Jon Ormazabal
Interview
Jokin Altuna
Aspeko pilotaria

«Kirolariak jakin behar du oreka ez dela existitzen»

Buruz Buruko finalaren atarian egonagatik, patxada islatzen du Altunak. Ekainean beteko ditu 10 urte profesionaletan eta lasaiagoa dela dio, bidean izandako gazietatik eta gozoetatik asko ikasi duenaren seinale. Entzutera ohituta dagoen loreek, ordea, «ezer gutxirako» balio diotela uste du.

Jokin Altuna.
Jokin Altuna. (Oskar MATXIN | FOKU)

Beste final bat, Jokin. Badu ezer berezitik edo beste bat baino ez da?

Ez, berezia da. Ez dut beste bat bezala hartzen. Asko ari naiz segidan jokatzen, gainera, bolada handia hartuta nago. Txapelketa batzuk badira hasi eta kolpetik dena ondo irten zaizkidanak eta orduan agian ez dituzu hainbeste baloratzen. Txapelketa honetan zailtasunak izan ditut eta horrek ilusio handia ematen dizu, kristoren poza. Berezia da hau delako eta hurrengo bat etortzen bada, ba hura ere hartuko dut ilusio berarekin eta horrek laguntzen dit pixka bat gose hori mantentzen.

Azkenak txapelketa zailak izaten ari dira, Lau eta Erdikoan sorbaldaren kontua, Binakakoan lesioak, honetan oso gaizki hasi zinen...

Halaxe izan da, baina oso zailak dira denak. Gainera, buelta ematen badiot, da ni ere jakitun naizelako zaila dela. Pentsatuko banu erraza dela edo egiten ari naizena normala dela, ez nioke buelta emango. Lasoren aurka galdu nuenean, Zabaletaren aurka jokatzerako, kontziente nintzen kanpoan geratzea banuela eta, eliminatua banintzen, ez nuen hartzen inolako tragedia bat bezala. Gauzak horrela hartzen badituzu, ezin diozu buelta eman. Gauzak erlatibizatzen saiatzen naiz, gauzak lortutakoan  ere nahiko lasai mantentzen naiz.

Kolpe handia izan zen Lasoren aurka ez galtzea bakarrik, baizik horrela galtzea?

Kolpea baino gehiago, ikusi nuen zerbait egin nahi banuen, asko hobetu behar nuela. Ez pilak jarri, baina Binakakoa ere hiru aste lehenago amaitu zen, kristoren paliza hartu nuen, gero astebete gaixo eman nuen eta kosta egin zitzaidan buelta ematea. Bera Joanesen kontra hil ala biziko partida irabaztetik zetorren, txapelketa barruan zegoen %100ean. Bera oso oso ondo  zegoen eta ni ez nintzen gai izan bere intentsitate horri buelta emateko.

Egun txar bat ere ez dizugu barkatzen. Horrela da?

Aste horretan bai egin zitzaidala harrigarria, zuk ez, baina beste egunkari batek, nola egin zituen elkarrizketa batzuk beste garai bateko pilotariei nigatik galdezka. Partida hori galdu egin nuen, baina ez dakit nola esan, ez diot ematen aparteko garrantzirik horri. Loreak ere ez zaizkit asko gustatzen; kanpoko gauzek badakit nola funtzionatzen duten, Artolaren kasuan bezalaxe. Artolari buruz batzuek nola hitz egiten zuten orain dela urtebete eta orain nola hitz egiten aritu diren... kirolean oreka ez da existitzen eta iruditzen zait gaurko gizartean ere, gero eta gutxiago. Kirolariak hori jakin egin behar du.

Oreka bilatu behar duzu zure eguneroko lanean, zure inguruan... Horrelako egur bat hartzen duzunean, entzun zure entrenatzaileari, zurekin dagoen jendeari, baina hortik aparte, zure lanean zentratu eta esandakoa, ez zait gehiegi gustatzen kritika, baina loreek ere ez zait iruditzen on askorik egiten dutenik.

Jakin izan zenuen egoerari buelta ematen.

Bai, bigarren partida garrantzitsua izan zen eta bigarren hura jokatu eta gero bi aste oso izan nituen eta oso garrantzitsuak izan ziren, ze banekien partida izugarri gogorra izango nuela Darioren aurka. Gainera, aurreko bi partidak, onerako eta txarrerako, segituan amaitu ziren eta oraindik partida gogor bat jokatzeke. Darioren alde, esan, badakidala  hurrengo urteetan tokatzen bazait, edo beste edozeini, haren kontra ez duela inork lasai jokatuko, ze igual txapelketa hasieran faboritoetan ez da agertzen, baina sekulako maila du buruz buru eta partida nik uste oso ona izan zela.

Posible da ondo noiz egon planifikatzea?

Ezin dut neurtu. Izango banu denboraldiaurre bat egiteko aukera... azken denborak oso intentsuak izaten ari dira bai fisikoki, bai mentalki. Denbora guztian emozio asko, eta ez da erraza gorputzak nola erantzungo dizun jakitea. Urtean zehar, txapelketa batean zehar ere, momentuak dituzu.

Artolaren aurka dirua alde ez zenuela jokatu zenuen eta hori ez da askotan pasatu.

Hala da, Darioren aurka irabazi nuenean ere arnasten zelako justu irabazi nuela. Eta hala izan zen, eta Dariok asko jokatu zuen, baina nire partidagatik inork ez zuen ezer esaten. Ulertzen al didazu zer esan nahi dudan? Berak sekulakoa  jokatu bai, eta galdu egin du, eta bere aurkariak ere zerbait egingo zuen ba? Ez, bere aurkariak justu irabazi zuen eta hor esaten duzu, «justu?». Horrek noski indarra ematen dizula, eta horregatik esaten dizut Dariori irabazteak, berak halako partida eginda, kristoren konfiantza eman zidan.

