NAIZ

Hiru grebalari feminista deklaratzera deitu dituzte A30ean bidea mozteagatik

Zumaiako Mugimendu Feministako hiru kide deklaratzera deituta daude datorren ekainaren 5ean, azaroaren 30eko greba feminista orokorreko ekintzak direla eta. Urola Kostako Koordinadora Feministak kontzentrazioa deitu du Azpeitiko epaitegiaren aurrean auzi penala bertan behera utz dezatela eskatzeko.

Azaroaren 30eko greba feminista orokorrean Zumaian egindako bide-mozketa.
Azaroaren 30eko greba feminista orokorrean Zumaian egindako bide-mozketa. (NAIZ)

Zumaiako hiru grebalari feminista deklaratzera deitu dituzte hurrengo astean, azaroaren 30eko greba orokor feministako protestak direla-eta. «Desordena publikoa» egozten diete eta eta ekainaren 5ean deklaratu beharko dute Azpeitiko Epaitegian.

Azaroaren 30eko egun osoan zehar zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko ekimen ugari egin zituzten herrian. Eguerdian eta arratsaldean manifestazio nagusiak izan ziren, baina goizaldean hainbat grebalarik Arroako autobideko irteera moztu zuten, peaje aurrean eserialdia eginez. Auto-ilara luzeak sortu ziren Zumaia eta Zarautz arteko autobidean. Bide mozketa honetan bi lagun identifikatu zituen Ertzaintzak.

Bi kide horiek eta hirugarren bat -eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioen informazio-orria bidali zuena- deklaratzera deitu dituzte orain, «desordena» delituak egotzita.

Datorren asteazkenean, hilaren 5ean, deklaratuko dute Azpeitiko epaitegian. Mugimendu Feministak salatu duenez, epaiketak aurrera jarraituko balu, 6 hilabete eta 3 urte bitarteko espetxe zigorrera kondenatu ditzakete grebalari feministak.

Horregatik elkarretaratzea deitu dute ekainaren 5ean 9.50ean epaitegi kanpoaldean, «grebalariei babesa adierazi, prozesu judiziala bertan behera uzteko eskatu eta grebako aldarrietan berretsiz zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde egiteko».