Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Interview
Mikel Etxaburu
Poeta

«Liburu honekin enpatia eta aitortza ariketa bat ere egiten saiatu naiz»

Aisialdirako leku aproposa egun, ikara eta heriotza gune 36ko gerran. Talka horrek eraginda ekin zion Mikel Etxaburu ondarroarrak ‘Manttalingo alaba’ poema liburua idazteari. Saturrarango kartzelan izan ziren emakume eta haurrek jasandakoa kontatzen du lehenengo pertsonan.

Mikel Etxaburu, eskuartean bere azken liburua duela.
Mikel Etxaburu, eskuartean bere azken liburua duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bosgarren poesia liburua du Mikel Etxaburuk ‘Manttalingo alaba’. Saturrarango kartzelan izan ziren emakumeek eta umeek jasandako ikaragarrikeriak kontatzen ditu lehenengo pertsonan, haien oroitza eta aitorpen gisa.

Bilbo Zaharreko Ziburu tabernan mitzatu da bere azken lanaz eta hura abiaburu prestatu duen ikuskizunaz, besteak beste Saturraranen bertan ikusgai izango denaz.

Izenburua 36ko gerran eraildako neskatila baten baserriaren izena da. Zer dela-eta?

Manttalin Añorgako baserria zen. Hango alabarik txikiena eliza aurrean jolasten ari zela, faxistak Donostiako auzo hartara sartu eta bertan hil zuten. Hura izan zen lehenengo hildakoa beraientzat, han ordu arte ez zegoen holako inpaktu handirik. Eta Manttalingo alaba baliatu dut, hain justu, hasiera bat irudikatzeko, gerraren hasiera. Abiapuntu bat da.

Saturrarango kartzelan gertatutakoaren testigantza askorik ez dago, zoritxarrez bertako informatzaileak oso-oso gutxi geratzen dira. Beraz, dokumentazio lanak beste bide batzuetatik egin behar izan ditut, argitaratutako liburuetatik-eta. Ahotsak.eus ataria ere baliagarri izan zait, Manttalingo alaba bertako komentariotxo bat izan zen, ni horrekin geratu nintzen eta haritik tiratzen saiatu nintzen, baina holako hariak laburrak dira.

Eta literaturaz ari gara. Hau errealitatean oinarritua da, baina fikzionatua, eta nik, noski, lizentziak hartu ditut.

Aspaldi luzeko lotura duzu leku harekin, ezta?

Saturraran, dakizunez, Mutriku bada ere, Ondarroatik oso hurbil dago. Nire bizitzan beti presente egon den tokia da, eta ez soilik hurbiltasunagatik, baizik eta gainera harako joera eduki dugulako ere. Oso gaztetan bertara eramaten gintuzten ikastolatik, halako sari moduan, gaupasa egitera, etxe handi eta zahar eta erdi jausi batera. Gu pozik joaten ginen, eta irakasleek esaten ziguten garai batean hura emakume kartzela izan zela. Gazteegiak ginen ulertzeko benetan zer esan nahi zuen horrek, zer zen kartzela bat, ni behintzat.

«Hain gogoko dudan lekuaren memoria osatzeko asmoz idatzi dut, eta beharbada nire memoria ere ari naiz osatzen»

Noiz erabaki zenuen poema hauek idaztea?

Bada, ez hain aspaldi. Orain dela urte gutxi batzuetatik daukat buruan gaia. Normala den moduan, lagunak, bikoteak, familiak joaten dira kanpatzera, edo autokarabana edo autoa eramaten dute justu kartzela egon zen tokira. Irudi horrek buruan talka egiten zidan, zelan aisirako, ondo pasatzeko eta gustura egoteko toki bat momentu hartan errepresiora bideratua zegoen erabat. Sarritan familia bat edo ume bat bertan jolasten ikusi eta burura etortzen zait zenbat ume ebatsi zituzten justu haurtxo hori jolasten ari den tokian bertan, edo hortxe zenbat emakume egon ziren gatibu, eta haietako batzuk, asko, hil ere bai. Garai desberdinetan baina lur berberean zenbat gauza pasatu diren eta zelan aldatzen diren tokiak.

Kontraesana ere bada?

Bai. Gustura egoten naiz Saturraranen, hori bilatzen dut, baina han nagoenean, karga emozional oso potentea sumatzen dut, eta karga emozional horretatik saiatu naiz idazten. Irakurritakoetatik gauza batzuk hartu ditut, bai, baina batez ere izan da tokitik, esan nezake poema ia denak tokian bertan daudela idatzita. Ez poema amaitu, baina bertan apunteak hartu, bertan sentitu, egon, egon bakarrik.
Tokiek badute memoria, ez dugu ikusten askotan, baina senti daiteke. Sentitzea da norberarekin egotea, tokian egotea eta saiatzea ulertzen zer pasatzen zen hor, preso zegoen emakumearen azalean.

Ez zen erraza izango. Bestalde, zuretzat kartzela ez da arrotza. Horrek erraztasunik eman dizu, edo kontrakoa?

Ez erraztasunik, ezta kontrakorik ere. Gainera, ez dut uste lotu daitezkeenik. Biak dira kartzela, baina ez ditut konparatu nahi. Uste dut zeozer desberdina izan zela hura, gordinagoa, gogorragoa, handiagoa, batez ere beldurgarriagoa.

Lehenengo pertsona erabili duzu, jakina.