Eta gero, hurrengo astean zentratu nintzen errekuperatzen, eta askotan hala izaten da, aurreko igandean sekulako egurra hartu eta gero, uste baino hobeto errekuperatu eta kristoren sentsazio onak.

Artolaren aurkako lehen tantoko ezker besagain hura ere, ezkerretik ezkerrera, ez genuen ikusi ordura arte.

Hori da. Ez duzu jakiten baina partida horretan, hasieratik, pilota bizi ateratzen zitzaidan, ezkerrarekin ere bai. Nik nabari dut, lesioa izan nuenetik, eta medikuak ere esan zidan garbi, besoak indar asko galdu zuela beste besoarekin konparatuta. Esan zidan denbora pasako zela errekuperatzeko eta oraindik ere ari naiz ariketak egiten  eta oraindik nabari  dut ez dudala lehengo indar hori dena besoan. Urtean zehar nabaritu egin dut; ez da izan lesionatu, geratu eta errehabilitazio bat egin nuela; zuzenean  berriz ere txapelketan sartu nintzen eta horrela ez duzu askorik errekuperatzen. Besoko bizitasun hori lehengo partidara arte; errematerako garaian agian pixka bat bai, baino ez dut izan. Nire ezaugarria da kantxa erdian ezkerrarekin agintzea, kantxa dominatzea, eta Artolaren aurka hala egin nuen eta horregatik mugitu nuen asko bera, eta ez nion utzi eroso jokatzen.

Hamar urte egingo dituzu laster profesionaletan, balantzea, uste baino hobea?

Bai, bai, askoz hobea. Baina horrek ez du esan nahi konformatzen naizenik; atzera begira ez nago inongo momentutan. Bai da niretzat urte berezi bat aurten hamar egiten ditudalako eta une oso onean aurkitzen naizelako baina, esandakoa, oraindik urte onak ditut eta gehiago nahi dut.

«Lehen emozionalagoa nintzen, gauzek eragin egiten zidaten, asko, gauza onak niretzat kristoren txutea izaten ziren, baina emaitza txarren bat edo kolperen bat hartzen nuenean, oso behera egiten nuen»

Zertan aldatu zara gehien?

Ez dakit. Lasaiagoa naiz agian. Barrutik eramaten dut nik ere nirea, baina lasaiagoa naiz. Onerako diren emozioek askotan kalte egiten dizute eta alderantziz ere bai. Lehen emozionalagoa nintzen, gauzek eragin egiten zidaten, asko; gauza onak niretzat kristoren ‘txutea’ izaten ziren, baina emaitza txarren bat edo kolperen bat hartzen nuenean, ba oso behera egiten nuen. Iruditzen zait askoz kirolari orekatuagoa naizela orain, eta nire burua ere gehiago ezagutzen dut, hobeto sentitzen naiz, gauza askotan hobetu dut eta nik uste, denok bezala, 38 urterekin ere, ez dut uste 28koa izango naizenik.

Fisikoki ere aldea nabarmena da. Artolaren aurkako lau eta erdiko lehen final hartan fisikoki irabazi zizun.

Ni hor Artolaren aurka ezin nintzen lehiatu momentu horretan. Ez zen hobeto edo okerrago jokatzea; nik nabari nuena zen, afizionatuetan agian gutxixeago materiala suabeagoa zelako, baina profesionaletan hasi ginenean, aurreneko urtean edo, ezin nuela. Gero urtebetera edo, lau eta erdikoan lehen aldiz irabazi nion eta hasi nintzen pixka bat goraka. Fisikoki asko hobetu dut, noski; urte dezente daramatzat urte guztian lehiatuz, udan deskantsurik gabe. Oso gustura nago eta oso ondo sentitzen naiz.

Eta hamarkada honetako kolperik handiena?

Puf, izan ditut. Ez dakit, Oinatzen aurka 7an geratu nintzen hartako hura adibidez. Olatu batean nengoen, ez dakit nola esan. Artolari irabazi lehen aldiz, Aritz Lasari irabazi nion, Aimar Olaizolari irabazi... dena lorea, esan dizudana, eta erlaxatuegi. Akordatzen naiz Oinatzek kristoren partida egin zuela eta gorenean egotetik kolpetik sekulakoa eraman nuen.

Erik Jakaren aurkako partida galdu zenuenean ere oso abailduta ikusi zintugun?

Bai. Ze lehen txapela, 22 urterekin, ez nuen espero. Espero nuen inoiz txapeldun izatea, baina 22 urterekin ez. Gainera, partida guztietan aurkaria faborito zen, bai Urruti, bai Ezkurdia... ezustekoa izan zen.

Gero, bai, txapelketa horretan gogoratzen naiz covid garaia zela eta banekien Buruz Burukoa eta Lau eta Erdikoa errekuperatu egin behar zirela geroago eta saiatu nintzen kristorena, etxean erabat entrenatzen; buruan bi txapelketa horiek nituen. Gainera, orduan irabazteko gai ikusten nintzen. Ez zen lehen aldian bezala. Eta, askotan, helburua jartzen duzunean eta erabat itsututa lortu nahi duzunean... Finalean ere horrela, faborito nintzen eta joan nintzen seguru, nire partida egiten banuen irabazi egin behar nuela; ez irabaztea neukala, irabazi egin behar nuela. Gero partida hasi eta atzetik, ‘ostras, galdu egingo dut’, partida bera mentalki desastrea izan zen niretzat, sufrikario bat; bukatutakoan hustuta nengoen. Baina horrela sentitzen zarenean zuk duzu errua; horrela sentitzen zara gauzak behar bezala ikusten ari ez zarelako.