko olatu bihurri baina indartsuak izan ziren txapelketan zehar, eta surflarien maila itzela izan zen. Azkenean, Jordan Lawler bertako surflaria nagusitu zen mutilen kategorian eta Isabella Nichols neskenean.
Sydneyn mutilen kategorian bigarren postuan geratu zen lehiakidea Alejo Muniz brasildarra izan zen, eta, horri esker, bigarren postuan jarri da rankingean. Hirugarren postuan Mikey McDonagh dago, eta laugarrenean Jordan Lawler. Bi lehiakide hauek azken bi txapelketetako irabazleak dira.
Mutilen CS rankingean lehen postuan Samuel Pupo dago. Brasildarra CT itzulian zen, baina ez zuen gainditu denboraldi erdiko langa. Postu bategatik ez zuen lortu lehen mailan jarraitzea, beraz, orain berriz ere bigarren mailan lehiatu behar da, denboraldi amaieran lehen 10 postuetako bat eskuratu eta CTra itzuli ahal izateko.
Mutilen kategorian parte hartu ahal duten euskal hiritarren artean dira Kai Odriozola donostiarra, Joan Duru baionarra eta Biarritzen bizi den Tiago Carrique. Odriozola eta Carriquek ez zuten bigarren erronda gainditzea lortu, baina Duru laugarren errondara iritsi zen.
Nesken kategorian, ostera, Sydneyn bigarren postuan geratu zen Erin Brooks gaztea da rankingeko buru. Aurten 17 urte beteko dituen kanadarrak itzuliko lehen txapelketa irabazi zuen Gold Coasten, eta bigarren geratu zen Narrabeenean. Itzelezko maila erakusten ari da Brooks eta, bere gaztetasuna kontuan hartuta, aurrerantzean ere zeresan handia emango duen surflaria da.
Sydneyko garaipenari esker rankingeko bigarren postuan kokatu da Isabella Nichols australiarra, eta hirugarren postuan Sally Fitzgibbons aurkitzen da. Bi lehiakide hauek esperientzia handia dute, azken urteetan lehen mailan izan baitira. Aurtengo denboraldia ere lehen mailan hasi zuten, baina ez zuten lortu denboraldi erdian egiten den sailkapena gainditzea, eta orain berriz ere lehen mailara itzultzeko lehiatzen ari dira CS zirkuituan.
Bestalde, nesken kategorian lehiatu ziren 48 nesken artean zegoen Ariane Ochoa bilbotarra. Lehen erronda lehen postuan pasa zuen, baina ez zuen lortu bigarren erronda gainditzea.