NAIZ

Amurrioko Udalak «eskualdeko euskarazko komunikabide bakarra ito» nahi duela dio Aiaraldeak

Airaldea Komunikabideak elkarteak salatu duenez, Amurrioko Udalak diru-laguntza kendu dio «inolako jakinarazpenik eman gabe eta hitzarmenaren helburuari bizkar emanez». «Gertaera oso larria eta onartezina zaigu eta egoera bideratzeko eskatzen diogu tokiko erakundeari», adierazi du.

Amurrioko Udaletxea.
Amurrioko Udaletxea. (AIARALDEKO EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA)

Aiaraldea Komunikabideek eta Amurrioko Udalak 2012. urtetik izenpetua eta indarrean zuten euskara sustatzeko hitzarmena alde bakarrez eten du Udalak, «inolako jakinarazpenik eman gabe komunikabideari eta hitzarmenaren helburuari bizkar emanez». Hala salatu du Aiaraldeak eta gogor kritikatu du «eskualdeko euskarazko komunikabide bakarra itotzeko saiakera hau».

Adierazi duenez, «azken urteotan Amurrioko Udalak euskararen biziberritzearen aurka hartu dituen erabakien azken mugarria da»; iaz euskararen teknikari lanpostua udal langileen zerrendatik ezabatzea erabaki zuela gogoratu du. «Presio sozialari esker, Udalak konpromisoa hartu zuen langile baten lanaldi osoa euskara arlora zuzentzeko», adierazi du, eta urtarrilean, urteko aurrekontuak onartzearekin batera, Aiaraldea Komunikabideari diru-laguntza «eten egin zion, egitasmoa itotzeko helburuarekin».

Gainera, kiroldegiaren kudeaketarako lizitazio publikoan bertako langileen euskara profil derrigortasuna kendu zuela gogoratu du, «Udalaren Euskara Planean zehaztuta dagoen arren mota horretako lanpostuetan hizkuntza irizpideak jarri behar direla». Eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin duen hitzarmena 2016tik «izoztuta» dagoela nabarmendu du.

Egoera honen aurrean, Aiaraldeak eskatu du komunikabidearen eta Udalaren arteko bilera «lehenbailehen egin dadila», eta  Udalak komunikabideari dagokion diru-laguntza publikoa «berrezarri diezaiola berehala». Era berean, Amurrioko Udalak «euskararen aurkako eraso guztiak eten ditzala» exijitu du, «eta herritarren ekinbidez jaio eta garatzen diren euskara biziberritzeko dinamika eta proiektuak sostengatu ditzala guztionak diren baliabide publikoak erabiliz». Horrekin batera, eskatu du «Amurrioko Udalak euskararen biziberritzean oztopo izateari utzi eta, instituzio publikoei dagokien bezala, biziberritze prozesuaren zerbitzura jarri ditzala guztionak diren baliabide publikoak».

Eta dei egin die Amurrioko elkarte, enpresa, ostalari, merkatari zein norbanakoei «udalerriaren euskalduntze prozesuan atzerapauso gehiagorik ez onartzeko. Ezinbestekoa da euskararen aurkako erasoak eta oztopoak geldituko dituen osasun hesia osatzea». Zentzu honetan, Aiaraldea Komunikabidearetzat diru-laguntza berrezarri eta beste udalen mailara igotzeko atxikimendu dinamikarekin bat egiteko eskatu dio Amurrioko ehun sozial guztiari.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren elkartasuna

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ere Udalaren jarrera salatu du. Izan ere, «euskararen normalizazioan euskarazko hedabideak ezinbestekoak dira, eta horregatik, gure eskualdeko euskarazko hedabide bakarrak, Aiaraldea Gaur webgunea eta ‘Aiaraldea Hemen’ hamabostekaria, ezinbestekoak dira».

«Euskarazko hedabide bat baztertzea, ekonomikoki itotzen saiatzea edo euskararen normalizaziorako klabea den pieza baten aurka jotzea, euskararen eta euskaldunon aurkako eraso bat da», gaineratu du, eta Aiaraldea hedabidea diruz laguntzea eskatu dio Amurrioko Udalari.

«Aiaraldea Kooperatiba Elkarteari eta bere langileei elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu. Aldi berean, herritarrak deitu nahi ditugu martxan jarriko den sostengu kanpainarekin bat egin dezaten. Euskarazko hedabideen alde, euskararen normalizazioaren alde, hizkuntza eskubideen alde», amaitu du.