NAIZ

Sindikatuen proposamena «sektore publikoko langileen baldintzak hemen negoziatu ahal izateko»

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek EH Bildu eta Sumarreko ordezkariei eskatu diete «euren botoak Madrilen erabil ditzatela sektore publikoko langileen lan-baldintzak hemen negoziatu ahal izateko», 8/2023 lege-proiektuari zuzenketa edo emendakin bat aurkeztuz.

Sindikatuek Bilbon egindako agerraldia.
Sindikatuek Bilbon egindako agerraldia. (LAB)

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek EH Bildu eta Sumar alderdiei eskatu diete «euren botoak Madrilen erabil ditzatela sektore publikoko langileen lan-baldintzak hemen negoziatu ahal izateko». Zehazki, Kongresuan eztabaidatuko den 8/2023 lege-proiektuari zuzenketa edo emendakin bat aurkezteko eskatu diete. Diotenez, «emendakina onartuz gero, gure herrialdean euskal sektore publikoko 150.000 langile baino gehiagoren enplegua eta soldata hemen erabakitzea ahalbidetuko luke», diote.

Ohar batean azaldu dutenez, astelehen honetan egin dira aldebiko bilerak Bilbon Diputatuen Kongresurako deitutako azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politikoekin. EH Bilduko eta Sumarreko ordezkariek parte hartu dute. EAJk gonbidapenari uko eginez erantzun duen bitartean, Ahal Dugu-Podemos, PP eta PSEk erantzun ere ez dute egin.

Sindikatuek gogoratu dutenez, «hamarkada bat baino gehiago da Madrilek, aurrekontu legeen edo antzeko legeen bidez, esparru publikoko sektore guztietako soldaten eta enpleguaren arloko negoziazio kolektiboari betoa jartzen diola». Egoera honen aurrean, beraien botoak erabiltzeko eskatu diete, «bereziki oso baliotsuak diren une honetan, gure sektore publikoaren soldata eta enplegu-beharrak hemen negoziatzeko, 80ko eta 90eko hamarkadetan egiten zen bezala. Borondate politikoa badago, posible da».

Bestalde, sindikatuek bilerara etortzeko gonbidapenari uko egin dioten alderdiekin biltzeko borondatea berretsi dute. «Nahi duten formatoan eta lekuan biltzeko borondatea, helburu argi batekin, alderdi politiko horiek euskal sektore publikoko lan-baldintzak eta enplegua gure herrian erabakitzeko aldarrikapena bere egin dezaten eta beraien botoak ere erabili ditzatela autogobernua defendatzeko eta betoarekin amaitzeko».

Azkenik,maiatzaren 27an elkarretaratzeak egingo dituztela iragarri dute, Eudelen aurrean, 10.30ean, eta Lakuako egoitzaren aurrean, 11.30ean, «euskal erakundeei eskatzeko Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza huts gisa funtzionatzeari utz diezaiotela, beren eskumenak erabil ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela, pribatizazioak alde batera utz ditzatela, enplegu publikoa sor eta finka dezatela eta euskal herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzen dizkieten langile publikoen lan-baldintzak hobetu ditzatela».