NAIZ
Iruñea

Jauzi.eus, Iruñerrian eskolaz kanpo antolatzen diren euskarazko jardueren bilatzailea

Iruñerrian eskolaz kanpo antolatzen diren guraso elkarteen eta udal ezberdinen eskaintza publikoa jaso eta familiak informatzeko jauzi.eus bilatzailea sortu du Sortzen Guraso Elkarteak. Maiatzaren 29tik aurrera egonen da erabilgarri.

Jauzi.eus bilatzailea aurkeztu dute Iruñean.
Jauzi.eus bilatzailea aurkeztu dute Iruñean. (Sortzen)

Sortzen Guraso Elkarteak, Iruñerrian eskolaz kanpo antolatzen diren guraso elkarteen eta udal ezberdinen eskaintza publikoa jaso eta familiak informatzeko, jauzi.eus bilatzailea sortu du. Guraso elkarteen eskaintzaren kasuan, Jauzi-tik bertatik izena emateko aukera ere egongo da; jarduera zehatz horietarako matrikula epea ekainaren 4tik 14ra izango da.

Proiektu berri honek «eskolaz kanpoko jardueren zabalpena eta izena emateko toki erreferentziala» sortzea du jomuga. Era berean, aisialdirako «euskara hutsezko zirkuituak koordinatzea» bilatzen du eta guraso elkartetako eskolaz kanpoko batzordeei «lana erraztea». Azken hauen jarduera eta hezitzaileen artean ere «kontaktu sare bat osatu» nahi du Sortzenek, ekimen hauek guztiak «gainontzeko auzo eta herrietan ezagutzera eman eta taldeak osatzeko matrikula minimoetara ailegatzen laguntzeko».

Maiatzaren 29tik aurrera egonen da ikusgai jauzi.eus ataria eta ekainaren 4tik 14ra egin ahalko da matrikula guraso elkarteetako jarduera ezberdinetan. «Jauzi.eus guraso elkarte eta udalen eskaintza publikoaz informatzeko sortu da», azaldu dute ohar baten bidez.

Azpimarratu dutenez, guraso elkarteen eskaintzan, 16:30etik aurrerako jarduerak eskolaz kanpoko ikasleei ere irekiak daude, «bertako ikasleen lehentasuna zainduta». «Jarduera guztiak euskarazko murgiltze metodologian oinarrituta daude. Guraso elkarteetako jardueretako begiraleek murgiltzea zaintzeko eta euskara dinamizatzeko formakuntza jasoko dute», adierazi dute.

Oraingoz, bertan agertuko den informazioa Iruñerrira, 3-12 adin-tartera eta eskola egutegiarekin bat datozen jardueretara, hau da, urria eta maiatza artekoetara, mugatuta egonen da.

Amaiur (Iturrama), Bernart Etxepare (Txantrea), Ermitaberri (Burlata), Hegoalde (Arrosadia), Irulegi (Mutiloa), Patxi Larraintzar (Arrotxapea), San Frantzizko (Alde Zaharra) eta San Migel (Noain) eskoletako guraso elkarteek eman dute izena, gaur gaurkoz.

Aisialdiaren garrantzia

«Argi genuen bilatzailean ezer eskaini aurretik ikastetxetan kontzientziazio lana egitea oso beharrezkoa zela. D ereduko azken urteetako soziologia oso anitza da, eta familia guztiek ez dute transmisioaren inguruko beharrezko orientazioa. Horregatik, hainbat ikastetxetan, kanal ezberdinen bidez, familiei aisiaren garrantziaz ohartarazteko kanpaina bat martxan jarri genuen», adierazi du D ereduko Ikastetxeen Federazioak. Nabarmentzen dutenez, euskarazko hezkuntza arautua haurren denboraren %15 da. «Gainontzekoak euskararen transmisio eta garapenean izugarrizko eragina du. Ume guztiek euskara eroso erabiltzeko helburua badugu, etxean eta aisian euskarazko zirkuituak behar ditugu».

Federazioaren hitzetan, «bilatzaile bat sortzearen ideia sortu genuen Euskararen Normalizazio Planaren (ENP) barruan kokatzen da. Plan estrategiko honek helburu garbi bat du Iruñerrirako: D ereduko Ikastetxe bakoitzeko ume guzti-guztiak euskaraz eroso aritzea. Horretarako, filosofia aldatu beharra dago eta ENP-aren logoak adierazten duen bezala, transmisioa 3 adarren batuketaren ondorio bezala ulertu beharra dago: Etxea + hezkuntza arautua + aisia. 3 adar horietan ideia eta proposamen praktiko ezberdinak jasotzen ditu planak», gehitu du.