Itzalen dama eta Patxi Bakalluren bigarren abentura liburua ondu du Urtzi Leonetek Iñaki G. Holgadoren ilustrazioekin: ‘Itzalen dama eta Patxi Bakallu, harrizko errementariak’. Europako iparraldeko herrietako mitologia eta euskal mitologiaren arteko lotura egiten duen fantasiazko kontakizuna da, «abenturaz eta desbenturaz beterikoa» Antxiñe Mendizabal editorearen hitzetan.
Elkarreko editoreak Leonetekin lanean hasitakoan zuten xedea gogoratu du Donostiako aurkezpenean: kondaira eta fantasia gustuko duten irakurleek erdaretara jo behar ez izatea, euskaraz eskaintza hori topatzea, alegia. Hasiera batean gaztetxoengan jarri zuten arreta, baina genero honek ez duela «adinik» aldarrikatu du. Bigarren abentura da hau, baina ulertzeko ez da zertan lehenengoa irakurria izan, eta gainera, hasiera aurreko liburuaren laburpena jaso du idazleak.
Leonetek aitortu du fantasiarekiko eta mitologiarekiko zaletasuna betidanik izan duela, baina liburu honen sorburua aitonaren etxean dagoela. «Entziklopedia mitologiko bat zuen, Europako zein beste hainbat herrialdetako istorioak eta pertsonaiak jasotzen zituena. Batek bereziki hunkitu ninduen, iparraldeko mitologiaren inguruan zen, eta ipuin hori izan da honen abiapuntua», kontatu du idazleak.
«Omenalditxoa» egin nahi izan omen dio mitologia nordikoari, eta euskal mitologiarekin aurkitu dizkion loturekin osatu du liburua. Izan ere, euskal mitologiako pertsonaiak eta zenbait kondaira beti daude presente Leoneten lanetan. Hala ere, azpimarratu du bere «bisio partikularra» agertzen duela kontakizunean, baina mitologia baten edo bestearen inguruan gehiago jakin nahi duenarentzak testuan zehar «giltzak» uzten dituela.
Euskal mitologiaren bizileku
Lehenengo liburuko pertsonaiei pertsonaia berriak batu zaizkie bigarren honetan. Jaun Zuria da protagonistetako bat, eta berak oso ongi lotzen omen ditu euskal unibertsoa eta iparraldekoa. Abentura berri honetan ageri den basoan euskal mitologiako pertsonaia asko bizi omen dira: lamia, Mikelats, Mari, Maju Sugar, Gizotsoa, dragoiak… Idazleak aitortu du protagonistekin oso identifikatuta sentitu dela idazketa prozesuan zehar: «Beraiek sufritutakoan sufritu dut, poztutakoan poztu, hunkitutakoan hunkitu…». Eta gaineratu du irakurleak berak idazten bezainbeste disfrutatzen badu bere helburuak betetzat joko dituela.
Leonetek eskuz idatzi du liburua, eta G. Holgadok eskuz egin ditu irudiak, papera eta arkatza erabiliz. «Normalean ilustratzaileok bakarrik egiten dugu lan, ez da oso lan dibertigarria geurea, baina kasu honetan oso dibertigarria izan da, pertsonaia asko daude gainera», azaldu du ilustratzaileak.
Idazlea oso eskertuta dago G.Holgadorekin, berak buruan zuena «hain zehatz islatzeagatik». Irudiei dagokionez, Leonetek azaldu du «bi artelan» daudela; batetik, ilustrazioa, eta bestetik, atal bakoitzaren hasieran dagoen ikurra.
Xelebre eta adin guztientzako mundua
Aldarrikapenetik ere badu Itzalen dama eta Patxi Bakalluren abentura berri honek idazlearen arabera: «Biba xelebreak! egiten dute aldarri, denok dugulako tokia mundu honetan». Eta besteetik, adineko jendeak «errelebantzia» duela liburuan azaldu du Leonetek: «Kotte Zaharra da pertsonaia hori, gauzak erakusteko jakintza biltzen duena». Eta kontatu du, bere bizitzako aitona-amona guztiei keinu bat ere badela.
Idazleak berak kontatu du lehenengo liburuaren erantzuna oso ona izan dela, eta askotan gaztetxoei bideratuta ulertzen den arren fantasiazko mundua, jende helduarengana ere iritsi dela: «Bi adin tarte nagusirengandik jaso dut feedbacka, 12-14 urteko gaztetxoengandik eta 40-50 urteko fantasia zaleengandik». Eta gaineratu du, bere hasierako xedea betetzen ari dela, fantasiazko abenturak irakurri nahi dituztenek euskaraz eskaintza hori izatea.
Aurreratu dute jada hirugarren abenturan lanean dabiltzala, eta irakurlea mota honetako kontakizunen gose den artean, idazten eta marrazten jarraituko dutela.