NAIZ

Parte Zaharrean Bizik salatu du Udalaren suteen prebentzio planak ez duela «zehaztapenik»

Udalak aurkeztutako suteen aurkako prebentzio plana ez dela aski salatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. Bizilagunen parte hartzerik sustatu ez dutela eta beharrezko zehaztapenik ez dagoela gaineratu dute.

Suteen kontrako manifestazioa Alde Zaharrean
Suteen kontrako manifestazioa Alde Zaharrean (Gotzon Aranburu | FOKU)

Donostiako Udalak pasa den astean aurkeztu zuen Alde Zaharrean sute arriskuari aurre egiteko prebentzio plan berria, horren aurrean, ohar baten bidez adierazi du Parte Zaharrean Bizi auzo ekarteak bere iritzia. Zehaztapenak falta direla, bizilagunen komunitatearekin ez dutela parte hartze prozesurik egin eta itxurakeria salatu dute: «Arazoei aurre egin dienaren itxura egin nahi izan du Udalak, baina ez da sinesgarria ostalaritzako presio-lobbyari men egiten dion bitartean».

Udalak azaldu zuen ostalaritzako establezimenduak 2003 kodearen arabera sailkatu zituela, auzo elkarteak datu horiek eskatu zizkionean iritsi zen lehenengo ezustekoa: «2003 kode hori ez da existitzen, posta kodearekin nahasmena da, eta erabilitako sailkapena Osasun Sailaren ikuskapenen emaitza da. Ikuskapen horien helburua establezimenduen elikagaien higienearen eta segurtasunaren printzipioak betetzen dituztela egiaztatzea da». Eta beraz, suteekin ez duela loturarik salatu dute.

Bigarrenik, udalak plana «bizilagunen komunitateekin» landu duela azaldu zuen, eta hori gezurtatu du auzo elkarteak: «Ez dakigu zer bizilagun-komunitatek hartu duen parte, Udalak ez du Parte Zaharrean Bizi elkarearekin kontatu».

Aurkeztutako prebentzio-planean, dagoeneko indarrean dagoena gogorarazteko orriak eskaintzen direla azaldu du elkarteak. Ikuskapenei dagokienez salatu dute ez dela esaten nork egingo dituen, «argi geratu beharko litzatekeelako ezin direla mugatu osasun-ikuskatzaileek egiten dituztenetara». Auzo elkartearen ustez urteko ikuskapen plan bat ezarri beharko litzateke, eta horreratako behar adina langile izan beharko lituzketela esan dute, «une honetan ez daudenak».

Zehaztapen araubideari buruz ez dela ezer adierazten salatu dute, «legezko betebeharrak badaude baina Udalak, gehiegitan, ez ditu betearazten». Eta azkenik, salatu dute establezimenduetako langileen prestakuntza legezko eskakizuna dela, enplegatzailea behartzen duena, eta ezin dela onartu diru publikoa gastatzea ostalaritzak egin behar dituen prestakuntza-ikastaroak finantzatzeko.