Nik ez dakit beste era batera idazten... tira, jakin bai, baina nire taupadak eskatzen dit lehenengo pertsonan idaztea, eta horretarako sentitu behar duzu. Poemak sentitzetik idazten ditut nik, horregatik badira gai batzuk nik landu nahi ditudanak eta ausartzen ez naizenak. Horietako bat da tortura. Ez dakit noiz, nahi nuke horri heldu; hori sentitu eta toki hori okupatu behar dut, eta horrek sufrimendua ekartzen dit, niretzat ez da erraza.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Alderdi literariotik ere zalantzak eduki ditut. Narratu, deskribatu nahi dudan hori emakumea da, eta ni ez naiz emakumea; orain dela hamarkada batzuk gertatutako egoera batean edo ondo-ondo ezagutzen ez dudan batean, inpostore sentsazioa eduki dut behin baino gehiagotan idazte prozesuan. Zilegi da nik lehenengo pertsonan emakume baten ahotsean edo azalean idaztea? Eta erantzunak topatzen saiatu naiz, igual autokonbentzimendua da eta ez da erreala, baina baietz esan dut, zergatik ez, saiakera zintzoa, errespetuzkoa bada?

Ahots horiek isiltasunetik ateratzeak nahiko zilegitasun ematen diola dirudi.

Bai. Ez dugu hitz egin askotan gure etxeetan, bazkalorduetan, honi buruz. Garaikoek ez zutelako hitz egin nahi askok, gerra galduak zailak direlako narratzen, eta gainera sistema, dispositibo oso bat dagoelako antolatuta horiek ez oroitzeko, orrialdea pasatu eta hor geratzeko. Hori gure historiaren parte da, geure zati da eta nik uste dut liburuak badaukala helburu pedagogiko bat ere.
Enpatia ariketa bat ere egiten saiatu naiz, eta aitortza ariketa bat. Ez dakit asmatu dudan, irakurleak esango du.

Poesia zer duzu, adierazpide egokia, erosoa...?

Ez dut neure burua genero horretatik kanpo ikusi. Ez dut ipuinak idazteko tentaziorik, edo narratibarako beste urratsik egiteko. Hau da nire eremua, nik poesiaren bidez ere hitz egiten dut eta nire pentsamendua adierazten saiatzen naiz. Eroso sentitzen naiz hori delako nire barruak adierazteko kanala, ez husteko, barruak husteko psikologoak daude. Zerbait adierazten duzunean, badago intentzionalitate bat, horrekin konektatuko duen pertsona multzo bat ere badagoela ulertuta, antzeko erregistroan mugitu eta ulertuko duena, eta nik horiengan nahi dut pixka bat eragin. Nire buruak, nire eskema mentalak eremu poetikoan funtzionatzen du. Edozein momentutan ateratzen zait irudi bat, sortzen da zeozer. Gainera, gustuko dut idatzikotik gauzak kentzea, eta hori poesia da.

Zure poemok ez daukate izenbururik.

Nire poemak olatu txikiak dira; demagun itsasoa bare eta urdin dagoela, olatutxo bat dator eta badoa, beste bat... barne erritmo bat daukate, barne neurri bat, behintzat saiatzen naiz hari komun bat eduki dezaten, horregatik liburu honetako poemek ez daukate titulurik. Titulua ezarriko banie, nik neuk ulertuko nuke poema hasi eta amaitu egiten dela bere baitan, eta liburuko poemek adierazten dute sekuentzia jarraitu baten modukoa, barea; estridentziarik ez dago, gordin adierazten dira gauzak, baina ez dago estridentziarik, ertz zorrotzik. Dagoena da izugarrizko zuloa, eta zulotik hitz egiten dut.  

«Memoria errepikatu egin behar da eta, behin eta berriz azaldu, kontatu; hori egiten ez bada, ahaztu egiten da»

Itsasoa, aurreko liburuetan bezala, ezinbestekoa duzu.

Ezin da beste era batera izan, ni arrantzale familia bateko semea naiz. Gure aita 12 urterekin sartu zen baxurako txalupa batean eta 61 urte arte egon zen bertan, hil arte. Eta etxean itsasoa bizi izan dugu, haren onak eta txarrak. Normalean itsasoari kantatzen zaionean bere birtuteak kantatzen dira, ez beti, eta nik hemen argi eta garbi adierazi nahi izan dut Saturrarango eremu hori okupatzen duen itsaso zati hori konplize izan dela. Bazekien zer gertatzen zen han, hark eragindako olatuek ezabatu zituztela preso zeuden emakumeek hondartzan idatzitako beren seme-alaben izenak. Bazekien eta isilik, geratu zen, gure herriko asko moduan. Badago hemen itsasoarekiko min bat.
Igual nire memoria ari naiz osatzen, beharbada zati bat falta zitzaidan.

Musikatzeko poesia aproposa idazten duzu, eta oraingoan ikuskizuna antolatu ere bai.

Idazten ari nintzenean ez neukan ikuskizunik buruan, baina egia da erritmo horrek lagundu egiten duela kantu bihurtzeko. Lana berrikusten hasi nintzenean, pentsatu nuen bazeudela melodia politak ateratzeko moduko poemak.

Nerea Zuloaga abeslaria, Jon Gardoki akordeoi jotzailea, Irina Alvarez biolin jotzailea eta zuk osatzen duzue taldea.

Bai, nik irudikatzen nuen garaiko musikarako akordeoia ezinbestekoa iruditzen zitzaidan. Gero, hori norabait eramateko, intziri bat behar zen: biolina. Horrela prestatu genuen ordubeteko emanaldia. Kantuak entzuteko, beren beregi egindako kantuak.